}

Ozono geruzaren larrialdia

2000/08/31 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Antartikan jaso berri dituzten datuek egoera kezkagarria dela adierazten dute

Ozono geruza oraindik murrizten ari da. Meteorologoen nazioarteko erakundeak, WMOk, abuztuan plazaratutako txostenek kezkatzeko datuak eman dituzte. Izan beharko lukeen ozonoaren % 30 galdu egin da. Antartikako baldintza naturalek arazoa nola larritzen duten azaltzen dute txostenek. Hala ere, Antartika ez ezik, inguruko lurraldeak ere aztertu dira. Ez da erraza denetarako azalpenak ematea, baina egoera larria dela nabarmena da. Ozonoa suntsitzen duten molekulak isurtzea kontrolatzea lortu bada ere, ozono geruzaren murrizketa ez da geratu.

Azken urteotan hitzarmenak sinatu eta neurriak hartu dira estratosfera babestu nahian. Guztiz izan ez bada ere, CFC (ozonoa suntsitzen duten molekula ospetsuak) isurtzea kontrolatu da. Hala eta guztiz ere, ozono geruzaren murrizketa ez da geratu. Azken txostenen arabera, 1964-76 tartean zegoen kontzentrazioaren % 30ak bakarrik irauten du gaur egun. Zientzialariak oso kezkatuta daude emaitza horrengatik.

Behaketak eta neurketak nazioarteko meteorologoen elkarteak egiten ditu (World Meteorological Organization, WMO). Horretarako Lurrean kokatutako estazio bereziak eta sateliteak ditu martxan. Nonbait, oso garai egokian gaude egoerari buruzko gogoeta egiteko.

Hilabete honetan WMOk jaso diren azken datuak aipatzen dituzten bi txosten kaleratu ditu. Txostenak www.wmo.ch web orrian eskuragarri daude. Lehenengoa hilaren 11n argitaratu zen eta datu kezkagarriak ematen zituen. Bigarrena, 25ekoa, aurrekoa eguneratzeko idatzi zen. Egoera oraindik larriagoa da.

Sateliteak itsu

Ozonoaren kontzentrazioa neurtzeko sateliteek argia behar dute. Lehen txostena prestatu zenetik eguzkiak argitutako zona zabaldu da eta datu gehiago jaso ahal izan da. Gainera, Antartikako lau estazioko datuak bildu dira, Dumont d'Urville frantziarrarenak, Mirni errusiarrarenak, Syowa japoniarrarenak eta Vernadski ukrainarrarenak. Bertako emaitzetatik ateratako ondorioa da duela 30 urteko egoeratik hona murrizketa % 20-35 bitartekoa dela. WMOk eman duen datu orokorra % 30 da.

Antartikatik gertu dauden beste hainbat instalaziotako datuak ere bildu dira eta, murrizketa hain handia ez bada ere, egoeraren adierazgarritzat jo daitezke. Adibidez, Patagoniako Ushuaiako behatokian % 20ko murrizketa neurtu da. Behatoki horiek eguzkiaren argia jasotzen duten Antartikaren inguruan daude.

Zientzialari batzuen itxaropena eguzkiarekin zerikusia du. Bere erradiazioaren aktibitateak 11 urteko zikloa du. Hain zuzen ere, aurten ziklo horren maximoa dugu. Lurra jasotzen ari den erradiazioa ozonoaren suntsitze abiaduraren erruduna izan liteke. Beharbada ez. Urte batzuetako epean ikusiko da.

Urteko tenperatura baxuenak jadanik izan dira. Hemendik aurrera, zientzialariak udaberri australaren zain daude. Zorionez, estratosfera pixkanaka berotuko da eta hodei horiek desegingo dira. Negu oro izaten dira baldintza horiek Antartikan. Prozesu naturala da. Pentsatu behar da, ordea, molekula klorodunak zeinek sortzen dituen. Une egokia benetan, gogoeta sakona egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia