Ozeano Atlantikoa hiru egunean
2001/12/13 Elhuyar Zientzia
Gaur egun, Ozeano Atlantikoa alderik alde zeharkatzeko, 7 bat egun behar dituzte merkantzia-ontziek. Bi urte barru, baliteke bidaia 3 egunean egitea, hainbat enpresaren egitasmoak errealitate bihurtzen badira.
Merkantzia-ontziei abiadura handia hartzea eragozten dien faktore garrantzitsuena ‘olatu gatibua’ da. Olatu gatibua itsasontziaren bultzadak sortu eta itsasontziarekin batera higitzen den olatua da eta, itsasontziak olatuaren abiadura gainditzen duenean, marruskadura-arazo handiak sortzen ditu. Ontzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta olatu handiagoa eratuko du. Fenomeno horren eraginez, merkatari-ontzi modernoak ez dira 42 Km/h abiadura gainditzeko gai.
Erresuma Batuko Nigel Gee ingeniariak Pentamaran deritzon diseinua erabili nahi du olatu gatibua gainditu eta merkantzia-ontziak 70 km/h abiaduran jartzeko. Pentamaran ontziak ohikoak baino luzeagoak eta estuagoak izango dira, olatu txikiagoa sortuko dute eta haiek zeharkatzeko gai izango dira. 2003an gila erakutsiko dute.
Filadelfiako FastShip Atllantic konpainia ere helburu beraren atzetik dabil, baina beste alde batetik heldu diote olatu gatibuari. Ontzi estuagoak egin ordez, branka oso sakona eta V itxurakoa dauka eta popa, berriz, sakonera gutxikoa eta zapala. Diseinu hidrodinamiko horri esker, olatu gatibuaren marruskadura asko murriztea lortzen dute. Helburua, berriz ere, 70 km/h abiaduran ibiliko den merkantzia-ontzia eraikitzea da, bi urteko epean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia