Oiloen gripea Hong Kong-en
1998/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Epidemiologoak zoratzear dabiltza Hong Kong inguruan. Oiloei gripea eragiten dien birusaren zepa bat, zenbait giza heriotzen erantzule izan bide da.
Jadanik “Oiloen gripea” bezala ezagutzen den gaitz honen lehen agerpen ezaguna 97ko maiatzean gertatu zen eta hiru urteko mutiko bat hil zuen gaitzak; geroztik beste hiru lagun hil dira eta kutsaturik dauden gaixoen zerrenda gero eta luzeagoa dela diote zenbaitzuek.
H5N1 izenaz ezagutzen da birusa, H (hemaglutinina) eta N (neuraminidasa) baitira birusaren azaleko bi proteinak. Birus hau ezaguna da oilasko-haztegietan eta makina bat arazo sortzen du bertan; zenbait granjetan galera handiak sortu ditu birus honek, baina sekula ez zen gizakiontzat arriskutsutzat hartu.
Hiru urteko mutikoaren kasua funtsezkoa izan zen zientzialariak birus honen gora-beherak ezagutzen hasteko. Haurrak Reye izeneko sindromea zuen eta H5N1 birusa ere atzemateak ikertzaileen jakinmina eta interesa piztu zuen arren, ez zitzaion zuzenean heriotza birusari eragotzi.
Zientzialariek hasieran adierazi zutenez, birus horrek sasoian dauden pertsonengan min arinak sortzen ditu eta soilik zahar eta gaixoengan eragiten ditu arazo larriagoak. Azken heriotzek erakutsi dutenez, ordea, zientzialarien baiztapena baikorregia izan zen, osasuntsu dagoen jende heldua hil baita birusak jota.
Pertsona hauek oilasko-haztegietan zuzenean kutsatu direla uste da. Orain, ordea, gaitza pertsona batetik bestera kutsatzen ote den jakin nahian dabiltza eta, birusaren ezaugarriak ikusirik, horrela izango delakoan daude. Hori horrela
izatekotan, pandemia baten aurrean gaudela esateko arrazoiak egongo lirateke, zientzialarien ustez.
Haserako jakinmina beldur bihurtu da. Izan ere, animaliek gizakioi transmititzen dizkiguten birusen zepak oro har larriak izaten dira, gure sistema inmunologikoak ez baitu ezagutzen gaixotasun berria eta, beraz, ez dio aurre egiten.
Gripe arruntak birus-mota askok eraginda izan daiteke, baina zientziak eta gure sistema inmunologikoak ongi ezagutzen dituzte. Birus hauek mutatzeko gaitasun ikaragarria izan arren, aldaketak ez dira izaten gure defentsa-sistemak ez ezagutzeko adinakoak.
“Oiloen gripea” eragiten duen H5N1 birusaren kasua, ordea, oso berezia da. Gripearen familiako birusetan, adituek bost mota bereizten dituzte: H1, H2, H3, H4 eta H5. Lehenengo hirurek giza-zelulak ezagutzen dituzte; H4 eta H5 motakoak, berriz, —orain arte behintzat— ez ziren giza zeluletara atxekitzen. Txerriek, aldiz, mota guztietako birusak jasaten dituzte eta hauxe da, hain zuzen ere, adituek eskuartean darabilten hipotesietako bat birus honek kutsaturiko txerriren baten baitan jasan duen eraldaketak giza zelulak erasotzeko adinakoak izan direla, alegia.
Historian zehar pandemiak eragin dituzten birus-zepak, animalia haztegietatik eta txerrietatik sortuak izan dira. Nolanahi ere, azken albisteen arabera, Txinako eskualde hurrun batetik etorri bide da gaitza eta bertan, antigorputzak garatu dituzten nekazariak aurkitu ei dira. Informazio honi ez zaio sinisgarritasun handirik eman, adituek diotenez, Txinan ez dagoelako behar bezalako zainketarik eta bertako agintariek kanpoko laguntza beharko luketelako hori guztia behar bezala aztertzeko.
Londresko Ikerketa Medikuetako Institutu Nazionala hasi da jadanik zepa honetarako txertoa ikertzen, baina bertatik zabaldu dutenez, gutxienez sei hilabete beharko dira lanean aurrera egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia