}

Onddoen hazkuntza aztergai EHUn

2002/11/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Aplikatua Saileko ikertzaile-talde batek Eukaryotic Cell aldizkarian argitaratu berri ditu bere lanaren emaitzak. Unai Ugalde taldeburuak eta bere lankideek azken urteotan onddoen hazkuntzari buruz egin duten lanaren berri eman dute argitalpen horretan. Ikerketaren garrantziaren erakusle da Science aldizkari ospetsuak azaroaren 1eko alean Editors´choice atalean egin dion aipamena.

Penicillium generoko onddo baten hazkuntza aztertu du taldeak.

Onddoen hazkuntzan eragin handia duen molekula bat identifikatu eta aztertu dute Ugalderen laborategian. Nonahi hazten dira onddoak, baina oraindik ez dakite zein faktorek mugatzen duen hazkuntza hori. Onddoak hifa bidez hazten dira, hau da, hari itxurako egituren bidez, eta, egoera zehatzetan, haziak (esporak) eratu eta zabaldu egiten dituzte inguruan. Horrela, onddoak urrutira barreiatu eta ugalketa ziurtatzen dute. Hala ere, esporulazioa gerta dadin, kondizio egokiak behar dira inguruan. Onddoaren ugalketa eraginkorra izan dadin, haizea ezinbestekoa da esporak barreiatzeko, baina elikagaiak, argia eta beste hainbat faktore ere beharrezkoak izaten dira. Urte asko daramatzate zientzialariek faktore horiek argitu nahian, baina puntu garrantzitsu bat falta zen puzzlea osatzeko.

Hori da, hain zuzen ere, Ugalderen taldeak argitaratu berri duena, hormona-modura joka dezakeen molekula berria: konidiogenona. Molekula hori eraginkorra da oso kontzentrazio txikitan, eta horixe da ezaugarri garrantzitsuenetakoa. Bizidunetan ohikoak diren molekulak baino askoz ere kantitate txikiagoan ekoizten dira eta, beraz, eraginkortasun handia dute. Duela 8 urte, Unai Ugalderen taldeak onddoek esporak eratzen hastea eragiten duen molekula bat jariatzen zutela proposatu zuen, baina molekula hori ezezaguna zen. Orain, urtetako ikerketen ondoren, molekula hori identifikatu eta kimikoki aztertu dute.

Era horretako molekulek erabilpen garrantzitsuak izan ditzakete aurrerantzean, onddoen hazkuntza kontrolatzeko. Molekula horien funtzioa ikertuta onddoek eragindako gaixotasunak sendatzeko zein industrialki onddoak hazteko baliagarri izan litekeen informazioa lor daiteke, eta, hori dela eta, konidiogenonaren inguruan lanean jarraitzeko asmoa azaldu du Ugaldek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia