Otsoen dieta zehatzaren berri gorozkietako DNAn

Pablo Acebesek AArekin sortutako irudia / UAM


Otsoen gorozkiei azterketa genetikoa eginda haien dieta zehaztasun osoz ezagutu daiteke. Gorozkietako DNA-zatiek zer espezie eta zer proportziotan jan dituzten identifikatzeko aukera ematen duen teknika bat balioztatu dute EHUko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek, Sendaviva natura-parkearekin ekarlanean.

‘DNA metabarcoding’ izeneko teknikan, lagin batean dauden DNA zatiak (kasu honetan gorozkiak) atera eta modu masiboan sekuentziatzen dira, gero datu baseekin alderatzeko, zati horiek zer espezierenak diren identifikatzeko. Espezie bakoitzak “barra kode” bat du, eta, horri esker, identifikatu egin daiteke, baita ilearen, hezurren edo lumaren arrastorik geratzen ez denean ere.

Otsoen kasuan metodoa zenbateraino den fidagarria eta zehatza egiaztatzeko Sendaviva natura-parkeko (Nafarroa) otsoekin egin dute esperimentua. Aldez aurreko azterketak ingurune naturalean jasotako gorozkietan oinarritzen zirenez, ez zen izaten irentsitakoari edo proportzioei buruzko informaziorik. Sendavivako otsoekin, berriz, dieta zehatza ezaguna zen. 42 egunez, otsoak sei dieta ezberdinekin elikatu ziren, bederatzi ornodunen haragien proportzio desberdinetako nahasketekin (oreina, basurdea, oilaskoa, untxia…).

«sekuentzia genetikoen ugaritasun erlatiboak zehazki islatzen du dietaren benetako osaera»

Analisiek erakutsi dutenez, sekuentzia genetikoen ugaritasun erlatiboak zehazki islatzen du dietaren benetako osaera. Ereduak dietaren aldakuntzaren % 81,5 azaldu zuen. Gainera, azterketak erakutsi du gorozkien lagin bakoitzak azken 1,5 eta 1,8 egun arteko tarteko dieta islatzen duela.

Ikertzaileek azaldu dutenez, teknika honen balioztapena aurrerapen garrantzitsua da otsoen kontserbazioa kudeatzeko. Baliagarria izan liteke, esaterako, abeltzaintza estentsiboan eragiten dituen inpaktuak zehaztasun handiagoz ebaluatzeko eta estrategia eraginkorragoak diseinatzeko.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali