Oraintsuko Historiaurreko aztarnategi bat aurkitu dute Gamiz-Fikan, labar-artea duena
2025/09/17 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizkaiko Aldundiak jakitera eman duenez, Gamiz-Fikan aztarnategi bat aurkitu dute, Atxispeko San Pedro ermitaren ingurunea berreskuratzeko interbentzio-programa baten esparruan. Azaldu dutenez, eremu kantauriarrean dokumentatutako lehen hipogeo mistoa da; hau da, ez da kobazulo natural bat. Horrek ezohiko bihurtzen du, eta, gainera, labar-artea du.
Erlapiku izena du aztarnategiak. Sartzeko, arrokan zulatutako eskailera-maila batzuk daude eta ate karratu bat, 50 zentimetroko zabalerakoa. Barrualdea 5x2x1,75 metroko gune induskatua da, eta morfologia oboidea du.
Margoak, berriz, Oraintsuko Historiaurrekoak direla (K.a. 5000-1000). Guztira bost panel dira, 25 irudi baino gehiagorekin, bi koloretakoak: gorria eta beltza. Irudiek giza figura eskematikoak irudikatzen dituzte; batzuek gorputza eta besoak bakarrik ageri dituzte, eta basoak luzatuta ageri dira, edo buruaren gainean itxita, zirkulu bat osatuz.
Diego Garate Maidagan (Kantabriako Unibertsitatea) eta Primitiva Bueno Ramirez (Alcalá de Henaresko Unibertsitatea) arkeologoek ikertu dituzte. Haien esanean, figurak gainjarrita agertzeak esan nahi du hainbat unetan margotu zutela koba. Bide batez horrek azal dezake pigmentu desberdinak azaltzea, eta giza irudiak ere ez izatea denak berdinak. Bereziki bi eszena nabarmentzen dira: batean, beltzez marraztutako giza figurak daude, ilaran jarrita, era ordenatuan; bestean, gorri zurbilez egindako zazpi figura ageri dira, haiek ere hurrenkera linealean ezarrita, guztiak besoak jasota, eta hiru figura-mota desberdinetan bereizita. Antropomorfo bakartuen artean, forma horietako batzuk errepikatzen dira, eta gainerakoak bestelako figura eskematikoak dira. Horiez gain, badago izaera naturalistagoa duen figura bat.
Irudikatutako figurek antzekotasunak dituzte Kantauriko aztarnategiren batean aurkitutakoekin (adibidez, Peña Tu eta El Castillo) eta Arabako koba batzuetakoekin (hala nola Socuevas de San Miguel eta Las Yurdinas). Hala ere, arte eskematikoaren adibide zuzenenak Portugal, Meseta edo Andaluziakoak dira. Horrenbestez, Gamiz-Fikako aztarnategiak funtsezko informazioa eskaintzen du, lurralde horretan bizi ziren lehen nekazari-jendarteei buruz.
