}

Ordenagailu eramangarriak, hobekuntza askoren lekuko

2002/05/17 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ordenagailu berria erostera joan eta hainbesteren artean aukeratzea zaila da. Aukeraketa are zailagoa da, gainera, ordenagailu eramangarriak eta mahai gainekoak kalitate eta prezio aldetik parekatzen ari diren heinean. Apple-ren ordenagailu berriak

Izan ere, diseinua dela medio ordenagailu eramangarriak kontsumitzailearentzat betidanik oso erakargarriak izan badira ere, erosteko orduan, mahai gaineko ordenagailuen eta eramangarrien artean ez zen zalantza handiegirik egiten.

Aukeraketan, balantzak nabarmen egiten zuen mahai gainekoaren alde, eramangarriak askoz garestiegiak zirelako eta, gainera, kalitateari dagokionez bien arteko aldea nahiko handia zelako. Baina, poliki-poliki, ordenagailu eramangarriak merkatuarekin batera aldatzen ari dira (edo alderantziz), eta jadanik ez dago kalitatearen eta diseinuaren artean aukeratu beharrik. Hortaz, askok egiten dute eramangarrien aldeko apustua, eskaintzen duten erosotasunak eduki ditzaketen hutsuneak betetzen baititu.

Abiadura-lasterketan parekatzen

Asko bidaiatzen duenak, ordu galduak baliatu nahi dituenak edo etxean ordenagailuarentzat lekurik ez duenak zalantza handirik gabe erosten du ordenagailu eramangarria. Baina ordenagailu eramangarriek oraindik ez dute publiko guztia bereganatu, nahiz gero eta abantaila gehiago eta desabantaila gutxiago dituzten.

Desabantaila nagusiak abiadura eta osagarriak gehitzeko zailtasuna dira. Izan ere, abiadurari dagokionez, ordenagailu txikiak, izan PCak ala Macintosh-ak, handien atzetik daude, baina maila horretan ere aurrerapenak begi-bistakoak dira. PowerPC G 4 belaunaldi berriko ordenagailuek aurrekoek baino dezente energia gutxiago behar dute.

Apple-k iBook-ak eta Power Book-ak ditu merkatuan. Bien arteko diferentzia nagusia da lehenak G 3 prozesagailua duela; bigarrenaren G 4 prozesagailua baino dezente bat geldoagoa. Noski, alde hori ordaintzean ere igartzen da: iBook-ak 300.000 pezeta inguru balio du eta PowerBook-ak bikoitza.

Bi kasuetan, arazo larrienetako bat osagarriak gehitzeko zailtasuna eta kasu batzuetan ezintasuna da. Hortaz, nahiko azkar zaharkitzen dira, eta aukeraketa egiterakoan ordenagailua bi urtetik behin berritu beharko den ala ez eduki behar da kontuan.

Pantaila hobea eta pisu gutxi

Ordenagailu eramangarrien beste ezaugarri bat pantaila txikia da. Desberdintasun hori begi-bistakoa da, eta agian horregatik dago hain zabalduta pantaila horietan lan eginda bista galtzen den ideia. Baina aurreiritziak gainditzeko ordua da. Izan ere, pantaila horiek ez dira diruditen bezain txikiak eta, gainera, ez dute erradiazio elektromagnetikorik bidaltzen.

Ohiko pantailekin alderatuta, eramangarrien pantailek diferentzia nabarmen bat dute; besteetan ez bezala, pantaila osoa da erabilgarria. Mahai gaineko ordenagailu baten 15 hazbeteko pantaila klasiko batean 13,5"-14" bitartean dira soilik erabilgarriak. Aldiz, eramangarriaren pantailako 13,3 hazbeteak osorik dira erabilgarriak. Bi pantailen arteko aldea, beraz, ez da uste bezain handia.

Horrez gain, esan bezala, ez dute erradiazio elektromagnetiko kaltegarririk bidaltzen eta, beraz, begi-nekea eta sor litezkeen begi-arazoak gutxitu egiten dira.

Gaur egun, ordenagailu eramangarrietan bi eratako pantailak daude: Dual Scan deritzenak eta TFT pantailak. Lehenak ez dira oso erabiliak, ikusmen-kalitatea kanpoko argiaren araberako baita. Bigarren pantailetan ez dago horrelako arazorik, baina dezente garestiagoak dira.

Dena dela, ordenagailuaren aurrean denbora asko pasatzen duenak badaki pantaila ona erostea oso garrantzitsua dela, begiak pantailaren kalitatearen arabera nekatzen baitira.

Azkenik, eramangarrien pisua dago. Izan ere, ordenagailua alde batetik bestera eramateko besoko minarekin amaitu behar bada, ez da oso gomendagarria. Baina gaur egungo ordenagailuak oso arinak dira. iBook batek, esaterako, 3 cm-ko lodiera duen karpeta bat ematen du eta 2,5 kilo baizik ez du pisatzen.

Apple-k, hezkuntzako merkatua bereganatu nahian, iMac-aren antzekoa baina merkeagoa den eMac berria merkaturatu du. eMac-ak 999 dolar inguru balioko du. 7000 Mhz Power PC G 4 prozesagailua, 4 0 GB-ko disko gogorra, 12 8 MB-ko memoria eta 17 hazbeteko pantaila ditu.

Apple-ko arduradunek jakinarazi dute iMac-aren pareko ordenagailua dela—baina ez du pantaila laua— eta irakasleek, ikasleek eta hezkuntza-instituzioek soilik eskuratu ahal izango dutela. Ordenagailu berriari esker, Apple-k garai batean hezkuntzan zuen arrakasta berreskuratu nahi du.

Horrez gain, sagarrak PowerBook G 4 ordenagailu eramangarriaren bi bertsio berri merkaturatzeko puntuan dagoela ere jakinarazi du. Batak 800 MHz-ko prozesagailua izango du eta 199 dolar inguru balioko du; bestea, berriz, 66 7 MHz-eko txipa duena, 2.499 dolarretan salduko da.


Eramangarria ala poltsikokoa?

Ordenagailu eramangarria aukeratzea ez da batere gauza erraza, eta, ezer baino lehen, PDA edo handheld PC (poltsikoko ordenagailua) batekin ez ote dugun nahikoa pentsatu behar da.

Asko bidaiatzen duenarentzat edo ordu galduak aprobetxatu nahi dituenarentzat ordenagailu egokiak dira eramangarriak.

PDA, guztiok ulertzeko moduan esanda, superagenda elektroniko baten antzerakoa da, baina askoz funtzio gehiagokoa. Izan ere, erabilienak diren Word eta Excell programak eduki ditzake, baita Internet ere. Formatuari dagokionez ere eskaintza zabala dago: ordenagailu baten antzeko teklatua dutenak, ukipen-pantaila dutenak, plastikozko arkatz batekin datozenak…

Gainera, PCak izan gabe ere, mahai gaineko ordenagailuekin bateragarriak dira eta PC batetik edo batera informazioa eta datuak pasatzeko egokiak dira. Hori dela eta, izen berria ere badute: poltsikoko ordenagailuak.

Prezioak 125.000 eta 50.000 pezeta bitartekoak dira; apeta bat izateko garestiak, baina, hala ere, ordenagailu eramangarriak baino merkeagoak.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia