Ozeanoak behatzen, klima-aldaketaren zeinuen bila
2007/11/01 Fischer, Albert - UNESCO--IOC Programako aditua eta ozeanografia-ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez da denbora asko azal azpiko ozeanoaren behaketak seriotasunez egiten hasi zirela: Bigarren Mundu Gerraren ondoren ekin zioten, eta itsas zirkulazio handia zuten guneetan kontzentratu ziren; esaterako, Ipar Atlantikoan. Dena den, historia hori nahikoa luze da azal azpiko tenperaturen joerak arrazoizko ziurtasun-maila zientifikoarekin kalkulatzeko.
Hain zuzen ere, gizakiak eragindako klima-aldaketaren froga garbiak bilatzeko gune egokia da azal azpiko ozeanoa. Izan ere, klima-sisteman aldaketaren bat gertatzeak, adibidez, berotegi-efektuko gasek eragindakoa, oreka berria aurkitzera behartzen du klima-sistema osoa: Lurra beroago dagoenez, bero gehiago isurtzen du espaziora, konpentsatzeko. Aparteko bero hori ozeanoek xurgatzen dute batez ere. Bestalde, azal azpiko ozeanoak ez dute gainazalekoek bezainbat 'zarata' --eguraldiak eta urtaroek eragiten diote gainazalari--, eta, beraz, lehen horietan daude klimaren epe luzeko aldaketaren seinale argienak.
Ozeanoek emandako froga eztabaidaezina
2005eko uztailean Science aldizkarian argitaratu zen artikulu batean, Tim Barnett-ek eta haren lankideek erakutsi zuten azken 40 urteetan ozeanoetan behatutako berotzeko joera ezin dela azaldu aldakortasun naturalaren bidez; aitzitik, joera horrek argi eta garbi bat egiten zuen gizakiak kliman duen eragina kontuan hartzen duten klima-iragarpenekin. Hala ere, aurkikuntza hori ez zetorren bat beste leku batzuetan egindako neurketekin.
Edonola ere, azterketak fidagarritasuna eman die ereduei, lurra, ozeanoa eta atmosfera barne hartzen dituzten klima-ereduek klima-aldaketa simulatzeko duten gaitasunari dagokionez. Hein handi batean, dagoeneko ez da zalantzan jartzen giza jarduerak klima-aldaketa eragin duela. Argitzeke dago, ordea, zehazki nola aldatuko duen.
Hain zuzen ere, galdera horiei erantzun nahian ari da Munduko Klima Ikertzeko Programa (WCRP). Programa hori UNESCOren Gobernuen arteko Ozeanografia Batzordeak (IOC), Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) eta Zientziarako Nazioarteko Kontseiluak (ICSU) babesten dute. Haren xede nagusia da klima-sistemaren iragargarritasunaren mugak eta gizakiak kliman duen eraginaren mugak zehaztea.
Zientzialarientzat zaila da, oraindik ere, gizakiak eragindako klima-aldaketa eta klima-aldakortasun naturala bereiztea. Izan ere, klima-aldakortasuna bera aldatzen ari dela ematen du: 'ohiko' eguraldiaren eremutik kanpoko gorabeheren muturrak gehiago aldentzen dira bata bestetik. Klima-aldaketaren adierazle da hori. Testuinguru honetan, WCRPren klima-aldakortasunari eta iragargarritasunari buruzko proiektua lagungarria da muturreko egoera klimatikoak hobeto iragartzeko, eta horien eredu hobeak egiteko --egun, hilabete eta urteen denbora-eskaletan--.
Ozeanoak behatzea, horiek ulertzeko
UNESCOren Gobernuen arteko Ozeanografia Batzordeak (IOC) eta haren abangoardiako programak, GOOS, ozeanoen behaketa jarraitua egiteko ardura daukate Nazio Batuen baitan. IOCeko aditu-talde batek (OOPC) laguntzen du GOOSen 'klima globala' kontzeptuaren arauak eta helburuak definitzen, eta sistema kontrolatzeko eta ebaluatzeko tresnak zehazten.
Horrekin batera, Munduko Meteorologia Erakundearekin ozeanografia eta itsas meteorologiaren batzorde tekniko batean (JCOMM) parte hartuz, IOC era aktiboan ari da sare globalak koordinatzen, in situ (uretan) plataformak kudeatzeko Tolosan (Frantzia) dagoen zentro baten bidez (JCOMMOPS). Zentro horrek, etengabe, milaka baliza, itsasontzi eta buia --finkoak nahiz jitoan daudenak-- kontrolatzen ditu, eta datu ozeanografikoak ematen.
In situ sare horien artean, Argo buien sarea da azkarren hazten ari dena. Ozeanoa neurtzeko tresna robotizatu eta automatikoak dira Argo buiak, eta ozeanoan 2 km-ko sakoneran ezartzen dira. Hamar egunetik behin, kanpoko tanga batera olioa ponpatuz, gainazalera igotzen dira. Goranzko bidean, tenperaturari eta gazitasunari buruzko informazioa biltzen dute (zenbaitek oxigenoa ere neurtzen dute), eta, gainazalean daudenean, informazio hori satelite bidez transmititzen dute.
2005aren amaieran, lau urteko epean, Argo proiektuak 2.000 buia baino gehiago zituen barreiatuta, hasierako helburuaren (3.000 buia) bi heren; hots, 100.000 km 2 -ko ia buia bat (buiek lau urteko biziraupena dute. Lau urteren buruan bateriak agortzen direnean, buiak ezin dira igo gainazalera; eta, asko hondoratu egiten dira). Argo buiak mundu guztiko ozeanoetan barreiatu dira, 20 herrialde parte-hartzaile baino gehiagoren ahaleginei esker. Eta zenbait lekutan, buiek azal azpiko ozeanoaren informazio gehiago ematen dute urtebetean, Argo jarri aurreko historia osoan baino.
Bestalde, gainazalean jitoan egoten diren buiek munduko gainazaleko lasterren bidea egiten dute, eta hainbat datu ematen dituzte gainazalari buruz: tenperatura, lasterrak eta, askotan, presio barometrikoa. Itsas gainazalaren tenperaturari buruz sateliteek egindako kalkuluak egiaztatzeko datu errealak ematen dituzte buia horiek, eta ozeanoaren gainazaleko lasterren lekuko onenak dira --haizeak eta ozeanoetako zurrunbiloek gidatzen dituzte haiek ere--. Halaber, eguraldiaren iragarpenak hobetzen dituzte, gainazalaren presioaren berri emanez.
OOPCk (UNESCOren Gobernu arteko Ozeanografia Batzordearen aditu-taldea) 300.000 km 2 -ko buia bat izatea zuen helburu; hau da, guztira 1.250 buia izatea jitoan. 2005eko irailean bete zen helburua: 1.250. Global Drifter buia jaurti zuten ekitaldi berezi batean, Halifaxen (Kanada). Ozeanoa in situ behatzeko ezarritako sareen artean, jarritako helburua bete duen lehenengoa izan zen; gertaera gogoangarria, benetan.
Dena den, zientzialariek ezin dute garaipena aldarrikatu, eta besterik gabe etxera joan. Jitoan dauden buien sarea etengabe berritu behar da, buiek huts egiten baitute, eta urrundu egiten baitira lasterren dibergentzia-eremuetatik. Gainera, ozeanoa in situ behatzeko sare globalaren plangintzaren % 55 inguru baino ez da osatu (buiek, hargailuek, prospektoreek, mareografoek eta borondatezko zein ikerketarako itsasontziek osatzen dute).
Zientzialariak ozeanoetan barrena paseatzen
Buiez gain, itsasontziek ere parte hartzen dute ikerketetan. Skogafoss merkantzia-ontzia, 100 metro luze den kontainer-kargaontzia, hilero itsasoratzen da Reykjavikeko portutik (Islandia). Arrain izoztuz betetako kontainerrak garraiatzen ditu Ipar Ameriketara. Handik bi astera itzuli, eta bidaia berbera egiten du, urtea joan eta urtea etorri. Ipar Atlantikoan itsasontzi-ibilbide iparraldekoena hartzen du, eta, udaberri betean egon arren, Labradorko Lasterrak hegoalderantz eramaten dituen icebergak saihestu behar izaten ditu.
Opari ederra da hori zientzialarientzat, ikerketarako ontzi modernoak oso garestiak izaten baitira. Erregaia, mantentze-lanak eta 3-8 laguneko taldea (bitarteko ofizial, ingeniari eta marinelen taldea) ordaintzeko, egunean 20.000-50.000 dolar behar dira. Ontzi boluntario horiek, halaber, jitoan dauden gainazaleko buiak eta Argo buiak hedatzeko eragilerik garrantzitsuenetako bat dira, behaketa-sareko hutsuneak betez joaten baitira, agertu ahala.
Informazio globala, erabaki lokaletarako
Klima zaintzeko, iragartzeko eta ikertzeko diseinatu zen GOOSen osagai globala, baina eguraldiaren eta itsas egoeraren iragarpena hobetzen ere laguntzen du. Ozeanoei buruzko datuak (gaur egun 70 herrialde inguruk ematen dituzte) era koordinatuan kudeatzen eta hedatzen ditu, eta, horietan oinarrituta, ozeano- eta klima-ereduak sortzen dituzte, baita beste zenbait produktu ere. Esaterako, IOCek funtzio garrantzitsua du arrisku naturalen mundu osoko alertak koordinatzen, batez ere tsunamiei dagokienez. Izan ere, askotan, alerta-sistemak elikatzen dituzten behaketa-plataformak berberak izaten dira: lotutako buiak eta mareografoak erabiltzen dira, bai klima behatzeko sistemetan eta bai tsunamiak behatzekoetan.
Hala ere, estatuen konpromisoa ez da behar den bezainbestekoa. Lurraren hain zati handia estaltzen duten munduko ozeanoak nazio guztien ondarea dira. Ia herrialde guztiek dute --aberatsa nahiz pobrea izan-- atmosferaren iragarpenak egiten dituen meteorologia-agentzia nazional bat; oso gutxik dute, ordea, ozeanoak behatzeko ozeanografia-agentzia bat, eta are gutxiagok munduko ozeanoak behatzeko agindua.
Ozeanografia-ikertzaileen etengabeko lanari esker eraiki ziren ozeanoa behatzeko sareak. Nolanahi ere, sarea izateak berak arazoak sortzen ditu; adibidez, azal azpiko lasterrak neurtzeko tresnek hamar urte baino gehiago daramatzate Atlantikoko zirkulazio termohalinoa kontrolatzen; baina horietako batzuk ez dituzte berrituko, ikerketa-agentzia nazionalek nahiago baitute zerbait berria sortu. Zaintza hori amaitu ostean, ez da beste ezer egongo hutsune hori betetzeko.
Epe luzeko aurreikuspen urria
Munduko gobernuek ez dute konpromisorik hartzen behaketak etengabe egiteko, epe laburreko ikuspegia dutelako. Politikariak oso makal dabiltza gizakiak sortutako berotegi-efektuko gasen arazoaren aurrean, baina argi eta garbi dago klimak aldatzen jarraitzen duela, eta aldaketa hori azkartu ere egin daitekeela.
Behaketa eta ikerketa zientifikoa ezinbestekoak dira klima nola aldatuko den ulertzen laguntzeko, klima lokalen epe laburreko aldaketei buruzko iragarpenak hobetzeko, ozeanoen kimika eta ekosistemak aldatzeko moduari buruz dugun ezagutza urria hobetzeko, eta munduko gobernuei eta herritarrei ezagutza hobea emateko, etorkizunean erabakiak har ditzaten.
Inoiz izan ez duen asaldura eragin dio gizakiak Lurreko klimari. Ondorioei aurre egitean, beharrezkoa izango da ahal dugun informazio gehiena biltzea.
Informazio xeheagoa lortzeko:
http://ioc.unesco.org/iocweb/climate-Change
Iturria: UNESCO. "Watching the oceans for signs of climate change", A World of Science, 4. bol., 1. zk, 2006ko urtarrila-martxoa (http://www.unesco.org/science/)
UNESCOren baimenarekin Elhuyarrek itzuli eta moldatutako artikulua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia