}

Odolbilduak galarazteko botika berria

2002/09/05 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Odolbilduen ondorioz gertatzen dira bihotzeko eta burmuineko infartu gehienak. Horiek saihesteko, odola mehetzen duten botikak erabiltzen dira. Ebakuntzetan ere oso erabiliak dira odolbilduen aurkako botikak, arazorik gerta ez dadin. Ebakuntzaren ostean, odola bere egoera normalera bueltatzeko, botikaren aurkako antidotoak erabiltzen dira.

Hala ere, erabiltzen diren botikek albo-ondorio nahiko larriak izaten dituzte. Batzuetan, antidotoak oso erreakzio bortitzak eragiten ditu. Beste zenbaitetan, ez da oso erraza botikaren dosi egokia zein den jakitea. Gaur egun erabiltzen diren botiken ondorio txarrak gainditzeko, oinarri berri bat duen botika sortu du Britainia Handiko zientzialari-talde batek.

Botika berria eta bere antidotoa aptamero deitzen diren molekula batzuetan daude oinarrituta. Aptameroak RNA kate txiki batzuk dira, eta, base-sekuentziaren arabera, forma espezifiko batean biribiltzeko gaitasuna dute. Biribilduta daudela, odolbildua sortzen duten proteinetara lotzeko gai dira. Beraz, proteinak ezingo dira pilatu, eta ez da odolbildurik sortuko.

Botikarentzako antidotoa beste RNA sekuentzia bat da. Botikaren sekuentzia osagarria denez, botikaren eta antidotoaren RNA kateak berez elkartzen dira eta, ondorioz, proteina aske uzten dute. Horrela, odola bere egoera normalera buelta daiteke.

Botika berria animalietan probatzeko lehen pausoetan badabiltza ere, jadanik aptameroek izan ditzaketen beste erabilera batzuk aztertzen hasiak dira. Gaixo bakoitzarentzat egokitutako dosiak eman behar direnean, anestesiaren edo kimioterapiaren kasuan esaterako, oso egokiak izan daitezke aptameroak; antidotoa izatean, tratamendua edozein unetan eteteko edo botikaren kontzentrazioa kontrolatzeko aukera ematen baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia