Odón de Buen, ezagutzaren eta ozeanografiaren alde
2015/01/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Errepublikarra, librepentsalaria, ateoa eta darwinista. Horrela definitzen zuen bere burua Odón de Buen y del Cos zaragozarrak. Ez zen harritzekoa, beraz, 1936an kartzelan bukatu izana. Umilazioa, isolamendua, gaixotasuna eta zikinkeria. “Dena zegoen arkakusoz, potrozorriz eta labezomorroz josia; eraikin osoa zimitzez betea, baita erizaintza eta sukaldea ere” idatziko zuen. Baina, egoera horretan ere, itsasoari buruzko eskolak ematen jarraitu zuen, kartzelakideei, zaindariei, mojei, erizainei…
“Ezagutzak libre egingo gaitu” zen De Buenen bizitzako idealetako bat. Eta kultura zientifikoa zabaltzeko helburuarekin lan egin zuen beti, zientzia-kazetari, unibertsitateko irakasle, politikari eta ozeanografiaren aitzindari gisara.
Zuera herrian jaio zen 1863an. Ikasle bikaina izaki, familiaren esfortzuari eta Zuerako udalak emandako laguntzari esker egin ahal izan zituen batxilergoa, Zaragozan, eta Natura Zientziak karrera, Madrilen. Bai batean eta bai bestean, ikasle gazteagoei eskolak emanez irabazten zituen pezetatxo batzuk. Unibertsitatean, Miguel Primo de Rivera izan zuen ikasle, eta lagun.
Unibertsitateaz gain, eskola izan zuen Las Dominicales del Libre Pensamiento astekaria ere. Zientzia-albisteak idazten zituen: hasi Errusiako trenbideen kilometro-kopurutik, eta Ramón y Cajalen ikerketetara.
1885ean, 22 urte zituela, Espainiako Armadaren Blanca fragata zaharrak munduari bira emanez egingo zuen espedizioan naturalista gisara parte-hartzeko aukeratu zuten. Artean, naturalista zaragozarrak ezer gutxi zekien itsasoari buruz.
Hiru urtekoa izan behar zuen bidaia bost hilabetekoa izan zen, eta Europan eta Afrikaren iparraldean ibili ziren. Baina erabakigarria izan zen De Buenentzat. Honela idatziko zuen ia 50 urte beranduago, bere memorietan: “Bidaia hartan nire etorkizuneko bizitzaren norabidea hartu nuen. Itsasoarekin egin nuen topo, eta begietsi nuen: itzel, izugarri, gure zurezko ontziaren deuseza erdeinatzen. Olatuen azpian gordetako sekretuak eta ozeanoetako biziaren jatorria ezagutzeko grina aseezin bat sentitu nuen. Erabaki nuen nire jarduna ozeanografiari eskainiko niola, zeina orduan hastapenetan zegoen”.
1889an Bartzelonako Unibertsitateko Zoologia eta Botanikako Katedra hartu zuen. Lan izugarria egin zuen han hezkuntza eraldatzeko. Eskola magistraletan baino gehiago sinesten zuen praktiketan, eta irteerak antolatzen hasi zen lagin geologikoak edo itsasokoak biltzeko. “Natura-zientziak museoetan ikastea literatura hiztegietan ikastea bezala da” zioen.
Askok ez zuten begi onez ikusten irakasteko modu hura. Eta horrek baino arazo gehiago ekarriko zizkion Darwinen teoriak irakasten eta hedatzen hasteak. Historia naturalarari buruz idatzi zituen liburuak debekatu zituzten, eta bere irakaskuntza heretikoa zela salatu zuten. 1895ean katedra kendu zioten. Unibertsitatetik bidali zuten egunean, 300 bat ikaslek etxera lagundu zioten, “Gora askatasuna!”, “Gora hezkuntza librea!”, “Gora Odón de Buen!”, eta “Behera gotzaina!”, “Behera erlijioa!”, oihu eginez.
De Buenek ez zion eskolak emateari utzi. Elkarteetan, edo ahal zuen lekuan ematen zituen. Istiluen eraginez, unibertsitatea itxita egon zen bi hilabetez. Eta, azkenean, De Bueni katedra bueltatzea erabaki zuten.
Bartzelonan politikari ere izan zen: zinegotzi eta senatari. Horrek bere lan zientifikoa pixka bat atzeratu zuela aitortuko zuen bere memorietan, baina asko balio izan ziola Espainiako ozeanografia-ikerkuntza antolatzeko. “Senatari izateak ate handiak ireki zizkidan. Arrain handien artean sinpatia lortu nuen; Espainiatik kanpora sona lortu nuen; eta Monakoko Printzearekin harreman estua izan nuen, niretzako ohore handia eta Espainiarentzat probetxu kalkulaezinekoa”.
Gero, politika utzi eta zientzian eta hezkuntzan ariko zen buru-belarri. 1906an Itsas Biologiako Laborategia sortu zuen Mallorcan. Eta hurrengo urtetan hainbat kanpaina ozeanografiko egingo zituen.
Garai hartan sortu zen Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea ere (1908), eta De Buenek harreman estua izan zuen hasieratik elkarte harekin. 1913an, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak gonbidatuta, hitzaldi pare bat eman zituen Miramar zinema-aretoan. Besteak beste, Espainiako Institutu Ozeanografikoa sortzeko proiektuaz aritu zen. Entzuleen artean zegoen Alfonso XIII.
Hurrengo urtean, 1914ean, sortu zuten IEO Espainiako Institutu Ozeanografikoa. Erregeak paper garrantzitsua izan zuen, De Buenen esanean: “…erregeari nire txaloen omenaldia. Estatuburuak interes bizia erakutsi du Espainian ikerketa ozeanografikoak garatzeko, bai nire Donostiako hitzaldi xumeak zirela eta Monakoko Printzea Madrilen izan zenean, eta baita horretarako aukera egokia izan duenero ere”.
Lorpen handia zen IEO. 1885eko bidaia hura egin zuenetik garbi ikusi zuen ozeanografian ikertzeko beharra, eta Espainian horretarako egitura eta oinarri sendo bat jartzea lortu zuen De Buenek. Aurrerakoia izan zen gainera itsasoaren ikerketari buruz zuen ikuspuntua ere: “Elikagai osasungarri eta merkeen iturri agortezina da itsasoa, etengabe berritzen dena; baina beharrezkoa da jakinduriaz arautzea ustiaketa. Ikerketa ozeanografikoen oinarririk gabe ezingo da urrats bat aurreratu, eta arrisku larrian egongo ginateke iturria lehortzeko, emaria handitu beharrean”.
1920ko hamarkadakoak urte bikainak izan ziren De Buenentzat. Espainian eta nazioartean begirune handia izan zuen. Primo de Riveraren lagun izatea ere ondo etorri zitzaion haren diktadura-garaian. Bere azken urteak, ordea, ez ziren gozoak izan. 1936an, Madrilen aztoramendu handia zegoela ikusita, Mallorcako laborategira joan zen, han lasaiago egongo zelakoan. Han harrapatu zuten nazionalek. Urtebete kartzelan egin ondoren, Europatik zetozen eskariei esker askatu zuten, Primo de Rivera zenaren arrebaren eta alabaren truke.
Frantziara ihes egin zuen De Buenek, emaztearekin batera. Han hasi zen bere memoriak idazten. 1941ean, emaztea hil zitzaionean, Mexikora joan zen. Han zituen semeak. Honela idatzi zuen haientzat, 80 urte bete zituenean: “Nire betiko librepentsalari-ideiekin jarraitzen dut. Oso gaztetatik erlijiotik kanpo bizi izan naiz, eta etxe librepentsalari zoriontsu batean hezi zarete. Ehortzi nazazue zibilki (…) Nire gorpua egon dadila, ahal bada, zuen ama santuarenaren ondoan. Edozein erlijiotik kanpo hil zen eta zibilki ehortzi zen. Gure erlijioa kontzientzia-zuzentasuna zen, eta ongia, familia, zientzia, askatasuna, justizia, eta lana. Ahal izan genuen on guztia egin genuen; eta ez genion nahita inori txarrik egin”.
Bibliografia:
Ansede, M.: “El divulgador de la ciencia asediado por la Iglesia”. Materia (2013)
Buj, A.: “Buen, Odón de. Mis Memorias (Zuera, 1863-Toulouse, 1939)”. Biblio 3W, Revista Bibliográfica de Geografía y Ciencias Sociales, Bartzelonako Unibertsitatea, 11(541) (2004)
Calvo Roy, A.:”Odón de Buen, ciencia y política entre las dos repúblicas”. Hitzaldia, Donostiako Aquariumen (2014)
Parrilla-Barrera, G.: “Odón de Buen, Forerunner of spanish oceanography”. Oceanography 18(3) (2005)