}

Nopcsa baroia eta Trantsilvaniako dinosauruak

1996/03/01 Murelaga, Xabier | Nuñez-Betelu, Koldo | Pereda-Suberbiola, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Trantsilvaniako lehen dinosauru-aztarnen aurkikuntzaren mendeurrena bete da berriki. Eskualde honetako ikerketa paleontologikoaren aitaren, hots, Nopcsa Baroi hungariar bitxiaren lana eta bizitza gogoratu nahi ditugu apalki.

Jende gehienari Trantsilvaniak Drakula konde odoltzalea bizi izan zen lurraldea gogorarazten dio. Hala eta guztiz, gutxik dakite gure kontinenteko ondare paleontologikorik garrantzitsuenetarikoa bertan daukagula, berau baita dinosauru aztarnetan aberatsa oso. Horrela, Karpato mendien itzalean egin diren aurkikuntza paleontologikoek, orain dela 70 milioi urte bizi ziren Europako azken dinosauru-faunei buruzko informazio ugari eskaini digute.

Trantsilvanian, hasieran aipatu legez, dinosauru-aztarnen aurkikuntzen historia paleontologo bitxi baten bizitzarekin estuki lotuta dago, Ferenc Nopcsa Baroiarekin hain zuzen ere. Orain dela mende bat pasatxo, 1895. urtean alegia, noble hungarien alaba zen Ilona Nopcsak dinosauru-aztarna fosilak aurkitu zituen Trantsilvaniako bihotzeko Sinpetru hiritik gertu zeuzkaten familiako lurretan. Gertaera honek, Ferenc 18 urteko bere anaia paleontologia eta fosilen bilaketara bultzatu zuen. Ferenc Nopcsa gazteak, denbora gutxi behar izan zuen Hateg ibaiko azaleramenduetan balio zientifiko handiko fosilak, hadrosauru buruhezur oso bat barne, aurkitzeko.

Ferenc Vienan ikasten ari zen eta bere bidaietako batean Eduard Suess bere irakasle eta geologo ospetsuari fosilak erakutsi zizkion. Suess berehala beraien garrantziaz konturatu zen. Hezurrak Goi Kretazeoko sedimentuetatik zetozen eta azken dinosauru europarrenak izanik, ordurarte gutxi landutako gaia ikertzeko ateak irekitzen zituzten. Vienako Zientzi Akademiak Hateg arroan indusketa paleontologikoak egitea planeatu zuen, baina arazo ekonomikoak medio hauek ez ziren aurrera eraman.

Nopcsak Trantsilvaniako hainbat dinosauru nanoak zirela ondorioztatu zuen eta bere ustez, nanismo hau Goi Kretazeoko Europako geografia intsularrarekin lotuta zegoen.

Suessek, ikaslearen ekina ikusita, Nopcsa berari proposatu zion ikerketa egitea. Nopcsak heziketa paleontologikoa eduki ez arren, proposamena onartu eta Trantsilvaniako dinosauruak autodidakta legez ikertzeari ekin zion. Horrela, 1899ko ekainean, Vienako Zientzi Akademiaren aurrean bere lehen lana zena aurkeztu zuen, “ahate-moko” dinosauruaren buruhezurraren ikerketa alegia. Honek paleontologo ospetsuaren karrerari eman zion hasiera.

Nopcsaren lan paleontologikoaren ardatza Trantsilvaniako ornodun fosilen ikerketa, dinosauruena bereziki, izan zen. Nopcsak Hateg arroan prospekzio ugari eta indusketa asko antolatu zituen. Era honetan, gaur egun Londresko Historia Naturaleko Museoan dagoen kolekzio aberatsa bildu zuen. Hogeita hamar urte baino gehiago eman zituen Trantsilvaniako geologia eta paleontologia ikertzen eta gai hauei buruz hogeiren bat artikulu zientifiko idatzi zuen. Narrasti-fauna anitza, dinosauru, dortoka, krokodilo eta pterosauruak besteren artean, deskribatzen lehena izan zen.

Fosil asko aurkitu bazuen ere, Hategeko faunan ugarienak dinosauruak dira. Nopcsak bost dinosauru-espezie desberdin, hots, lau belarjale ( Telmatosaurus eta Rhabdodon ornitopodoak, Struthiosaurus ankilosaurua eta Magyarosaurus sauropodo titanosaurua) eta haragijale bat, identifikatu zituen. Dinosauru hauen berezitasunik garrantzitsuena beraien tamaina txikia da. Esaterako, Telmatosaurus eta Rhabdodon generoetakoak 4 eta 6 metro bitartekoak ziren eta Struthiosaurus generokoek 3 metro baino gutxiagoko luzera zuten. Nopcsak Trantsilvaniako dinosauruak nanoak zirela ondorioztatu zuen eta bere ustez, nanismo hau Goi Kretazeoko Europako geografia intsularrarekin lotuta zegoen.

Garai hartan, gaur egun ezagutzen dugun kontinentea sakonera txikiko itsasoaz inguratuta zegoen irla-multzoa baino ez zen. Nopcsak dinosauruen nanismoaren faktore nagusia lehorraldearen azalera txikia eta irletan banatutakoa zela pentsatu zuen. Horregatik, Plio-Pleistozenoko Mediterranioko irletan bizi ziren ugaztunen (elefanteak, errinozeronteak, zerbidoak, etab.) nanismoarekin alderatu zituen. Nopcsaren ustez, isolamendu honek faunaren osagai batzuek ezaugarri primitiboak zergatik mantentzen dituzten azaltzen du.

Hil ondoren argitaratutako artikuluan, Nopcsak Trantsilvaniako narrastien fauna mixtoa zela proposatu zuen. Faunaren nahasketa hau, bere aldetik eboluzionatutako fauna europear primitiboak eta hegoaldeko hemisferioko kontinentetik etorritako fauna espezializatuak osotzen zuten. Eredu paleobiogeografiko hau garaiko ideia fijistekin ez zetorren bat eta honexegatik ez zuen zientzilarien oniritzia jaso. Nopcsa, Alfred Wegenerrek proposatutako “plaken tektonikaren” teoriaren defendatzaile sutsua zen.

Ideia mobilistak inork gutxik onartzen zituen eta, esaterako, paleontologoak migrazioak zubi interkontinentalak erabiliz soilik egin zitezkeelakoan zeuden. Nopcsa ideia hauetatik kanpo geratu zen eta honexegatik, Mesozoikoko narrastien kidetasunen ikerketan aitzindari dugu.

Willian Fraschnikek, duela 70 milioi urteko Trantsilvaniako paisaiaz egindako berreraiketa. Lehen planoan Struthiosaurus ankilosaurua dinosauru haragilaje batek erasotua. Bigarren planoan, Rhabdodon (ezkerrean) eta Telmatosaurus (eskuinean) ornitopodoak. Atzealdean, Magyasaurus indibiduoak eta sauropodo titanosauru bat. “Dinosaures et autres reptiles fossiles de France”, Ville de Montbéliard (1992), liburutik berreginda.

Nopcsaren heriotzaren ondoren, Trantsilvaniako ornodunen fauna ia mende erdiz egon zen ezkutuan, 1933. urtetik aurrera hain zuzen ere. 1970. bukaeran paleontologo eta geologo errumaniar eta atzerritarrek, Hateg arroko indusketei berrekin zieten. Ordutik aurrera egindako indusketetan Nopcsak deskribatutako narrasti-faunez gain, fosil berri asko aurkitu da. Hauen artean, arrain oseoen aztarnak, anfibioak, muskerrak, dinosauru haragijaleak, hadrosauruen arrautzak eta ugaztun multituberkulatuak.

Trantsilvaniako ornodun faunak, Goi Kretazeoko Trebiño Konterriko, Kataluniako, Langedoko eta Probentzako aztarnetegien aniztasunarekin lehiakidetzen da. Bere interesik handiena Era Mesozoikoaren bukaerako krisi biologikoan suntsitutako dinosauru eta beste hainbat izakik osatutako ekosistema kontinentalak nolakoak ziren jakitean datza.

Dinosauruen suntsipenen kausa, oraindik ez dago erabat argi zientzilarientzat baina, Trantsilvaniako narrasti hauek Goi Kretazeoan gertatutako aldaketa klimatiko bortitzak jasan zitzaketela ikusten lagundu digute. Beste aldetik, garai honetan fauna europearrak oraindik oso anizturik agertzen direnez, dinosauru-espezien beherakadarik ez zela egon pentsa dezakegu. Hau baieztatuz gero, dinosauruen suntsipena bortitza eta ez graduala izan zenaren hipotesia indartuko litzateke.

Laburtuz, lehen aurkikuntza egin zenetik mende bat igaro ondoren, Trantsilvaniako ornodunen faunak ez du oraindik bere sekretu guztiak erakutsi. Ehun urteetan batutako jakinduria guztia, Europako Goi Kretazeoko faunan bere itzala utzi zuen gizonaren eta zientzilariaren omenaldia izan dadila.

Nopcsa Baroia

F erenc Nopcsa Von Felsö-Szilvás, beranduago Nopcsa Baroia bezala ezagutuko zena, Trantsilvaniako Sazelen (hungarieraz Szacsal) jaio zen 1877ko maiatzaren hiruan. Ferenc, Francisco Jose Enperadorearen eta Elisabeth Enperatrizaren korteko maisu izan zen F. Nopcsa Baroiaren iloba zen (garai hartan Trantsilvania Inperio Austrohungariarrean zegoen). Nopcsak gaztetatik erakutsi zuen natur zientziarekiko zaletasuna eta 1903an Vienako Unibertsitatean graduatu zen. Bere egoera ekonomiko onari esker, Europan zehar ikerketa-zentruak eta museoak bisitatuz zientziari osoki dedikatu zen. Abentura-zaletasunak hainbat aldiz Albaniara eraman zuen, aberri latz horri hainbat lan geologiko eta etnografiko dedikatuz.

Lehen Mundu-Gerran, Austrohungariar Inperioko agente sekretu legez lan egin zuen. Halaber, Albaniako erregetza lortzen saiatu zen, baina arrakastarik gabe. Beranduago, 1918ko abenduan, Errumaniak Trantsilvania bereganatu zuen eta Nopcsak bere ondasun gehienak galdu zituen. Baserritar errumaniarrekin izandako gatazka batean buruhezurra hautsi zioten eta geroztik, nerbio-sistemaren trastorno periodikoak pairatzen zituen. Nopcsak zeukan sorkura ahula izaera gogor eta harroarekin sestratzen zuen. Sektore batzuek Nopcsari buruz duten irudia, pertsonaia pintoresko, diletante xamar, bizi tankera heterodoxo, abenturazale eta joera homosexualaz osatua da.

Bera lehen mailako zientzilaria zen eta XX. mendearen lehen erdiaren ornodun paleontologian, aipagarria da oso. Berezko kuriositateak, kultura zientifiko handia izateak eta garaiko literatura zientifikoa ezagutzeak, natur zientzietako gai desberdinetaz afantzea eragin zioten. Bere ekarpen zientifikoa, hainbat hizkuntzatan (hungarieraz, alemanieraz, ingelesez, frantsesez eta albanieraz) utzitakoa, zenbait esparrutara zabaldu zen, hala nola narrastien paleobiologiara zein paleobiogeografia, geologia estrukturala eta biologia eboluzionista bezalako gai zabaletara. Nopcsak egindako lan zientifikoa kargu garrantzitsuekin saritu zitzaion.

Horrela, 1925. urtetik 1929. urtera Hungariako Erret Institutu Geologikoaren zuzendaria, Hungariako Zientzi Akademiako kidea eta Londresko Sozietate Geologikoaren Kide Korrespontsala izan zen. Osasun- eta diru-arazo larriak zirela medio, 1933ko apirilean bere bizitzari bukaera emateko erabakia hartu ondoren, bere buruarekin beste egin zuen. Nopcsa Trantsilvaniako familia noble zaharrenetariko baten azken ordezkaria eta mende honetako zientzi hungariarraren bastioi handienetarikoa izan zen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia