Norbait al dago hor kanpoan?
1996/04/01 Elizondo, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizakiak, bere historia osoan zehar, zeruari begiratu izan dio bizitza estralurtarraren bila. Gaur egun ere, Lurrarekin batera Eguzkiaren inguruan bueltaka ari diren planetak aztertu eta nolabait baztertu ondoren, zientzia bilaketa-lan horretan murgildurik dago.Baina duela oso gutxi arte ez da erantzunera hurbiltzeko pausorik eman, hau da, eguzki-sistematik kanpo ez zen planetarik ezagutzen. Eta horixe da, hain zuzen ere, 1995eko urrian Suitzako Genevako Behatokian aldatzea lortu dutena: Michel Mayor eta Didier Queloz-ek zuzendutako taldeak 45 argi-urtera dagoen 51 Pegasi izarraren inguruan, Pegasus konstelazioan, planeta bat aurkitu zuen.
Jupiterren masaren erdia du objektu horrek eta bere izarraren inguruan egiten duen orbita Merkuriok Eguzkiaren inguruan egiten duena baino txikiagoa da. Horren ondorioz, bere gainazalean egon daitekeen tenperatura 1.300 °C ingurukoa dela uste da. Beroegia ur likidoa egoteko, nonbait.
Hala ere, mundu osoan posta elektronikoko mezuak alde batetik bestera dantzan jarri dituen albistea bi hilabete geroago heldu zen. Eguzki-sistematik gertuago dauden bi izarretan beste bi planeten berri eman dute astronomoek; antza denez, epelagoak dira planeta horiek eta beraz, baliteke horietan ura egoera likidoan egotea eta biologoek diotenez, horixe da bizitza egon dadin ezinbestean eman behar den baldintza. Ur likidoa karbonoan oinarritutako produktu kimiko organikoak disolbatzeko eta elkarren artean milaka era desberdinetan erreakzionatzeko bitartekorik egokiena da. Eta zergatik karbonoa? Osagai desberdinak eta konplexuak osatzeko gai delako batetik, eta Unibertsoan nonahi dagoelako, bestetik.
San Francisco State University-n lan egiten duten Geoffrey Marcy-k eta Paul Butler-ek eman zuten aurkikuntzaren berri eta urtarrilean Texasko San Antonio hirian egin den American Astronomy Society erakundearen neguko biltzarrean azaldu zuten bere aurkikuntza. Bi astronomoen helburua 120 izar ikertzea da eta honez gero, 60 inguru arakatu dituzte. Ez litzateke harritzekoa izango beraz, ondorengo hilabete edo urteotan planeta gehiago aurkitzea eta ondorioz, espazioko mugen esplorazioa bizkortzea.
Aurkitutako lehen planeta 35 argi-urtera dago, 47 Ursae Majoris izarrean eta Jupiter baino bi aldiz handiagoa da. Hidrogeno sulfuro, amoniako eta metanoz osaturik dago planeta erraldoia eta bertan haize-korronte izugarriak etengabe higitzen dira ehundaka km/h-ko abiaduraz eta Lurra irensteko adina indarra duten eta gizaldi eta gizaldietan zehar ibiliko diren haize-erauntsi kiribil ikaragarriak eratzen dituzte. Planetatzar honetan lur solidorik egotekotan, milaka kilometroko atmosferaren azpian ehortzita legoke, Lurreko itsasorik sakonenean ere ematen ez diren presioek zapalduta eta zanpatuta.
Bigarren planeta bisitatzeko gogo gutxiago izatea ere, ulergarria da. Virgo konstelazioko 70 Virginis izarrari bueltaka ari zaio aurkitu berri den planeta eta Jupiter baino sei aldiz handiagoa da; beraz, bertako eguraldi-baldintzak aurreko planetarenak baino jasanezinagoak izan daitezkeela uste dute zientzilariek.
Nolanahi ere, hori guztia baino garrantzitsuagoa da jadanik aipatu dugun ezaugarria, hau da, planeta horietan ur likidoa egon daitekeela. Eta segituan burura datorkigun galdera ondokoa da: ba ote dago bizitzarik beste mundu horietan? Gaur egun, ez dugu erantzuterik. Edonola ere, planeta erraldoietan ez bada, baliteke sistema horietan planeta txikiagorik izatea eta horiek bizitzarako ezagutzen ditugun baldintzak betetzea. Edota planeta handi horiek sateliteak izatea, bizitzarako egokiak, apika. Batek daki.
Origins (jatorriak) programa
Lurretik kanpo bizitza aurkitzekotan, gure planetaren antza luketen objektuetan aurkituko genukeela pentsatzea zilegi da; eta horren atzetik ari dira Origins programan lanean dihardutenak. Gure galaxian 100.000 milioi izar daudela kontutan hartuz, NASA-ko Daniel Goldin-ek eta Edward Weiler-ek zuzentzen duten proiektu horren helburua eguzki-sistematik at egon daitezkeen Lurraren antzeko planetak kokatzea eta fotografiatzea da.
Handinahi handiko helburua da; izan ere, objektu horiek bere izarrekin konparatuz gero, huskeriak dira. Hori lortzeko bide bakarra futbol-zelai baten zabalerako ispilua lukeen teleskopioa eraikitzea litzateke, baina gaur egungo teknologiaz baliatuta, horrelakorik egitea pentsaezina da. Astronomoek ongi asko dakite ordea, era horretako teleskopio erraldoia beste txiki asko erabilita ordezka dezaketeela, bata bestetik urrunduta eta guztien argia elektronikoki konbinatuta, interferometro bat osatuz.
Hori egitea ez da oso garestia eta hurrengo mendearen hasieran 30 x 60 cm-ko 4 edo 6 ispiluz osaturiko egitura martxan egongo da. Zabalera horren bidez, inguruko izarretan egon daitezkeen Neptunoren tamainako objektuak detektatzeko gai izango da interferometroa. Eta 2010-ean, NASAk Planet Finder delakoa (Planeta-bilatzailea) jaurti nahi du, hau da, Jupiterren aldean orbitatuz higituko den interferometroa (1 x 2 m-ko zabalerako 5 ispilu, 90 metrotan zehar), inguru horietan eguzki-sistemaren hautsa eta hondarrak gutxiagotzen direla aprobetxatuz. Horrek puntu urdin gisa erakutsiko dizkigu Lurraren antza duten egiturak eta Lurrera bidaliko duen informazioak planeta horien atmosfera analizatzea ahalbidetuko du.
Hori egi bihurtu baino lehen, ESAk (European Space Agency) iazko azaroaren 17an jaurti zuen ISOren (Infrared Space Observatory) bidez ere, informazioa jasotzeko parada izango dugu, gugandik oso urruti dauden planeten uhin termikoak erregistratuko dituelako. Infragorrian dauden uhin-luzerak aztertzen dituenez, otsailaren 3an Antennae izeneko bi galaxien arteko talka ikusgarria jasotzea lortu zuen, besteak beste. Eta horiez gain, Hubble teleskopioak argazkiak bidaltzen segituko du, behin eta berriro Unibertsoaren handitasuna erakusten, hainbat galaxia, izar, planeta eta itzelezko gas-lainoak fotografiatzen orain arte egin duen legez.
Adimen estralurtarraren bila
Gauzak horrela, batzuk planeten bila ari dira eta beste batzuek zuzenean bizitza adimentsua bilatzen dute. Zeregin horietan lehena Frank Drake ( Intelligent Life in Space, 1962 eta Ozma proiektua 1960) izan zen. Lan horren bidez, irrati-teleskopio bat zuzendu zuen 11 argi-urtera dauden t Ceti eta e Eridani izarretarantz, kanpoko zibilizazioen balizko irrati-seinaleak jasotzearren. Ordutik aurrera antolatu diren gainontzeko SETI proiektuek ere ( Search for Extra-Terrestrial Intelligence ) ez dute arrakastarik lortu, orain arte bederen.
Hori guztia ahaztu gabe, gure eguzki-sistemaren barruan etorkizunean NASAren ikerketa-eremuak izan daitezkeen proiektuak ikusmiran eduki behar ditugu. Alde batetik, Martitzen inguruko egitasmoak kontutan hartu behar ditugu, planetaren gainazalaren azpian mikroorganismoak egotea posible delako eta bestetik, Jupiterren Europa satelitea ikertu beharko da, bertako ur izoztuaren azpian itsasoak, eta organismo biziak apika, egon daitezkeelako.
Alabaina, bizi adimentsua aurkitzea ideiarik erakargarriena eta kitzikagarriena da. Era horretako aurkikuntzarik egiteak ez luke biologian soilik eraginik izango baizik eta jakintza-arlo ia guztietan zerikusi zuzena izango luke. Unibertsoaz dugun ikuspuntua zeharo aldatuko luke horrek eta denboran zehar eraiki ditugun printzipio guzti-guztiak berrikusi eta berraztertu beharko genituzke. Zalantzarik ez izan. Baina hori irakurle, oso bestelako kontua da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia