Kretazeoaren amaieran ozeanoak nolakoak ziren argitu dute
2025/09/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nazioarteko ikertzaile talde batek, EHUko mikropaleontologoen parte hartzearekin, frogatu du Kretazeoaren azken milioi urteetan kontinenteak berrantolatu egin zirela, eta horrek aldatu egin zituela gazitasun- eta tenperatura-ereduak, baita ozeanoen arteko loturak ere. Zientzialarien esanean, gainera, egoera horrek zenbait antzekotasun ditu egungo egoerarekin. Izan ere, Groenlandiako eta Artikoko izotza urtzen ari da, eta horrek sortzen duen ur gezaren korronteak ondorioak izan ditzake Ipar Atlantikoko korrontean, zeinak Europako klima baldintzatzen baitu.
Ikerketak agerian utzi duenez, Kretazeoaren amaieran, Artikoa ibaietatik iritsitako ur gezaren deskarga handiak jasotzen hasi zen. Aldi berean, Erdialdeko Amerikako itsas igarobidea pixkanaka itxi zen, eta horrek Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko lotura ahuldu zuen. Ozeano Artikoa, berriz, Groenlandia–Norvegia itsasartearen bidez baino ez zen komunikatzen gainerako ozeanoekin. Horren guztiaren ondorioz, ozeanoen zirkulazio globala aldatu egin zen, eta ur ez hain gaziak ur-masa trinkoagoen gainean geratu ziren, nahastu gabe. Alegia, ozeanoen estratifikazio bertikala gertatu zen. Prozesua bereziki nabarmena izan zen Artikoan, Ipar Atlantikoan, eta antzinako Tetis ozeanoan (gaur egun Mediterraneo itsasoa).
Ikertzaileek azaldu dutenez, itsasoaren gazitasuna eta tenperatura faktore erabakigarriak dira itsasoko bizitzarako: fitoplanktonaren eta zooplanktonaren ugaritasuna baldintzatzen dute, eta ozeanoaren eta atmosferaren arteko oxigenoaren eta karbono dioxidoaren trukea erregulatzen dute. Ikerketaren arabera, duela 66 milioi urte Chicxulub asteroideak Yucatan penintsulan (Mexiko) talka egin izan ez balu, joera horrek ingurumen-krisi larria eragin zezakeen, oxigeno faltagatik ozeanoetako ur sakonetan.
Ondorio horietara iristeko, mazioarteko lantaldeak eredu klimatiko aurreratuak erabili ditu, analisi mikropaleontologiko eta geokimikoekin batera. Zehazki, Groenlandiako, Norvegiako, Barents itsasoko, Atlantikoko, Mediterraneoko eta Karibe itsasoko sekzio estratigrafikoetako eta putzuetan egindako zulaketetako foraminifero planktonikoen (zooplanktoneko protozooak) eta dinoflagelatuen (fitoplanktoneko algak) mikrofosilak aztertu zituzten.
Aztarna mikroskopiko horiei esker, zehaztasun handiz berreraiki ahal izan dira Maastrichtiarreko (Kretazeo garaiko azken etapa) itsasoetako gazitasun, tenperatura eta oxigenazio aldaketak. Garai hura duela 72 eta 66 milioi urte artekoa da, gutxi gorabehera.
Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta ohartarazi dute aldi hartako bilakera ulertzea lagungarria dela orain gertatzen ari dena ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia