Ordenagailuen abiadura-muga
2004/05/03 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Disko gogor batean informazioa grabatzen ari denean, bit bat osatzeko behar diren zati txiki-txikietako bakoitza norabide batean edo bestean magnetizatzen da. Zatietako batzuk zeroak izango dira eta besteak batak. Informazio hori irakurri ahal izateko, ordenagailuak pultsu bat bidaltzen du eta magnetismo-prozesua leheneratzen du. Pultsu hori zenbat eta bizkorragoa izan, orduan eta denbora gutxiago behar da informazioa biltzeko eta irakurtzeko. Zientzialariek pultsu hori zenbat laburtu daitekeen jakin nahi izan dute.
Horretarako, partikula-azeleragailu bat erabili dute. Disko gogorrak egiteko erabiltzen den material magnetiko beraren lagin bat jarri dute azeleragailuaren barruan, gero elektroiekin bonbardatzeko. Energia-pultsuak ia argiaren abiaduran mugitu ziren, eta 2,3 pikosegundo –segundo batean milioi bat milioi pikosegundo– daude baino ez zuten iraun. Baina abiadura horretan energia-pultsuen fluxua erabat kaotikoa izan zen, eta hori onartezina da informazioa zehaztasunez gorde behar denean.
Ondoren, teknika bera erabilita, datuak zuzen prozesatzeko eta grabatzeko gehienezko abiadura kalkulatu zuten zientzialariek: segundoko 435.000 milioi bit. Horrek esan nahi du gaur egungo ordenagailuak baino 1.000 aldiz bizkorrago prozesatzea informazioa. Beraz, ondorengo urteetan ere, ordenagailu gero eta bizkorragoak agertuko dira merkatuan. Baina muga hor dagoenez, ordenagailu hobeak egin ahal izateko material berriak aurkitu beharko dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia