Antza denez, oxigeno-maila baxua denean, adipozitoak, koipea pilatzen duten zelulak, ez dira ugaltzen. San Diegon dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Amato Giacciaren esanean, zelula amen bereizketa nahi den modura zuzentzeko aukera izango dute ikertzaileek aurrerantzean.
"Ikerkuntza-lan honen alde garrantzitsuena da bereizketa oxigenoaren mailan aldaketa txikiak eginez kontrola daitekeela", dio Giacciak.

Giacciaren ikerkuntzaren muina zelularen bereizketan eta iraunkortasunean oxigeno-mailak nolako eragina duen ulertzean datza. Horretarako, oxigeno-maila baxuan aztertu dituzte sagu-enbrioien fibroblastoak eta Dec1/Stra13 izeneko genea ugariagoa dela ikusi dute.
"Gene horrek kondrozitoen bereizketan parte hartzen duela bagenekien, eta beharbada, adipozitoen bereizketan ere Dec1/Stra13 -ak nolabaiteko parte-hartzea izan zezakeela pentsatu genuen", dio Giacciak.
Saguen fibroblastoak hormona adipogenikoen bidez tratatu zirenean berretsi zen hipotesia; izan ere, hormona horiek zelulak adipozitoetan bereiztea eragiten zuten oxigeno-maila normalean. Oxigeno-maila baxuetan hazitako zelulek, berriz, kale egin zuten bereizketa-unean. Ikerketan lortutako datuak Developmental Cell aldizkarian argitaratu dituzte.
Dec1/Stra13 -ak bai adipogenesian eta bai zelularen kondrozitorako bereizketan parte hartzen duela aurkitzeak ondorio garbia du Giacciaren ustean; alegia, gene horrek uste baino funtzio gehiago izan ditzake zelula amaren bereizketan, eta horiek ikertzen dihardute gaur egun.
Aurkikuntzek ondorio garrantzitsuk izango dituzte zelula amen inguruko ikerkuntzan.
Lasa Iglesias, Aitziber
STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.
Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.