| Osasunerako Mundu 
        Erakundeak (OME) aspalditik duen funtzioetako bat, eskolan haurren osasuna 
        bultzatzea da. 1986an, OME eta UNICEFek argitaratu zuten txosten batean 
        (Helping a billion children to learn about health), osasunaren 
        ikasketari buruzko nazioarteko kontsulta baten emaitzak laburbiltzen ziren. Eskolako osasun-hezkuntza 
        programatzerakoan, osasunaren kontzeptuen artean ondokoa kontutan izan 
        behar dugu: osasunak, geroz eta era autonomoago, solidarioago eta gozoagoan 
        bizitzea izan behar du. Ikuspegi honek, honako 
        ondoriora eramaten gaitu: osasuna ez da inola ere zientzilari eta medikuen 
        betebeharra soil-soilik; ez baita besterik gabe, arazo zientifiko hutsa, 
        ezta eritasun eza bakarrik ere. Osasunaren defentsa eta sustapenean era 
        guztietako teknikoek hartu behar dute parte eta denek eman behar dituzte 
        beren ezagutza bereziak; baina, batez ere, osasuna bakoitzaren eta komunitatearen 
        erantzukizuna da. Osasunaren lehen erantzulea norbera da eta arazo pertsonalak 
        konpontzeko gure ezagutza urriegia denean, orduan bakarrik jo behar dugu 
        teknikariengana. Osasunaren, eskola-emaitzen, 
        bizi-kalitatearen eta emankortasun ekonomikoaren artean badago lotura. 
        Osasun-egoera egokia, lortzera bideraturiko ezagutzak, balioak, konpetentziak 
        eta ohiturak eskainiz, haurrei bizitza osasuntsua eman eta komunitatean 
        gertatuko diren osasunaren alorreko aldaketen protagonista izateko beharrezko 
        bideak irekiko zaizkie. Duela gutxi eginiko 
        ikerketek argi agertu eta baieztatu dute osasunaren, eskola asistentziaren 
        eta emaitzen artean dagoen lotura estua. Euskal Autonomi Elkartean, 
        Eskola-Osasunaz legeari esker, jarri da lehenengo aldiz Eskola Publiko, 
        Ikastola eta Eskola Pribatuetan Osasun Eskolarra izeneko programa (7/1982 
        ekainaren 30eko Legea) martxan. "Jaurlaritzak, 
        osasuna bere osotasunean ikusiz bere ekintzapideak aurrehartzearen eta 
        sustapenaren aldetik egiteratzeko asmoa du.  Eskola-osasunari 
        buruzko Legeak osasunaren alde aritzeko lanabes eraginkor bat izan nahi 
        du, osasun hori bere zabalenean ikusita, eta horretan osasun-ikerketaz 
        funtsezko gertatzen dira, sikopedagogiaren edo osasunbide-hezkuntzaren 
        alorretakoez ahaztu gabe, nolanahi ere. Lege honetan agertzen 
        diren ekintzapideak honako hauek dira: 
 Osasun Eskolarreko 
        ekipoak urte hartan bertan osatu ziren hiru lurraldeetan, eta ekipoak 
        iristen ez ziren herrietan mediku eta erizain titularren laguntza ere 
        izan zuten lan guzti hau aurrera eramaterakoan. Osasun Sailaren nahiak 
        garbi agertzen dira. 1988an Eusko Jaurlaritzako argitalpen zerbitzuak 
        kaleratutako Osasun Hezkuntza liburuaren hitzaurrean garaiko osasun Sailburuak, 
        Jose Manuel Freire Campo-k, agiri hau eguneroko heziketa-eginkizunean 
        oinarrizko laguntza gisa hartzeko eta guztiontzako osasunaren helburua 
        lortzeko, behar den norbere nahiz besteen kolaborazio eta errespontsabilitateaz 
        hitz egiten du, eta gehitzen du, lankidetza hau ez dela eraginkorra izango, 
        baldin eta adin guztietarako, baina batez ere pertsona eratzen ari den 
        adinerako, hau da, eskola-adinerako, beharrezkoa den osasun-heziketarako 
        programa bat abian jartzen ez badugu. Legean aipaturiko 
        eginkizunetatik hirugarren puntua batik bat, hau da Osasun Hezkuntzarako 
        Programak, aldatuz eta ia desagertuz joan dira urteak pasatu ahala. Zoritxarrez, 
        gure inguruan, eskolan osasun-hezkuntzaren errealitatea, ideala izatetik 
        oso urrun dago. Badaude salbuespen bezala HIESarena bezalako azpiprograma 
        batzuk. Baina orokorrean, eskolako osasun-programen helburu eta zereginetan, 
        osasunerako hezteak oso leku gutxi izaten du eskolan; programa hauek osasun-arazo 
        zehatz batzuen prebentzioa izaten dute helburu eta osasun-moduko profesionalen 
        taldeek soilik garaturikoak izaten dira. Modu honetan familia eta hezkuntza-moduko 
        profesionalek, oso gutxi hartzen dute parte programaren diseinu eta praktikan. Programa hauek gero 
        eta gutxiago azaltzen dira Osasun Eskolarraz hitz egiterakoan. Desagertu 
        izanaren arrazoiak hiru izan daitezke: lehenengoa, osasun-zentruetara 
        pasatu direla Eskola-Osasunaz Legean agertzen ziren konpetentzia batzuk; 
        programa honetarako prestatu ziren ekipoak piskanaka-piskanaka desagertzen 
        joan direlako bigarrena; eta hirugarrena, oraindik ez delako osasunerako 
        hezkuntza programatzerakoan Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren konpetentziak 
        zeintzuk diren edo eta zeintzuk izan behar duten argitu. Osasun-hezkuntzaren 
        atzerakada hauek beste Herrialdeetan ere sumatu dira. Hori dela eta 1991eko 
        azaroan OME, UNICEF eta UNESCOk kontsulta bat burutu zuten denen artean, 
        eskola-ingurunean osasunerako erabateko heziketaren edukiak eta herrialdeek 
        berau abian jartzeko hartu beharreko neurriak zehazteko. OMEren gaur egungo 
        ikuspuntutik guztiontzako osasunaren ezarpenean eskolako osasun-programak 
        lanabes erabakiorra dira. 1995ean OMEk proposaturiko osasunerako mundu-mailako 
        ekimenak eta herri, herrialde, nahiz mundu-mailako osasun-heziketa eta 
        -sustapenerako ekintzak mobilizatu eta berrindartzea du helburu. OMEek eta beste erakunde batzuek, (ONUk eta beste hainbatek) dituzten programak eta ekintzak batzea da helburua; osasun-eskolak abian jartzea besteak beste. Ekimen honen arabera 
        eskola osasuntsuak ondokoa eskaini beharko luke: 
 Ekimen honek Europan 
        bezalako osasun-eskola sarea garatzea izango du helburu; eta gure kasuan, 
        Espainiar estatua izango da laguntza-zentruak identifikatu eta esperientzia 
        honetan parte hartzeko eskola-kopuru garrantzitsua aukeratuko duena. Desiragarria litzateke esperientzia honetan Euskal Autonomi Elkarteko herrialde bakoitzeko eskola batek gutxienez parte hartzea. Esperientzia amaitu eta ebaluatu ondoren, Euskal Autonomi Elkarteko ahalik eta eskola gehienetan txertatzeko. | 
Oiarbide Begiristain, Amaia
 
         
                     
                   
    
    
    Nolakoz 
        eta zenbatekoz, eskola-ikasleek osatzen dute herritarren zatirik handienetakoa.
Nolakoz 
        eta zenbatekoz, eskola-ikasleek osatzen dute herritarren zatirik handienetakoa. 
         
            






