Non irakurriko dugu?
1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2000. urtea hain gertu dugula ikusita, maiz egiten da honako galdera: guk etorkizunean paperean edo pantailan, non irakurriko dugu? Egia esan, zientzilari asko ari da lanean liburuak eta egunkariak guk ordenadore-pantailaren bidez jaso ditzagun.
Laborategiak jo eta ke ari dira, adibidez, egunkari elektronikoa prestatzen, baina hori egia bihurtu baino lehen zenbait arazo konpondu beharra dago. Ordenadorea papera baino askoz ere azkarragoa da informazioa bilatzeko, baina pantailan irakurtzea paperean irakurtzea baino nekosoagoa da. Ez da ahaztu behar ordenadorearen pantailak hazbete karratuko 72 puntu dituela eta inprimagailu arruntak hazbete karratuko 300 puntu dituela.
Oztopo hori gainditu nahian dabiltza Apple etxean, eta Kalifornian Palo Alto-n Xeros etxeak duen ikerketa-laborategian ere horretantxe ari dira. Jendeak gogokoa du irakurtzean paperarekin duen harremana eta hori simulatu nahian dabiltza bereizmen handiko (hazbete karratuko gutxienez 600 puntuko) pantailen bidez. Ordenadore txiki berezia diseinatu dute horretarako.
Ordenadore txiki hau oholtxoaren formakoa da eta liburua bezalaxe irekitzen diren bi zati izango ditu. Interfazea izango du bulegoko ordenadoretik edo telefonotik modemaren bidez datuak kargatzeko. Pantailako botoiei be-hatz-puntaz ukituta orrialdeak pasatuko dira, nahi den zatia handiagotuko da edo bideoa zein soinua gehituko zaizkio.
Artikuluren bat interesatu bazaizu, liburutegi pertsonalizatuan gorde ahal izango duzu hatzazalaren tamainako memoria dinamikoan. Gainera eskuz idatzitako karaktereak ezagutzeko programaren bidez, paperean bezalaxe oharrak idatzi edo pasarteren bat azpimarratu ahal izango da pantailan.
Deskribatu dugun ordenadore berezi honek arrakasta izan dezan, batez ere bi baldintza bete beharko ditu. Ba-tetik erraz erabiltzeko modukoa izan beharko du, hau da, normalean aldizkaria irakurtzeko dagoena baino konplexutasun handiagorik ez du eduki behar. Bestetik, eta hau da baldintza nagusia, edonork erosteko modukoa izan beharko du, hots, oso merke erosteko modukoa. Bigarren baldintza hori betetzen zerikusi handia izan dezake Suitzako Lausana-n Eskola Politeknikoan prestatu nahi duten “elektroi kanoi” ultrameheak.
Oso pantaila meheak egiteko gaur egun kristal likidozko sistema erabiltzen da edo bestela plasmazko zelulen sistema, baina bata zein bestea garestiegiak dira. Esana dugu egunkariak irakurtzeko ordenadore txiki berezia liburua bezalaxe irekitzen den oholtxoa dela. Beraz, oholtxoak duen zentimetroko lodieran sartu beharko da pantaila. Lausanan milimetroaren 15 milareneko diametroa duten nanotutuak elkarren ondoan ipinita lortu nahi dute zentimetro bateko lodiera izango duen pantaila. Tutu katodiko ñimiño hauek elkarri alboan itsatsita eratuko den pantailak ez du berorik botatzen eta irudiaren argitasuna ez da aldatzen pantailara edozein angelutatik begiratuta ere. Dena den, asmakuntza berri honen bi-dez lehen prototipoak egiteko lau bat urte beharko direla uste da.
Gutenberg-en garaiaz gero hain erabilia izan den liburuak, dena den, liburu elektronikoarekin konparatuz gero baditu desabantailak. Liburu elektronikoan “tiradak” ez du kostuetan eraginik. Berdin kostatzen da liburuko hamar ale egin eta banatzea edo hamar mila ale egin eta banatzea. Gainera ez dago papera erabili beharrik, basoetan papera egiteko zuhaitzak bota beharrik, papera biltegietan eduki beharrik, garraiatu beharrik, etab.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia