Obesitatean ez du dietak bakarrik eragiten
2005/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizidunen barne-erlojua hainbat genek kontrolatzen dute. Horietako batek, Clock izenekoak, jarduera zirkadianoan hartzen du parte, hau da, egun-gau zikloari lotuta dagoen erloju biologikoan. 1997an aurkitu zuten genea, eta, orain, ikertzaile-talde berak beste ezaugarri bat aurkitu du Clock genearekin lotuta: akatsik izanez gero, obesitatea eragiten duela saguetan.
Obesitateak zerikusia du dietarekin, baina, ikertzaile horien arabera, ez horrekin bakarrik. Clock genean akatsak dituzten saguek kasu guztietan garatzen dute obesitatea, dieta edozein izanda ere. Bi dietarekin egin zuten ikerketa, gantzetan aberatsa bata eta arrunta bestea. Clock genean mutazioak zituzten saguek bi kasuetan garatu zuten obesitatea. Mutaziodun saguek, gainera, besteek baino lo gutxiago egiten zuten.
Saguek eta gizakiek antzeko erloju zirkadianoak dituztenez, gizakion kasuan Clock genearen eta obesitatearen arteko lotura nolakoa den ikertzen hasiko dira ikertzaileak. Bestalde, beste gaixotasun asko ere ikertu beharko dituzte, barne-erlojuak esparru askotan eragiten baitu.