Numerologia (I)
1996/03/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hori aitzaki harturik, ezkutuko zientzia baten inguruan artikulu-sorta bat prestatu dugu. Zientzia hori izendatzeko izen orokorra aukeratu dugu, hots, numerologia (zenbakikeria?, zenbakilogia?), baina bere baitan arte desberdinak biltzen dituela esan beharra dago. Bestalde, artikulu hauen helburua ez da zientzia horren sakontasuna arakatzea, zientziak eman dezakeenaren azaleko azalpena eta adibidea ematea baizik. Hortaz, interesatuek iturrietara eta adituengana jo beharko dute.
Historian sakonduz
Etorkizuna igartzeko modu gisa, numerologia noiz sortu zen esaterik ez dago. Izan ere, Kaldea, Egipto, Asiria, Babilonia, Grezia edota Indian berezko numerologiak sortu eta erabili ziren. Hebraitarrek alfabetoko 22 letratan oinarritutako Gematria kabalistikoa izeneko sistema magiko-filosofikoa asmatu zuten. Sistema horretan 22 letrak 1 eta 8 arteko zenbakiekin lotu zituzten eta horren bidez, Idatzien esanahi ezkutua, pertsona baten izaera edota etorkizuna bera adierazten zuten. Pitagorikoen iritziz bestalde, zenbakien bidez den-dena adieraz zitekeen eta horrela, zenbaki bakoitzari zegozkion ezaugarrietan oinarrituz, sistema oso bat osatu zuten guztiaren esanahia argitzeko. Hebraitarren alfabeto eta zenbakien arteko egokitzapenaz eta pitagorikoen metodoaz aurki baliatu zen numerologia bere azterketak egiteko. Geroago nozituko ziren judaismoaren eta kristautasunaren eraginak.
Berpizkundean Heinrich Cornelius Agrippa (1486-1555) filosofo eta aztiak 1etik 9rako zenbakien esanahiak ematen zituen teoria plazaratu zuen. Teoriaren abiapuntua pitagorikoen postulatuak ziren eta gizakien proportzioen eta harmoniaren eta horiei egokitzen zitzaizkien zenbakien artean erlazio konplexuak kalkulatzen zituen.
XVIII. mendearen amaieran Giuseppe Balsamo Cagliostro (1743-1795) aztia, sendatzailea eta izpiritualistaren teoriak agertu ziren. Hebraitarren letra-zenbaki egokitzapenean eta Agriparen eta pitagorikoen teorietan oinarritu zituen bere ikerketak eta antza denez, igarpen zehatzak egin omen zituen numerologiaren bidez. Parisen dirutza handia irabazi omen zuen jokoan eta Strasburgen fedearen bidez 15.000 bat osakera egin zituela esan ohi da.
Alphonse Louis Constant, Eliphus Levi, kabalista eta eruditu handia aurrekoekin batera aipatzen bada ere, ezin dugu zenbakilaritzat hartu. Nolanahi ere, taroteko 22 arkano nagusien, alfabeto hebraitarreko 22 letren eta bizitzaren zuhaitzaren 22 bidesken arteko erlazioa berari zor zaio. 1890 eta 1900 urteen bitartean Leviren teoriak zabaltzeaz arduratu zen Urrezko Goiziriaren Ordeak, Rosacruz-en inspiraziopean. Horietan oinarriturik, koloreak, harriak, landareak edota lurrinak modu zehatzean sailkatu zituzten. Horrez gain, bere kideek erlijio eta sinesmen mitiko askotako jainko eta jainkosak ere sailkatu zituzten, hala nola, kultura greko, erromatar, egiptoar, kristau edo juduarenak.
XX. mendeko numerologiaren zabalpenaz hitz egiterakoan, Aleister Crowley (1875-1947) aipatu beharra dago, zeharka bada ere, eragin handia izan zuelako. Aleisterrek taroten kartetan utzi zuen bere pentsamendu magikoaren ekarpena eta hortik atera zuen numerologiak bere etekina. Zerrenda hau amaitzeko, Louis Hamon (1866-1936) kondea, Cheiro goitizenez ezaguna, aipatu behar dugu. Igarlea, kiromantziako adierazlerik handienetakoa, astrologoa eta zenbakilari bikaina izan zen eta bere bezeroen artean, Sarah Bernhardt, Mark Twain edota Sir Austen Chamberlein zeuden.
Nolanahi ere, zerrenda osatu gabe utziko dugu. Izan ere, tartean makina bat talde ezkutu, azti, sorgin edota ordeak sortu ziren, zenbakien esanahiaz kexu.
Atalak
Zenbakilarien iritziz, gure jaiotegunak eta ordu zehatzak bizitza osorako markatzen gaituzte. Horrez gain, izenarekin edo zehatzago esanda, izenari dagokion zenbakiarekin batera, norberaren trebetasuna edo mugak azter daitezkeela diote. Horrela, gure mugak ezezik, azterketa horrek gure potentzialtasunaren berri ere eman ohi du eta bizialdian zehar zernahi egiteko ongi prestaturik ote gauden edo etorkizunak zer ekarriko digun lantzeko bidea ematen omen du numerologiak.
Galdera berehala bururatzen zaigu: nola egin behar da zenbakien azterketa? Barkatu beharko du irakurleak, baina ez dago erantzun bakarra. Izan ere, numerologia modu askotara eraman daiteke praktikara eta metodo desberdinak erabiliz emaitza arrunt desberdinak lortuko direla ohartarazi behar da.
Gematriaren oinarrian hitz bakoitza zenbaki banakin lotzen dela aurkitzen dugu, zenbakietako informazio inplizitua era horretara deszifratuz. Horrela, hitzen zenbakizko balioa hitza bera osatzen duten letren zenbakiak batuz lortzen da. Zenbakizko balio beraduten hitzen artean erlazioa dagoenez, hitzak, esaldiak eta izenak balio bereko beste batzuekin lotu daitezke eta izenen balio ezkutua Gematria aplikatuz aurki daiteke. Alfabeto hebraitar, greko, latindar eta arabiarreko letrei zenbakiak egokitu zaizkie (2. taula).
Badago ondorio beretsuetara iristeko metodo gehiago ere. Horietako batek jaiotegunean du oinarria eta data zenbakiez idatzi eta gero, guztiak batu eta 1 eta 9 arteko zenbaki batera laburtzen da. Metodoa bera izanik ere, zenbakilariek izen desberdinak erabili ohi dituzte jaiotegunaren zenbakia izendatzeko, hala nola, patuaren zenbakia, jaiotzaren zenbakia, bideska, etab. Horrez gain, jaiotegunarekin jaiotza-taula ere osa daiteke. 3 x 3 taulako zenbakien kokapenaren arabera, Pitagorasek 16 gezi (3 errenkadak, 3 zutabe, 2 diagonal) eta 16 interpretazio eman zituen (ikus 1. irudia). Halaber, datu berean oinarrituz, heldutasunaren piramidea ere osa daiteke. Bertan norberaren garapenaren lau gailurrak agertuko dira eta gailur bakoitzarekin batera, dagozkion zenbakiak, urteak eta adinak. Zenbaki horiek guztiek gailurraren ezaugarria emango digute.
Ikusten denez, jaiotegunarekin loturiko aplikazioak maiz erabili ohi dira numerologian. Nolanahi ere, ez da hori bide bakarra eta esate baterako, izen-deituretan oinarritutako sistema ere nahikoa ezaguna da. Gaur egungo alfabetoko letrei zenbaki bana egokituz, izen-deiturari dagokion zenbakia kalkula dezakegu (3. taula). Horren esanahiari dagokionez, izen-deiturako bokalei “animaren zenbakia” edo “zenbaki ezkutua” deritzo eta horrek barne-nortasuna adierazten du.
Kontsonanteen zenbakiak berriz, kanpoko irudia edo kanpo-nortasuna emango digu. Izen-deituraren osoko zenbakia aurreko biak batuz lortzen da. “Patuaren zenbakia” edo “bizitzaren misio-zenbakia” esan ohi zaio. Zenbaki horrek gure helburuak arrakastaz bete ahal izateko hartu behar dugun bidea argituko digu. Horrez gain, izenen taula ere osa daiteke: izenaren letrei dagozkien zenbakiak jarriko dira 3x3 taulan eta jaiotza-taulan erabili dugun sistema beraz baliatuz, hots, Pitagorasen gezi-sistema erabiliz, datuok aztertuko ditugu. Bistan denez, izenen taula eta jaiotza-taula alderatuz, azterketa osatuagoa egin ahal izango da.
Aritomantzia numerologiaren desbideraketa zaharra da. Ez da pertsonen nortasuna aztertzeko erabiltzen, baina asmaketak egiteko oso erabilia izan da. Pitagorasen letra zenbaki egokitzapenean du oinarria, baina aurrez azaldu diren beste zenbait metodotan ez bezala, aritomantzian izenaren zenbakia laburtu gabe kalkulatzen da. Lortutako zenbakia 1390 baino handiagoa denean, ezkerreko zifra kenduko da (1625 Æ 625). Ondoren zenbaki-taula bateko zenbakitan banatuko da eta lortutako emaitza izenarekin lotuko da.
Kabala hitzak ezagumendu edo tradizioa esan nahi du. Teoria horren arabera, Jainkoarengana iristeko jakindurian oinarritutako ezagumendua landu beharra dago. Kabalarien iritziz, gauza guzti-guztietan Jainkoaren zati bat dago. Izan ere, Jainkoaren mugalde itxietatik argi-izpi bakarra sortu zen eta horretatik bederatzi argi gehiago sortu ziren gerora. Argitasunaren liburuaren arabera hortaz, horixe da Kreazioaren jatorria. Hamar argi horiek “sefirot” direlakoak dira, hots, zenbakiak (4. taula). Zenbakiak hogeita bi bidek lotzen dituzte, alfabeto hebraitarraren letra bakoitzeko bana. Kabalariek sefirotak hiru zutabetan jarrita interpretatzen dituzte (3. irudia). Eskuinekoa urrikaltasunari dagokio eta unibertsoaren printzipio nagusiak biltzen ditu bere baitan: artasuna, positiboa eta argia. Ezkerrekoak zorroztasunari dagozkion emetasuna, geldoa eta iluntasuna biltzen ditu. Erdikoa orekaren balioa da eta besteak kontziliatzen saiatzen da.
Tarotak 78 karta ditu, 22 arkano nagusiak eta 56 arkano txikiak. Karta bakoitzari zenbaki bat lotzen zaio eta horrek esanahi finkoa, positiboa zein negatiboa, ematen dio. 78 zenbaki hori ez da zoriz ematen eta ondoren zehazten den kalkuluaren ondorioa da: 1etik 9ra, ikasketa-zikloa; 10etik 11ra, garapen pertsonala burutzeko eta aurreko zikloan lortu den esperientzia praktikan jartzeko; 12 urteko hilak. Guztiak batuz, ziklo osoa lortzen da: 1+2+3+4+5+6+7+8+9+ +10+11+12=78. Tarotaren bizitzaren zuhaitzean sefirotak lotzen dituzten hogeita bi bideak eta arkano nagusien arteko erlazioa ikus daitezke 4. irudian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia