Ondo jan, hobeto bizi
1996/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Barazkiak jatea osasunarentzat oso ona dela gauza jakina da. Berriki burutu diren ikerketak ezagutu gabe ere, edonork daki osasuntsu bizitzeko moduetako bat ahoratzen dugunari begiratzea dela. Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Prebentiborako Sailak The Lancet aldizkarian argitaratu duen txostenak agerian uzten du jaten dugunaren eta gure bizi-mailaren arteko lotura.
Zehatzago esanda, elikagai freskoen eta gaixotasun kardiobaskularren arteko erlazioa aztertu dute xehe-xehe eta barazkien edota fruituen kontsumo jarraiak gure organismoaren defentsa-sistema indartzen duela ondorioztatu dute. Esate baterako, Italian gantzen kontsumoa gero eta handiagoa bada ere (azken 20 urteotan urteko kontsumo-tasa 4 kilotik 10era igo da pertsonako), gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotzen kopuruak behera egin du.
EHUko ikertzaileek tasak behera egin izanaren kausak aztertu dituztenean, gero eta barazki gehiago kontsumitzeak eragin zuzena izan duela ondorioztatu dute. Txanponaren bestaldea Europa ekialdeko herrialdeak omen dira. Izan ere, bertan 100 gramotik 5 gramora murrizten da elikagai freskoen kontsumoa neguko hilabeteetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia