}

Numerologia (II)

1996/05/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pitagorasek landutako teoria desberdinen bidez, zenbakiak neurtzeko tresnak baino askoz gehiago direla erakutsi zaigu. Batetik bederatzi arteko zenbaki bakunak bizitzaren esperientziak isladatzen dituzten ezaugarriekin lotu izan dira. Hamarretik gorako zebakiak berriz, konposatuak dira eta beraz, hasierakoen errepikapen hutsatzat hartu ohi dira. Zenbakiek printzipioak adierazten dituzte maila unibertsalean eta norberaren ezaugarriak eta ahalmenak maila pertsonalean.

Bat zenbakia

Esanahi unibertsalak: Jainkoaren zenbakia da, zenbaki ar lehena; Yang, Adan, batasuna, argia, kreazioa, nia, printzipio aktiboa, identitatea, berdintasuna eta existentzia isladatzen dituen zenbakia. Batzuetan norberekeriaren eta tiranoen zenbakia ere izan daiteke. Gauza guztien oinarria da bat zenbakia, beste zenbakien jatorria eta sorburua. Kanpo-itxura aldatu gabe, gauza guztietan sar daitekeen izpiritua: gainerako zenbakiak batez zatitzen direnean, ez dira aldatzen. Mugiezina eta aldaezina ere bada, bere buruaz zatitu edo biderkatuz gero, beti bera lortzen baita.

Sinboloak: Eguzkia, adarbakarra eta Leo.

Ikurra: Puntua.

Esanahi pertsonalak: Bat zenbakidun pertsonak aitzindariak, ikusketariak eta berritzaileak dira. Irmotasunari eta erasokortasunari esker, botereko posizioetara iristeko aukera izaten dute. Bata da helburuaren, handinahiaren eta ekintzaren zenbakia eta, ongi erabiliz gero, bat zenbakidunek arrakasta lor dezakete. Dinamikoak dira eta gogor lan egiteari ez diote batere beldurrik. Buruzagiak izateko jaioak, bere buruaren kontrol osoa dute. Gutxitan joko dute laguntza eske eta behin erabaki bat hartuz gero, nahiz eta okerra izan, azkeneraino eutsi egingo diote.

Baina bat zenbakidunaren atzealdeak guztiz bestelako ezaugarriak dakartza: nagiak, konfidantzagabeak eta ezbaikorrak izan daitezke; beste muturrean, berekoi, meneratzaile eta eszentriko ere bihur daitezke.

Etorkizunari aurrez aurre begiratzen diote; erraz ahaztuko dute iragana eta buru-belarri murgilduko dira proiektu berrietan. Ez dira jeloskorrak, baina fideltasun-ezaren aurrean gogor erantzungo dute. Ez dute eztabaida maite; bere ingurukoei arretaz entzungo die eta hartuko dituzte. Hitz bitan, leialak, zintzoak, xarmantak eta bihotz handikoak dira bat zenbakidunak.

Hitz gakoak
Positiboentzat : aitzindaria, energikoa, arra, erasokorra, sortzailea, independentea, originala eta meneratzailea.
Negatiboentzat : Berekoia, setatia, tiranikoa.

Bi zenbakia

Esanahi unibertsalak: Lehen zenbaki emea da, antitesia, polartasuna, aurkariak, bikoitiak, osagarriak eta bikoteak irudikatzen dituena. Desberdintasunaren zioa da eta dualtasunaren eta aldaketaren zenbakia. Yin, betiereko emea, geldotasuna, menpekoa, bakearen eta harmoniaren nahia eta adiskidetzea biltzen dituen zenbakia. Endelguaren printzipioa ere bada. Bitasunak aukera egitera eramanten gaituen ezaugarria da: ona/gaitza, negatiboa/positiboa, arra/emea, etab.

Sinboloak: Ilargia, Akuario eta edozein gauzatatik bi.

Ikurra: Lerro paraleloak.

Esanahi pertsonalak: Bi zenbakidunak atseginak, onberak, artistikoak, irudikorrak eta erromantikoak izan ohi dira. Bere ezaugarri intelektualak nabarmentzen dira fisikoen gainetik eta bere ideiak garatzeko energia handirik ez badute ere, asmamenetarako joera izaten dute, baita pentsamenduak ordenatzeko joera handia ere. Ez dira agintzeko jaioak, jarrerak bateratzeko, kooperatzeko eta obeditzeko baizik. Botere ezkutuak izaten dituzte eta intuizio handia. Lotsatiak dira orokorrean eta aldarte-aldaketak ere maiz izaten dituzte. Edertasuna eta ordena maite dituzte. Bi zenbakidun negatiboei dagokienez, depresiboak, maulatiak, gaiztoak eta ankerrak izaten dira. Jendearekiko eta gauzekiko posesiboak dira.

Etorkizunari begira, bi zenbakidunek unearen desegokitasuna eta kontua hartu beherra irudikatzen dituzte.

Guraso izatera helduta, arduratsuak dira beti, diruari kontu handiz erreparatzen diote eta seguritatea bermatzen dute. Konfidantzaren eta adorearen bila ibili ohi dira. Ez dituzte hika-mikak maite eta bakea egitekotan, lehenak izango dira beti.

Hitz gakoak
Positiboentzat : Emea, sentibera, hartzailea, ulerkorrra, atsegina, onbera eta orekatua. Negatiboentzat : Maulatia, ankerra, gaiztoa.

Hiru zenbakia

Esanahi unibertsalak: Denboraren eta patuaren zenbakia da. Famila irudikatzen du eta bere baitan hirutasun-mota guztiak biltzen dira, esate baterako, jaiotza/bizitza/heriotza edota zerua/lurra/infernua; Brahma (sortzailea), Visnu (kontserbatzailea) eta Xiba (suntsitzailea). Hiru zenbakiak halaber, kreazioa eta ugaltzea, hau da, ahalmen sortzailea irudikatzen du, izpirituala nahiz sexuala. Batak (arrak) eta biak (emeak) sortzen duten gatazkaren irtenbidea ere bada. Zazpigarren eguneko mundua.

Sinboloak: Jupiter eta Kaprikornio.

Ikurra: Triangelua.

Esanahi pertsonalak: Hiru zenbakidunak oro har, handinahiak dira eta ez dute menpeko izatea maite. Igotzeko eta hobetzeko joera dute eta maiz lortuko dute helburu hori, zorrotzak, originalak eta sogileak baitira. Ezbeharretan ere, patua eta zoria lagun izaten dituzte. Aldakorrak, adimentsuak eta satirikoak agertu ohi dira. Hiru zenbakidun negatiboak bestalde, egiatiak, lausengatzaileak, xahutzaileak eta ergelak izan daitezke.

Etorkizunari begira, zorian jartzen dute konfidantza osoa eta proiektu berriei ekiteko grina azaltzen dute.

Ez dira jeloskorrak, ezta posesiboak ere. Sortzaileak, odolberoak, xeratsuak eta leialak. Lagunartean atseginak, burutsuak eta alaiak. Harreman bat bukatu dela erabakiz gero, betirako joko dute amaitutzat.

Pitagorikoen artean, zenbakirik garrantzitsuena da, hasiera ezezik, erdia eta bukaera ere adierazten dituelako. Sorginkeriak ere hiru aldiz errepikatu behar izaten dira eta hortik, nahiaren eta igarkizunen zenbakia ere bada.

Hitz gakoak:
Positiboentzat : Aldakorra, artistikoa, burutsua, energikoa, zorionekoa, distiratsua, komunikakorra, lagunkoia.
Negatiboentzat : Ergela, xahutzailea, lausengatzailea.

Lau zenbakia

Antzinako kulturetan, zenbaki sakratutzat hartu izan da, Jainkoaren izenak lau hizki zituelako.

Esanahi unibertsalak: Mundua, Lurra eta zuzentzaile-klasea irudikatzen ditu lau zenbakiak. Oinarrizko printzipioen eta materia solidoaren zenbakia da; Pitagorikoen ustez, miraririk handiena da zenbaki hau, naturaren iturria. Puntu kardinalak, urtaroak, elementuak (lurra, airea, sua eta ura) eta haizeak lau zenbakian biltzen dira. Emearekin ere lotu izan da eta Pitagorikoek solidotasuna, egonkortasuna eta oreka adierazten zituela uste zuten. Pertsonalitatearen lau eiteak ere irudikatzen ditu: gorputz fisiko eta astrala, arima eta izpiritua. Lau funtzioak —zentzatzea, sentimendua, pentsamendu logikoa eta intuizioa— eta materiaren lau eiteak ere horretan biltzen dira.

Sinboloak: Urano, tarotaren paloak eta Menorah argimutila.

Ikurra: Karratua eta halabeharrez, kuboa.

Esanahi pertsonalak: Lau zenbakidunak sortzaileak, antolatzaileak, eraginkorrak eta praktikoak dira. Lurrari atxekiturik bizi direlako, traketsak ere izan daitezke. Errespetua sortzen dute eta izukaitzak izaten dira. Fidagarriak, zehatzak eta lasaiak.

Lau zenbakidun negatiboak bestalde, motelak eta aspergarriak izan ohi dira; setatiak, ahulak eta ordenagabeak. Depresiorako eta etsipenerako joera izaten dute eta edozer eta edozeinen aurrean, susmo txarrak hartuko dituzte berehala.

Etorkizunari dagokionez, bizitza serioski hartzearen aldekoak dira. Bestalde, lan neketsuko aroa heldu dela adierazten du. Etxekorrak dira, finantzaz ongi arduratuko dira eta adeitsuki joko dute beti, lagun asko izanik.

Hitz gakoak
Positiboentzat : Lasaia, iraunkorra, praktikoa, langilea, egonkorra, errespetagarria, eraginkorra, pazientea eta sortzailea.
Negatiboentzat : Traketsak, betilunak, ezkorrak, malenkoniatsuak, arduragabeak, mesfidatiak eta errepresiboak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia