}

Ohean etzanda, espazioan bezalaxe

2005/07/31 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aspaldiko partez, emakumeak dira protagonista espazioaren esplorazioan. Eta ez espazio zabalera irtetekotan direlako, baizik eta espazioko egonaldiek gorputzean duten eragina ikertzeko emakumeekin ari direlako lanean. Hogeita lau emakumek bi hilabete ohean egingo dituzte.
Hamabi emakume osasuntsu aukeratu dituzte espazioko kondizioek osasunean duten eragina ikertzeko.

Egonaldi laburretan ez dago arazo handirik: muskulua galtzen da eta hezur-ehunean ere arazoak izaten dira. Baina astronautak aurrez ondo prestatuta egoten dira, eta misioak dirauen bitartean ere saiatzen dira arazoei aurre egiten; ariketa fisikoa egiten dute eta dieta berezi bat izaten dute mikrograbitateak ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Baina espazioan denbora luzez egonez gero osasun-arazo larriak izan daitezke. Martera misio tripulatu bat bidali nahi bada, esate baterako, mikrograbitateak gorputzean eragiten dituen kalteak saihesteko modua aurkitu beharko da.

Bada, testuinguru horretan kokatu behar da Frantziako Espaziorako Medikuntza eta Fisiologia Institutua (MEDES) egiten ari den ikerketa hau —Europako Espazio Agentziaren baitan—. Hamabi emakume bi hilabetez ohean etzanda egon dira Tolosako Rangueil ospitalean, eta udazkenean beste horrenbeste egingo dute beste hamabi emakume boluntariorekin.

Guztira hogeita lau emakume dira, beraz, proba hauetarako aukeratu dituztenak. Osasuntsuak guztiak ere, hogeita bost eta berrogei urte bitartekoak, eta, batez ere, kemen handikoak. Izan ere, probak ez dira nolanahikoak. Bi hilabetean ohean etzanda, hankak burua baino gorago edukita (sei graduko angeluan), astronautek espazioan jasaten dituzten ondorio fisiologikoen antzekoak pairatu behar izan dituzte.

Astronauten kalbarioa

Espazioan hilabete batzuk egin eta gero, lur jota itzultzen dira astronautak.
ESA

Astronautak mikrograbitatean jolasean ikusitakoan, ez izan inbidiarik, ez omen da batere atsegina. Esperimentu honekin antzeko egoeran jartzen dituzte emakumeak, eta, hasteko, etzan eta ordu batzuetara odola eta beste fluido batzuk buruan pilatzen dira, aurpegia handitu egiten da eta buruko mina hasten da. Egun batera, likidoa gorputzaren goiko aldean pilatu denez, txizaren bidez litro bat inguru likido galtzen da. Eta, belarrietan eta oinazpietan estimulu falta dagoenez, zorabioak izaten dira, eta, batzuetan, botagura ere bai.

Denbora igaro ahala, eta ariketa fisikorik egin ezean, hanketako eta bizkarreko muskuluak atrofiatzen hasten dira, laburtu egiten dira. Hileko hezur-masaren % 2 galtzen da. Bihotzeko muskuluak ere ahuldu egiten dira, grabitatearen aurka odola ponpatu beharrik ez dauka eta.

Berez, astronautek egunean pare bat orduz ariketak egiten dituzte, eta dieta egokitu bat daukate, baina, hala ere, hilabete batzuen buruan oso ahulduta itzultzen dira; batzuk ibiltzeko gai ere ez dira izaten Lurrera iritsitakoan.

Gizakia Martera iritsiko bada, behar-beharrezkoa da mikrograbitateak osasunari egiten dion kaltea saihestea.
ESA

Hori dela eta, esperimentu horretan ariketa fisikoaren eragina eta dietarena aztertu dute. Hamabi emakumeak hiru taldetan banatu dituzte: bata ariketa fisikoaren eragina ikertzeko, bestea proteinatan aberats den dieta bat probatzeko, eta, hirugarrena, ezer berezirik egin behar ez zuen talde bat, kontrolerako.

Ariketa fisikoa egiteko bi makina erabili dituzte: bata yo-yo antzeko bat da —hala deitu diote boluntarioek—, hankak aurrera eta atzera mugitzeko. Beste tresna korrika egiteko zinta baten antzekoa da, baina kaxa antzeko baten barnean —paretan gora korrika egitea bezala omen da—.

Beste taldearekin, dieta bereziko taldearekin, alegia, zera frogatu nahi izan dute: proteinatan aberats den dieta bat nahikoa dela muskulu-galera saihesteko. Horretarako, proteinatan aberats diren edariak erabili zituzten, batez ere leuzinatan aberatsak, muskuluetan eragina baitauka. Dieta hori egitea, ordea, ez da samurra izango, nahiko gustu nazkagarria omen du eta.

Emakumeak protagonista

Lehen ere egin izan dira antzeko ikerketak, baina gizonezkoekin. Izan ere, espaziora ere askoz gizonezko gehiago joaten dira emakumezkoak baino: hiru emakumek baino ez dituzte sei hilabete baino gehiago egin espazioan, gizonezkoetan, aldiz, 48k; eta horietako 20k urtebete baino gehiago egin dute. ESAk ikerketa hori emakumeekin egiteak zerbait adierazten du: etorkizunean emakumeak gaur egun daukan baino garrantzi handiagoa izango du espazioko bidaietan.

Gaur egun astronauten gutxiengoa da emakumea, baina etorkizunean batek daki.
ESA

Agian, emakumeen eta gizonezkoen artean ez da alde handirik izango fisiologikoki, baina aditu batzuen ustez posible da emakumeek erantzun hobea izatea. Hori ere ikusi nahi dute esperimentu horren bitartez.

Bada, esperimentu horren lehenengo zatia amaitu da: hamabi emakume bi hilabetez ohean etzanda eduki dituzte, eta, hilabeteko errehabilitazioaren ondoren, dagoeneko etxean dira.

Emakume horiek guztiak gustura agertu dira izandako esperientziarekin, ez omen zaie luze egin, eta oso ondo zaindu omen dituzte.

Berez, ariketa fisikoa egin dutenek hobeto amaitu omen zuten; kontrol-taldekoek, aldiz, mina izan zuten, balantzaka ibiltzen ziren eta hankak eta bizkarra laburragoak zituzten, uzkurtuta bezala. Baina oraindik ez dituzte argitaratu ondorio nagusiak. Izan ere, udazkenean esperimentua errepikatzekotan dira beste hamabi emakumerekin. Boluntariorik?

7K-n argitaratua.