}

Ozono-geruza: hobeto, baina larri

2002/09/16 Elhuyar Zientzia

Txosten berri batek aditzera eman duenez, berreskuratzen ari bada ere, ozono-geruzak oso sentibera izaten jarraituko du hurrengo hamarkadan gutxienez, estatuek nazioarteko itunak bete arren.

Txostenaren laburpena Nazio Batuen Ingurumen Programak aurkeztu du gaur, Munduko Meteorologia Elkartearekin batera, ozonoa babesteko nazioarteko egunean.

Txosten osoa heldu den urtean egongo da eskuragarri, baina hainbat datu aurreratu dituzte dagoeneko. Esaterako, estratosferan, atmosferako goi-geruzan, ozonoa suntsitzen duten gasak maila altuenean daude une hauetan, eta, beraz, baita gizakiak eragindako asaldura ere. Baina, aldi berean, datuek erakutsi dute poliki baina etengabe gizartea ari dela ozonoaren alde lanean. Izan ere, atmosferako behe-geruzetan geroz eta konposatu kimiko suntsigarri gutxiago dago. Dena dela, ozono-geruza Antartikako zuloa agertu aurreko egoerara itzul dadin, Montrealgo Protokoloan adostutako neurriak zorrozki bete beharko direla gogorarazi dute. Inork guardia jaisterik ez dute nahi.

1987an Montrealgo Protokoloa sinatu zenetik, Nazio Batuek sistematikoki egin dituzte halako txostenak. Aurtengoa lauko serie bateko azkena da eta 1998tik hona jasotako datuak biltzen ditu. Protokoloa betetzearen garrantzia berresteaz gain, txosten horretan ozono-geruzaren eta klima-aldaketaren arteko loturari buruzko azterketak egin dira. Bi fenomeno horien artean harremanik ba ote dagoen ez dago batere argi; txostenean adierazi denez, berotegi- efektua sortzen duten gasek eragin positiboa zein negatiboa izan dezakete estratosferan eta ozono-geruzan. Ezer gutxi dakite, beraz.

Informazio osagarria:

Nazio Batuen Ingurumen Programa: ozonoaren eguna

Txostenaren laburpena
Nazio Batuen Ingurumen Programa: ozonoa
Ozono geruza, planetako klimaren termometroa
Zergatik dago ozono-geruzaren zuloa Hego Poloan?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia