}

Ozeanoan barna bidaia berria

2001/02/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Munduko eskualde denak gero eta gehiago ikertu eta ezagutzen dira, baina, hala ere, oraindik asko dago ikasteko; adibidez, ozeanoetako mugimenduak eta bizia ez dira ongi ezagutzen. Hala ere, interes handiko arloa denez hutsune hori betetzeko asmoarekin, 1995ean 30 ozeanografok, informazio meteorologikoarekin egiten den bezala, itsasoari buruzko informazioa jasotzeko proiektu berri bat plazaratu zuten. 30 ozeanografo frantsesen ideia, Mercator deituriko proiektuaren bidez garatuko dena, itsasoari buruzko uneko informazioa eskainiko duen sistema sortzea da. Asmoa, Meteosat sateliteak informazio meteorologikoa ematen duen bezala, itsasoari buruzko informazioa ematea da. Besteak beste, gazitasun-maila, 200 m-ko sakonera arteko tenperatura eta altimetriaren inguruko datuak -goiti-beheitiak- neurtuko dira.

Esan bezala, proiektuaren ideia 1995ean sortu zen, baina 1997 arte ez zuen garapen-faserik ezagutu. Urte horretan, Frantziako sei erakundek beren interesa azaldu zuten eta aurten jarri da martxan. Izan ere, urtarrilean, asteko lehen informazio-sorta ematen hasi ziren. Proiektuan parte hartu duten sei erakundeek, Cnes, CNRS, Ifremer, IRD, Météo France eta Shomek, itsasoaren kudeaketarekin zerikusia dute.

Hasiera batean, Ipar Atlantikoko behaketak bakarrik egingo dituzte 30km-ko bereizmenarekin. 2002ko urtarrilean, europar itsasoetan bereizmen handiagoarekin lan egiteko sistema hobe bat inauguratuko da eta, gerora, mundu mailako elkarlana areagotzean, itsaso guzietako informazioa jaso ahal izango da. Horretarako, 2003. urterako Godae (Global ocean data assimilation experiment) proiektua jarriko da martxan.

Proiektua arrantzarako eta itsas ondasunak egokiro kudeatzeko erabiliko da, baita barne-arazoetarako ere, besteak beste, urpekoen komunikazioa hobetzeko. Météo France-k informazio meteorologiko konplexuagoa eskaintzeko asmoarekin, itsasoari buruzko informazio hori bere orrialdeetan ere sartzeko asmoa agertu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia