Nolako ugaztuna, halako karena
2008/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ugaztun guztien karenek funtzio bera dute, enbrioia elikagaiez eta oxigenoz hornitzen dute, eta hark sortutako hondakinak eta karbono dioxidoa kanporatzen dituzte. Horretaz gainera, amaren immunitate-sistematik babesten dute umekia.
Karen guztiak ez dira berdinak, ordea. Espezie bakoitzak neurrira garatu du bere karena. Stanford Unibertsitateko biologo batzuek espezializazio hori nola gertatu den aztertzeko ikerketa bat egin zuten. Lehenik, saguen karenak aztertu zituzten ernaldiaren hainbat fasetan, fase bakoitzean zer gene espresatzen ziren jakiteko.
Ikusi zuten hasierako faseetan aktibatuta zeuden geneak bat zetozela beste animalia-mota batzuetan aktibatzen direnekin; hau da, gene-multzo bera jartzen dela martxan bai plazenta eratzen hasteko ugaztunetan, bai arrautzetan egon ohi den mintza eratzeko hegaztietan, narrastietan eta bestelako obiparoetan.
Ernaldia aurrera joan ahala, espezie bakoitzarentzat espezifikoak diren geneak espresatzen joaten dira karenean. Hala, saguen plazenta helduan, aktibatuta zeuden geneen erdiak karraskarien gene espezifikoak ziren. Guztiz garatutako giza karena aztertu zutenean, ikusi zuten espresatzen ari ziren geneen laurdenak primateek bakarrik dituzten geneak zirela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia