}

Nola jakin aurretik sumendiko labak zein bide hartuko duen?

2002/03/13 Elhuyar Zientzia

Nola jakin arriskua nondik datorren? Hori da bolkanologo guztiek duten kezka nagusietako bat. Bada, New York-eko unibertsitatean erupzioak non eta noiz gertatuko diren aurreikusteaz gain, laba nondik igaroko den ere iragartzen duen teknologia berria garatzen ari dira.

Horretarako, eredu matematikoak, simulazio geologikoak, kalkulu zientifikoak eta alegiazko errealitatea erabili dira. Gaur egun, Mexikoko hiru sumendi aktiboren hiru dimentsioko ereduak garatzen dabiltza. Horien artean, Ipar Ameriketako garaiena den Pico de Orizaba eta Popocatepetl daude. Popocatepetl Mexikoko hiriburutik 483 kilometrotara dago eta mementu honetan kea eta errautsa botatzen omen dabil. Teknologia berri honen bidez simulazioak eginez, horien inguruko gune arriskutsuak atzematea posible izango litzateke.

Teknologia hori munduko beste edozein sumenditarako erabil daitekeela diote zientzialariek, eta etorkizunean munduko sumendi guztien ereduak izatea espero da. Gainera, unean uneko informazio zehatza emango lukeen Interneteko atari bat sortzeko asmoa daukate, jendeak zein arrisku izan ditzakeen jakin dezan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia