}

Oihanen osaera ikergai

2002/03/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Richard Condit-ek zuzendu duen eta oihan tropikalak ikertzen dituen Smithsonian Institutuko ikerketa-taldeak Panama eta Amazoniako oihanak alderatu ditu.
Zientzialariek Amazonian eta Panaman egindako ikerketak azken honetan biodibertsitate handia dagoela azaldu du.

Zein da munduan biodibertsitate handiena duen eremua? Leku hori Amazonia dela pentsatzea da ohikoena, baina erantzun hori ez da erabat zuzena. Oihan tropikalak ikertzen dituzten zientzialarien esanean, galdera horren erantzuna eskalaren araberakoa da.

Amazonian munduko biodibertsitatearen bostena dago eta, ondorioz, hura da munduko ekosistema aberatsena. Baina oihan tropikalak ikertzen dituzten Smithsonian Institutuko ikertzaileek Panamako eta Amazoniako oihanak alderatu dituzte, baita emaitza interesgarria ondorioztatu ere. Panamako oihanetan, bata bestearengandik distantzia jakin batez urrunduta dauden bi eremuren osaera, zuhaitz-espezieei dagokienez, Amazonian baino askoz gehiago aldatzen da.

Aztertu dituzten eremuak Panamako kanalaren ingurukoak, Ekuadorreko Yasuni Parke Nazionalekoak eta Peruko Manu biosferaren erreserbakoak dira. Guztiek hektarea inguruko azalera dute. Ikerketarako, hiru oihan horietako hamar zentimetro baino gehiagoko diametroa duten enborrak kontatu eta identifikatu dituzte; guztira 50.000 zuhaitz inguru. Lan luzea eta pazientzia handikoa, dudarik gabe, baina ez da alferrikakoa izan: distantziaren arabera oihan batean eta bestean arbola-espezieak zenbat aldatzen diren ikusi dute.

Amazonian, bata bestetik 1.000 kilometrora dauden bi eremutan antzeko biodibertsitatea dago. Aldiz, Panamako Isthmus oihanean, nahikoa da bi eremu 50 kilometroz aldenduta egotea desberdintasun nabarmenak ikusteko. Amazonian diferentzia horiek kausitzeko 1.400 km-ko ibilbide luzea egin behar da. Aldaketa handi horiek direla eta, zuhaitzen biodibertsitateari dagokionez, Panamako eremu batzuk Amazoniako eremu zenbait bezain aberatsak edo pixka bat aberatsagoak dira.

Beta dibertsitatea: osaeraren termometroa

Oihanen osaera zenbat aldatzen den ikustea ez da nahikoa, ordea. Orain, aldaketa horiek ongi neurtu eta zergatik gertatzen diren ulertu nahian ari dira. Ikerketa zuzendu duen Richard Condit-ek azaldu duenez, "ekologistek oihanen osaeraren aldaketak distantziaren arabera definitzeko termino tekniko bat erabiltzen dute: beta dibertsitatea. Distantzia txikian oihanaren osaera asko aldatzen denean, oihanaren beta dibertsitatea handia da eta osaera homogeneoa delarik, berriz, —Perun eta Ekuadorren kasu— txikia".

Ikerketaren helburua eredu matematikoen bidez beta dibertsitatea handia edo txikia izatearen arrazoiak definitzea izan da. Izan ere, orain arte, oihanaren osaera ulertzeko habitatari eta zuhaitzen haziek hedatzeko duten gaitasunari erreparatu bazaio ere, ikerketa honek ezohiko gertaerak ere aintzat hartu ditu. Ikertzaileen arabera, hori guztia ez da okerra, baina, zuhaitz tropikalen arteko desberdintasunak sakonago aztertuta, haratago joan behar da.

Halaber, aipatzekoa da asmo berarekin Guyanako oihanean aurrera eraman den beste ikerketa bat. Lan hori Ikerketarako eta Garapenerako Institutuak egin du. 17.000 landare identifikatu dituzte eta, lehen aldiz, erortzen den zuhaitz-kopuruak oihanaren osaeran eragina duela ondorioztatu dute. Honakoa izan da ondorioa: zuhaitz gutxi erortzen direnean, espezie-barietatea oso handia da eta, aldiz, oihana zaharra bada eta zuhaitz asko erortzen badira, biodibertsitatea txikitu egiten da.

Horrek badu bere logika: zuhaitzak erortzen ez direnean azpikoei itzala egiten die eta, horrela, eguzki-izpien goxotasuna behar dutenek eta itzala preziatzen dutenek elkarri laguntzen diote. Argi dago, behintzat, ikertzaileak basoen osaera aztertu eta ulertu nahian dabiltzala eta, poliki bada poliki, osaera horretan eragina duten faktore guztiak identifikatzen ari dira. Helburura hurbiltzen behintzat ari dira.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia