Lurraren gainazaletik 180 eta 650 km bitarteko distantzian egoten dira orbitan espazio-ontziak eta, beraz, ez ditu atmosferak babesten. Hori dela eta, ispilu-itxura duten teflonezko xaflak izaten dituzte estalki-modura, teflona (zenbait zartaginen gainazalean egoten dena) oso material egonkorra eta erresistentea dela uste izan baita orain arte.

Baina atmosferaren goreneko geruzan dagoen oxigenoari Eguzkitik heltzen diren izpi ultramoreek eragiten diotenean, oxigeno-erradikaletan banatzen da, eta erradikal horiek espazio-ontziaren teflona higatu egiten dutela, hau da, teflonaren egitura molekularra apurtzeko besteko energia badutela, aurkitu dute Estatu Batuetako zientzialariek.
New Yorkeko Unibertsitate-hiriko Lou Massa-ren ustez, beren aurkikuntzak bi ondorio nagusi ditu: alde batetik, gero eta hobeto ezagutzen direla espazioan dauden kondizioak, eta, bestetik, teflonaren higadura-mekanismoa hobeto ulertzeak material berrien garapena erraz dezakeela.
Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.
Lasa Iglesias, Aitziber
STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.
Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.