Ordenagailua txineraz
2007/08/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ordenagailu hitza marrazkitxoen konbinazio bitxi bat da, goiko irudian ikus daitekeen moduan.
Nolanahi ere, hizkuntza batek hori baino gauza konplexuagoak behar ditu, eta txinerak mota askotako baliabideak ditu gauza oso konplexuak adierazteko. Batzuetan, ikur fonetikoak erabiltzen dituzte, guk bezala (ikur bat, soinu bat), edo ideogramak eta ikur fonetikoak konbinatuta. Baina beste batzuetan metodo tradizionalari eusten diote kontzeptu modernoak adierazteko. Ordenagailua adierazteko, esate baterako.
Zazpi ikur
Ordenagailu hitza marrazkitxoen konbinazio bitxi bat da; sarrerako argazkian ikusten den hori, hain zuzen ere. Guztira, zazpi ideogramaren konbinazioa da, zazpi ikur eta ikur horien zazpi esanahiak, gainera. Emaitza bi ideograma orokor dira: ezkerrekoak elektriko esan nahi du eta eskuinekoak garuna. Hortaz, esanahi orokorra garun elektrikoa da, ordenagailua alegia.
Ezkerreko ideograma orokorra garatzeko, zerua adierazteko ideogramatik abiatu ziren.
(Irudia: G. Roa)
Ezkerreko ideograma orokorra garatzeko, zerua adierazteko ideogramatik abiatu ziren txinatarrak. Zeruaren goialdea hartuta, eta laino beltzak adierazten dituzten marra horizontal batzuk gehituta, euriaren ideograma lortzen da. Euriari zelaiaren ikurra gehitzen diote, karratu bat lau zatitan banatuta; konbinazioak —zelai baten gaineko zeru lainotua— ekaitzaren ideia ematen du, eta, hain zuzen, trumoiaren ideia adierazteko erabiltzen dute. Haratago oraindik, isats txiki bat azpitik gehituta, trumoiaren ideograma tximistarena bilakatzen da; tximista edo elektrizitatea. Hortik datorkio ezkerreko ideograma orokorrari elektriko esanahia.
Eskuineko ideograma orokora haragia, jarioa eta adimenaren arteko konbinazioa da.
(Irudia: G. Roa)
Eskuinaldeko ideograma orokorra hiru ideograma txikiren konbinazioa da: haragiarena, jarioarena eta adimenarena (adimentsua edo azkarra adierazten du azken horrek). Azken batean, haragi-puska adimentsua eta pentsamenduen jarioa duen organoa da garuna. Beraz, ideograma orokorraren esanahia garuna da.
Orain, bi ideogramak elkarren ondoan jartzea besterik ez da falta ‘garun elektriko’ adierazteko. Garun elektrikoa (elektroniko esango genuke) ordenagailua da, ingeleseko computer , frantseseko ordinateur , gaztelaniazko ordenador eta euskarazko ordenagailu bezalaxe. Txineraz, bi ideograma konplexuren segidaz idazten da eta /dian nao/ ahoskatzen da.
Sinpletzeko joera
Konplexua benetan. Eta ez guretzat bakarrik; txinatarrak aspaldian konturatu ziren horretaz. Ideogramen bidezko idazkera, logika baten barruan badago ere, oso konplexua izan daiteke. Azken batean, idazten ez dakienarentzat, sistema hori traba handi bat da. Hori konpondu nahi izan zuen gobernu komunistak, eta sekulako lana egin zuen hizkuntza ahalik eta gehien sinplifikatzeko.
Dena dela, batzuek idazkera tradizionala defendatu zuten; argudioa zen jendea ez zela gauza izango testu zaharrak irakurtzeko idazkera sinpletua ikasiz gero. Eztabaida handia izan zen gai horren inguruan, baina, azkenean, Txinako Gobernuak sinpletzearen aldeko apustua egin zuen.
Gaur egun bi idazkerak erabiltzen dira, tokian tokiko erabakia hartu baitute. Txinera tradizionalaren alde egin dute, esate baterako, Hong Kongen, Macaun, Taiwanen eta Europako eta Amerikako etorkin txinatarren komunitate askotan. Txinako Herri Errepublikan, aldiz, idazkera sinpletuak indar handia hartu du, eta hitzen bertsio ‘sinplea’ erabiltzen da. Ordenagailu hitza ez da salbuespena. Sinpletu egin dute. Hala ere, gure mendebaldeko ikuspuntutik ikusita, forma sinpletua ere ideograma konplexua da.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia