Otsoen lurraldean
1996/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken urteotan galdutzat eman genuen bisitaria itzuli da Arabako eta Bizkaiko mendietara; Salbadan, Karrantzan edota Ordunten berriro dabil otsoa, gure faunako animalia. Ea noiz arte irauten duen.
Datu ofizialen arabera, 1987. urtetik gaur arte 37 otso hil dira Bizkaian. Zenbaki horiek —bestelako kritikak alde batera utzi eta gero— otsoen etorrera ez dela bat-batekoa izan adierazten digute. Kontuan izan behar dugu esaterako, estatu espainolean bi mila ale baino ez direla gelditzen; gurea ez da, hortaz, portzentaia txarra. Horrez gain, jakin behar da itzulera hori gerta zedin ez dela aparteko ahaleginik egin eta itxura guztien arabera, otsoa erraz egoki daitekeela, batere arazorik gabe, gure mendietako baldintzetara.
Tamalez, herritar guztiak ez dira iritzi berekoak eta Karrantzara joatea besterik ez dago horretaz ohartzeko; hango tabernetan, ehizatutako otsoen argazkiak erakusten dituzte, bezeroak “egindako balentria” ezagut dezan. Bada, herritar horiek ez dute ulertu babesturik dagoen animalia horrek berebiziko onurak ekar diezaizkiekeenik; bailara ezagutzera eman nahi bada eta, zergatik ez, dirulaguntzak jaso nahi badira, alde jokatzen du ingurunea aberatsa izateak. Tamalez, gure fauna-ondarearen espezie nagusitako bat ehizako “trofeo” bilakatu da.
Baina ezin da alde bakar batera begiratu. Herritarrek harraparitzat jotzen dute otsoa, baina administrazioak ez du hori emendatzeko keinurik egiten eta areago, bide okerragotik jotzen du. Herritar batzuek animalia akabatzeko asmoz, ibilaldiak egiten dituzte eta administrazioak goi-tentsioko kableak bertatik pasarazi nahi ditu, otsoen habitata zeharo hondatuz.
Goi-tentsioko mamutzar berria Kantabriako Penagostik Guenesera joango den 400 kilowatteko zirkuitu bikoitzeko linea da. Ibilbide horretan, Raneroko Haitzak igaroko ditu, hau da, izen bereko parkearen bihotza alderik alde zeharkatuko du. Baina proiektua ez da horretara mugatzen; Bizkaitik Gipuzkoarako bidean, Itxaso herriraino iritsiko da beste bi naturgune garrantzitsu zeharkatuz: Gorbea eta Aizkorri, berriki parke natural izendatu dituztenak.
Horren guztiaren aurrean bada, aurkako jarrerak agertzeari normala deritzot; eta protestaren aurrean Madrilgo Gobernuak, ohizko sentsibilitatea erakutsiz, goi-tentsioko linea erabilera publikokoa dela argudiatu izana ere, normaltzat jo behar da, tamalez.
Txikizio berriak ez die batere lagunduko Karrantzako berreskurapen-egitasmoei, ezta otsoen itzulerari ere. Gure ondare naturalaren kontrako azpijoko berri baten atarian gaudela esan daiteke, atal berri bat zabaltzekotan. Karrantzako ehiztarien sarraskiek lortu ez zutena, garapenaren izenean gertatuko ote den galdetu beharko genuke (zergatik dira beti elkarren sinonimo garapena eta txikizioa?). Nola kritika dezakegu bertako zenbait herritarren —ez guztien, jakina— zentzugabekeria, Estatuak diseinatu duen egitasmo beldurgarriaren aurrean? Goi-tentsioko dorre elektrikoak kanposantu berriko gurutzeak izango dira.
Nolanahi ere, otsoak Karrantzara itzuli direla jakiteak poztu behar gaitu; bertako basoetan ari diren bitartean behintzat, ugaztun horiek eta inguruneak etorkizunik badutela esan baitaiteke. Urte askotarako bada, Energia eta Industria Ministeritzaren baimenaz, beti ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia