Odol-analisi bidez, organo-errefusei antzemateko modua asmatu dute
2011/04/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Organo-transplanteak jasotzeak bizirik irauteko aukera paregabea ematen die pazienteei. Hala ere, bizitza osoan kontrolatu beharreko zerbait bilakatzen da haientzat. Beren gorputzak kanpotik sartutako organoaren kontra egin dezake, eta halabeharrez eten behar izaten dute eraso hori, organoa galtzera ez iristeko. Eta, horrekin batera, aldian-aldian azterketak egin behar izaten dituzte, organoak babestuta jarraitzen duen kontrolatzeko. Bada, Estatu Batuetan kontrol hori errazago egiteko modu bat proposatu duteStanford Unibertsitateko ikertzaile batzuek: gorputza jasotako organoaren kontra egiten ari den odol-analisi bidez jakiteko modu bat asmatu dute.
Gaur egun, oso nekeza da errefusa gertatu den jakiteko erabiltzen den prozesua. Transplantatutako organoaren zatitxoak hartzen dituzte zuzenean (hau da, biopsiak egiten dituzte), eta oso maiz egin behar izaten dute hori: hasieran, transplantea egin eta lehenengo urtean, gutxienez hamabi biopsia egiten dizkiete, eta, hurrengo lau urteetan beste bi edo hiru urtean.
Transplanteak jasotzen dituztenen % 40k, gutxi gorabehera, lehenengo urtean errefusatzen dute organoa. Azken batean, gorputzak kanpotik sartzen zaion beste edozein gorputz arrotzen aurrean bezala erantzuten du. Gorputz arrotz guztiak kaltegarritzat jotzen ditu, eta immunitate-sistema haien kontra lanean jartzen du. Horregatik, transplantatzeko prest dauden organoentzat hartzaile egokienak bilatzen dituzte espezialistek. Alegia, emaileak eta hartzaileak ahalik eta antzekotasun gehien izan ditzaten saiatzen dira, immunitate-sistemaren erasoa ahal duten neurrian saihesteko.
Dena den, botika bidez ere laguntzen dute gorputzaren berezko erreakzio hori eteten, eta immunitate-sistemaren erantzuna geldiarazten duten botikak ematen dizkiete transplanteak jasotako pazienteei.
Neurri horiek guztiak hartuta ere, batzuetan gertatzen da gorputzak organoa errefusatzea. Horrelakoetan, garrantzitsua da ahalik eta azkarren antzematea errefusaren sintomei, errazagoa delako haren kontra egitea. Horregatik egiten da hain jarraipen estua transplanteak egin eta gero.
Errefusaren aztarnak odolean
Transplantatutako organoan ez ezik, Stanford Unibertsitateko ikertzaileek susmoa zuten odolean ere egon zitekeela errefusaren adierazlerik. Izan ere, errefusa gertatzen denean, transplantatutako organoaren zelulak hil egiten dira pixkanaka, eta DNA-zatiak hartzailearen odolean sartzen dira. Berez, beti agertzen da odolean organoaren DNA pixka bat, baina, errefusa gertatzen denean, haren maila handitu egiten da.
Lehendik ere ohartuta zeuden efektu hori gertatzen zela. Ikertzaile-talde horrek berak orain dela urte batzuk ikusi zuen gizonezkoen organoak jasotzen zituzten emakumeetan gizonezkoen DNA agertzen zela odolean. Hain zuzen, emakumeak eta gizonak bereizten dituen kromosoma, gizonezkoen Y kromosoma, detektatu zuten emakume horien odolean. Eta ikusi zuten Y kromosomaren kantitateak gora egin zuela emakumeek jasotako organoa errefusatu zuten kasuetan.
Test hori orokortzeko asmoz, eta ez zedin bakarrik gizonen organoak jaso dituzten emakumeentzat baliagarria izan, pentsatu zuten pertsonen arteko bereizketa-tekniketara jotzea. Aitatasun-probetan, hilketa-kasuetan eta bestelako auzitegi-azterketetan egiten den bezala, transplanteak jaso zituzten pertsonei odol-laginak hartu, eta hango DNA pertsona horrena berarena edo organoarena den aztertu zuten. Hala, ikusi zuten emailearen DNA odolean ageri den DNA guztiaren % 1 baino gutxiago denean, ez dela arazorik egoten. % 3-4ra igotzeak, berriz, hartzailea transplantea errefusatzen ari dela adierazten du.
Are gehiago, ikertzaileek adierazi dute biopsien bidez baino azkarrago iragarri zutela aztertutako kasuetan errefusa gertatuko zela. Izan ere, errefusaren sintomak organoan agertu baino lehen hasten da pilatzen hildako zelulen DNA odolean.
Hala ere, ez zituzten identifikatu errefusa guztiak; kasuen % 17k huts egin zutela adierazi dute. Beraz, oraindik doitu beharreko teknika bat da, eta saio eta entsegu gehiago egin behar dituzte, baina ikertzaileek uste osoa dute potentzial handia izan dezakeela. Ikerketan parte hartu ez duten beste aditu batzuek, hala nola Massachusettsko Ospital Orokorreko transplante-unitatearen zuzendariak, adierazi dute zuhur hartu beharreko albistea dela, baina ona dela biopsiak egin behar ez izateko moduak asmatzea eta garatzea.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia