Nondik nora zabiltza monarka?
2001/11/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Mexikoko oihanetako zuhaitzak, batez ere eukaliptoak, hasi dira udako kolore berdea erantzi eta kolore gorri eta beltzez janzten. Izan ere, negua pasatzeko Kanadatik Mexikoraino bidaiatzen duten milioika monarka tximeleta gorri-beltzen ibilaldi luzea amaitzen ari da. Lehen txanda behintzat iritsi da bere helmugara eta gainerakoak, 20 bat milioi orotara, hilabetea amaitu baino lehen helduko dira.
Baina, esan bezala, oztopo ugari aurkitzen dituzte beren ibilbidean eta, egia esan, hain kolore bizia edukita normala dirudi etsai ugari izatea. Baina, ez gaitezen itxuraren araberako aurreiritzietan eror. Naturak gauzak ongi egin ohi ditu, eta bere legeetako bat kolore biziko landareak eta animaliak pozoitsuak izatea da. Eta monarka tximeletaren kasuan, nahiz ez den pozoitsua, ahoan zapore nazkagarririk eduki nahi ez bada behintzat, hobe da ez jatea!
Tximeleta horrek asklepiade landarean jartzen ditu arrautzak eta larbak tximeleta heldu bihurtu bitartean, landare hori izaten da elikadura-iturri nagusia. Baina landare horretatik elikagaia ez ezik, bizi osorako babesa ere xurgatzen du. Izan ere, asklepiade-espezie gehienak substantzia pozoitsu bat dute eta horretaz baliatzen da tximeleta zapore txarra izateko. Ondorioz, harrapari gutxiko animalia da. Hala ere, horrek ez du esan nahi ehunka kilometroko ibilbide luzean barna oztoporik topatzen ez duenik!
Etsaiak ez zaizkio falta
Monarka tximeletaren etsai nagusia, beste animalia eta landare askorena bezala, gizakia da. Bildumazaleek, nekazariek, baso-ustiatzaileek, promotoreek... guztiek zailtzen diete bizitza.
Ingurumena aldatzea eta ugaltzeko habitata galtzea dira monarka tximeletaren biziraupena zalantzan jartzen duten bi faktore nagusiak. Esan bezala, monarka tximeletek asklepiade landareetan jartzen dituzte beren arrautzak, baina landare horiek ganaduarentzat pozoitsuak direnez, gizakiak landare kaltegarrien zerrendan sailkatu ditu. Ondorioz, nahi adina herbizida erabiltzen dituzte landare horiek deuseztatzeko eta monarka tximeletentzat gero eta zailagoa da arrautzak jartzeko leku egokia bilatzea.
Bestalde, Mexikoko basoak ere gero eta gehiago ustiatzen dira eta negua iragaiteko zuhaitzean pausatzeko mendian gero eta goitiagoa joan behar izaten dira tximeletak. Hala ere, mexikarrak tximeletaren zain egoten dira eta urtero garai horietan, mendiko herrietako haurrak tximeletaz janzten dira, eta erritual ugari egiten diete ongietorri gisa.
Genetikoki eraldatutako artoa, etsai berria ?
Oztopo horiekin nahikoa ez balu bezala, azken bost urteetan, itxuran kaltegarria ez den beste etsai batekin egiten du topo tximeletak; zehatzago esanda, tximeletaren larbak. Bere migrazioan, tximeletak Estatu Batuetako zereal-landa handien eskualdea, Corn Belt deiturikoa, zeharkatzen du eta, jakina denez, ereiten diren hazi asko genetikoki eraldatutakoak dira. Eztabaida biziak sortu dituzte hazi horiek, batzuen ustez gizakiaren osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelako. Eta beste hainbeste gertatu da monarka tximeletaren larbaren heriotza-tasarekin zerikusirik ote duten ala ez zehaztean.
Animalia horri zenbateko kaltea egiten dieten zehazteko lehen ikerketa 1999ko maiatzean egin zuen Losey ikertzaileak. Ikerketa horren arabera, Norvatis etxearen genetikoki eraldatutako artoaren polenak monarka tximeletaren larba kaltetzen du. Oihartzun mediatiko ikaragarria izan zuten ikerketaren emaitzek eta sortutako ika-mikaren ondotik, monarka tximeleta genetikoki eraldatutako landareen aurkako ikur bihurtu zen.
Artoa pyrale deritzon intsektuarengandik babesteko dago genetikoki eraldatuta. Baina genetikoki eraldatutako artoak ez du intsektuen arteko bereizketarik egiten eta, beraz, kalterik egiten ez duten intsektuak ere kaltetzen dituzte. Kaltetuetako bat monarka tximeleta izan daiteke. Laborategian egindako ikerketak erakutsi zuenez, genetikoki eraldatutako polen-hautsez estalitako hostoetako kardaberak janez gero, Danaus plexippus larben % 44 hil egiten zen. Ikerketak erreakzio biziak sortu zituen eta Europako Batzordeak, epe batean behintzat, genetikoki eraldatutako artoa ez erabiltzeko agindua eman zuen.
Baina guztiak ez ziren ikerketa horren emaitzekin bat etorri. Genetikoki eraldatutako landareen aldeko jarrera duten zientzialarien ustez, ikerketa horrek ez du ezer frogatzen. Beren iritziz, monarkaren benetako etsaia intsektizida da eta, hain justu ere, landare horiek intsektizidak erabiltzea ekiditen dute. Gainera, esperientzia horiek laborategietan egin zirela eta, ondorioz, ez zutela errealitatea islatzen salatu zuten.
Azken kritika horri erantzuteko edo, 2000ko abuztuan, Iowa Unibertsitateko ikertzaile talde batek beste ikerketa bat egin zuen, oraingoan arto-eremuetan bertan egindakoa. Ikerketa horren emaitza honakoa izan zen: "Eraldatutako polenak monarkarengan duen eragina arto-landatik 10 metroko perimetroan ikus daiteke".
Baina, tira-birak tximeletaren ibilbidea bezain luzea izango delako itxura du, ikerketa bat amaitu bezain laster, aurrekoa gezurtatuko duen beste bat kaleratzen baita. Udazken honetan bertan Ameriketako Zientzia Akademiak argitaratutako ikerketa baten arabera, monarka tximeleta desagertzeko arriskuan egotea ez da genetikoki eraldatutako artoaren errua. Ikerketa horren lehen helburua polen-garaian zenbat monarka dagoen ikustea izan da.
Eskualdeka datuak aldatzen badira ere, polen-garaia eta tximeletaren presentzia % 15 eta % 62 artean sinkronizatuta daudela ikusi da. Bestalde, batez ere nekazariak diren eskualdeetako arto-landetan askoz kardabera gehiago eta, ondorioz, larba gehiago daudela ohartu dira. Hori, printzipioz, gertaera positibo bezala har badaiteke ere, ikerketak ez du zehazten larba horietatik zenbatek irauten duten bizirik.
Monarkaren eta genetikoki eraldatutako artoaren arteko istorioaren orain arteko kapitulura iritsi gara honezkero, baina, aurrerantzean ere, eztabaidaren oihartzunak noiz iritsiko zain egon beharko dugu.
Babes-neurriak
Tximeleta hori babesteko plana 1986an jarri zen martxan Mexikon negua pasatzeko erreserba ekologiko bat izendatzearekin. 1995ean Kanada eta Mexiko artean hitzarmena sinatu eta monarka tximeletarentzat nazioarteko erreserben sarea sortzea adostu zen. Horretaz gain, Ontarion hiru eskualde tximeletaren erreserba izendatu zituzten. 1997an, Mexikoko gobernuak egitarau zabala aurkeztu zuen eta, besteak beste, Nazioarteko Oihan Eredugarria sortuko zuela esan zuen.
Beste programa batzuen helburua herbizida gutxiago erabili eta tximeletaren zikloan hain garrantzitsua den asklepiade landarea landare toxikoen zerrendatik kentzea da. Bestalde, jendeak tximeleta hori hobeto ezagutzeko eta bere egoera zein den azaltzeko xedearekin kanpaina bat baino gehiago egin da 1992a ezkeroztik. Lehen kanpaina, "Monarch Watch" zeritzona, Texasen egin zen 1997an. Garrantzi handiko programa izan zen, tximeleten nondik norakoak ezagutzeko isotopo egonkorren azterketak koordinatu baitzituen.
Isotopoen analisiak tximeletaren ibilbidea zehatz-mehatz ezagutzen laguntzen du. Hidrogeno-, karbono- eta nitrogeno-isotopoak aldatu egiten dira leku batetik bestera, eta aztarna horiek tximeletaren ibilbidea salatzen dute.
Xede berarekin, 1992an, Kanadako Natura museoak tximeletari buruzko erakusketa ibiltaria antolatu zuen. Arrakasta handia izan zuen erakusketak eta, laster batean, datuak eguneratuta, beste itzuli bat hastekotan dira. Hori bai, erakusketa ikusi nahi duenak Atlatikoaren beste aldera bidaiatu beharko du.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia