}

Non dago orekatzen gaituen materia?

2002/11/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Eros asteroideak, agian, ezkutuko materia baten berri izan dezake.

Bitxia da: biologia molekularraren ikuspuntutik, ezagutzen dugun bizia orientatuta dago, hau da, biomolekulak ez dira simetrikoak; nolabait esateko, okertuta daude.

Proteinak osatzen dituzten aminoazidoak geometrikoki ezkerrerantz okertuta daude; glukosa, fruktosa eta azukre guztiak, berriz, eskuinerantz. DNAren egitura, eskailera kiribil ospetsua eskuinerantz okertuta dago.

Egitura horiek finkoak dira; kasu gutxi daude alderantziz antolatuta. Salbuespen horietako bat bakterioen 'azalean' dago. Haiek eskuinerantz okertutako aminoazidoak erabiltzen dituzte, eta, horregatik, gure gorputzak ez ditu ezagutzen eta ezin du egitura hori puskatu. Iruzur eraginkorra da; guk dakigula, onddoek bakarrik dute joko geometriko horren kontrako erremedioa (antibiotikoak dituzte).

Zergatik dira horrelakoak biziaren molekulak? Egia esan, biziaren molekulak ez ezik, oinarrizko partikulak ere dira horrelakoak. Azken batean, molekulak atomoek osatzen dituzte eta horiek ere ez dute simetrikoki jokatzen. Eta atomoak elektroiek eta protoiek osatzen dituzte; eta horietan gauza bera gertatzen da: oinarrizko partikulek 'ezkerrerantz' bakarrik izan ditzakete elkarrekintza jakin batzuk. Eta, ondorioz, atomoek eta molekulek asimetrikoki jokatzen dute.

Ezkerreranzko unibertsoa

Fisikariek luze ikertu dute ezaugarri horren jatorria zein den, eta unibertsoaren jatorriarekin zerikusia duela uste dute. Ustez, unibertsoa Big Bang leherketa handian hasi zen. Baina horrek esan nahi du hasieran materia osoa puntu txiki batean zegoela sartuta. Ez da oso ideia intuitiboa: galaxia, izar eta planeta guztietako materia puntu bakar batean. Dena dela, teoria horren arabera, leherketa handia izan zen, eta materia norabide guztietan barreiatu zen.

Simetria osoko prozesua dirudi, materia norabide guztietan berdin barreiatu baitzen. Baina elektroiak, protoiak eta neutroiak atomoetan eta atomo horiek molekuletan bildu zirenean, ez ziren konbinazio guztiak sortu, simetria jakin batzuetakoak baizik.

Nola azal daiteke hori? Beharbada, galdu dugun zerbait gertatu zen erdibidean. Dena dela, fisikarien ustez, elektroiek, protoiek eta partikula horiek ezkerreranzko berezko joera dute. Baina hori horrela bada, nonbait izan behar du eskuineranzko joerako elektroiak dituen materiak, kosmosaren simetriari eusteko. Materia horri ispilu-materia deritzo. Non dago, bada materia hori?

Hor nonbait

Joan den urtean, NASAko zunda batek asteroide baten gainean hartu zuen lurra, Eros asteroidean, alegia. Lehen aldia zen. Misio horretan hainbat datu harrigarri aurkitu ziren. Adibidez, asteroideak krater txiki oso gutxi zituen azalean, eta krater handien hondoa oso laua zen. Horiek eta asteroidearen beste hainbat ezaugarri ispilu-materiaren eraginez azal daitezke. Australiako bi astrofisikarik, behintzat, hori proposatu dute.

Horrez gain, ispilu-materiaren eraginak beste misterio batzuei ematen die azalpena. Adibidez, NASAk 1972an jaurtitako Pioneer 10 eta 11 ontziak indar bitxi batek bultzatuta ari dira ibilbidea okertzen. Biak aurkako norabideetan badoaz ere, indar beraren mende ari dira ibilbidea aldatzen.

Ispilu-materiak zerikusirik badu horrekin guztiarekin? Materia iluna ispilu-materia da? Fisikariek neurketa gehiago egin beharko dituzte. Baina ez da erraza, ispilu-materia grabitatearen bitartez bakarrik detekta baitaiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia