}

Onddoak

2002/09/30 Elhuyar Zientzia

Garai honetan onddozalez betetzen dira Euskal Herriko bazterrak. Urtero legez, txokoz txoko ibiliko da jendea, ahal dela inork ikusiko ez duen garaian eta han eta hemen zabaltzen diren zurrumurruei adi.

Argazkikoa ere, onddobeltzak bezala ahogozoa egiten ez duen arren, onddo bat da, eta behin baino gehiagotan irentsiko zenuen ziur asko. Itxura horixe dauka ogiaren lizunak mikroskopiotik ikusita.

Onddoena, tamaina eta forma askotako kideen taldea da; taxonomikoki zuzenak izateko, erreinua. Legamiak, lizunak eta mendian jasotzen ditugun onddoak, itxuraz desberdinak diren arren, berdinak dituzte hainbat ezaugarri: zelula eukariotoz osatuta daude, hau da, guk bezala DNA nukleo baten barruan gordetzen dute, baina ez dute landareek bezala fotosintesia egiteko gaitasunik.

Elikatzeko, bizirik edo hilik dagoen materia organikoak dituen elikagaiak xurgatzen dituzte zelula-paretan zehar. Batzuek, azukreak kasu, erraz disolbatzen dituzte eta beste batzuek entzimak erabiliz apurtzen dituzte. Onddoek garbitu egiten dute ingurua, hildako landare eta animaliak jaten baitituzte.

Oro har, onddoak hobeto hazten dira apur bat azidoak diren inguruneetan, baina ia edonon aurki daitezke: lurrean, bizidunen gorputzetan, landareetan, ur gezatan, ur gazitan... pentsa koilarakada bat lurretan 120.000 onddo inguru daudela. Lastima guztiak onddobeltzak ez izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia