}

Onkogeneak eta txertoak minbizia tratatzeko

2004/03/29 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

strong>Minbizia, hitz gogorra askorentzat. Baina ez da harritzekoa, eragin dezakeen sufrimendua ikusita. Asko ikertzen da minbizia sendatzeko modua aurkitu nahian, baina badira azken urteetan indarra hartzen ari diren ikerketa-lerro berriak. Horietako bi dira onkogeneak eta minbiziaren aurkako txertoa. Biak ikerketa mailan daude oraindik, baina bide interesgarriak dira, eta dagoeneko hasiak dira pertsonekin probak egiten Ikerketa-lerro horietan dihardute, adibidez, Espaniako Centro Nacional de Investigaciones Oncologicas-en.

Onkogeneak

Onkogeneen helburua gaixoak tratamenduei nola erantzungo dien aurrez jakite da. Horretarako, tumorea garatu duten ehunen geneak –onkogeneak– hartu eta ikertzen dira: nolakoak diren eta aktibo dauden edo ez, esaterako. Proba horietatik lortutako emaitzekin aurreikusiko litzateke kimioterapiak edo bestelako tratamenduek zenbaterainoko eragina izango luketen.

Ignacio Casal Alvarez Bioteknologia programako zuzendaria da Espaniako Centro Nacional de Investigaciones Oncologicas-en eta haren hitzetan "onkogeneek minbizi desberdinen ezaugarri genetikoak zehaztea ahalbidetzen digute, eta horren arabera jakin ahal izango genuke zein gaixok erantzungo dion, esaterako, kimioterapia-tratamenduari." Hala, gaixoak terapia jakinei erantzuteko gaitasunaren arabera sailkatu eta tratatuko lirateke. Farmakogenomika esaten zaio horri eta bi abantaila nagusi ikusten dizkio Ignacio Casal-ek.

Izan ere, gerta daiteke kimioterapia erabiliagatik gaixotasunak atzera ez egitea edo, alderantziz, askoz tratamendu ahulagoarekin nahikoa izatea. "Batetik, osasun-gastua nabarmen murriztea lortuko litzateke eta, bestetik, gaixoak alferrik sufritzea saihestuko litzateke, baldin eta aurrez badakigu ez diola tratamenduari erantzungo."

Minbiziaren kontrako txertoa

Beste ikerketa-lerroa minbiziaren kontrako txertoena da. Baina txertoa esatean ez da txertoaren ohiko eredua izaten kontuan. Izan ere, txerto klasikoetan, birus-zatiak sartzen dira txertoan, gaixotasunaren aurkako antigorputzak gara ditzagun.

Minbizia, ordea, gaixotasun multigenikoa da; hots, gene askok parte hartzen dute eta oso zaila da txertoaren ikuspuntu klasikotik aurre egitea. Horregatik, txerto hauek garatzeko, tumoreetako molekulak ikertzen dira eta horien aurkako antigorputzak sortu. Hala, tratamenduan antigorputzak sartuko litzaizkioke gaixoari, gaixotasunari aurre egiten laguntzeko.

Horregatik esaten zaio txerto, helburua antigorputzak gehitzea delako. Immunoterapia ere esaten zaio. "Azken urteetan hainbat antigorputz onartu dituzte, bai FDA-ak Ameriketako Estatu Batuetan, baita Europako Medikamentuen Agentziak ere, eta jada merkatuan daude. Gehiago ere badira onartze-bidean eta 2-3 urtetan minbizia tratatzeko antigorputz-multzoa nabarmen handitzea espero dugu."

Askotan, minbizia gaixotasun bakartzat jotzen da, nahiz eta gorputzeko toki desberdinetan agertu. Baina, izatez, 250 minbizi-mota ezagutzen dira, eta, ezaugarri komunak badituzten arren, badituzte berezitasunak ere.

Azken urteetan, hori kontuan hartzen duten diagnosi-modu eta tratamendu berriak ari dira sortzen, ohiko kirurgia, erradioterapia edo kimioterapiaren ordez. Geneak identifikatzeko eman diren aurrerapauso garrantzitsuetan dute oinarria tratamendu berri horietako askok.

Denborak esango du ikerketa-lerro berri horiek aurrera egiten duten eta zenbateraino lagunduko duten minbiziari irabazi beharreko borrokan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia