}

Nola hartu duzu txokolate-usaina? Garunak badaki!

2005/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nola hartu duzu txokolate-usaina? Garunak badaki!
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: comtech)

Ikertzaile estatubatuarrek frogatu dutenez, txokolate-usaina ahotik edo sudurretik hartu, garunaren gune desberdinak aktibatzen dira. Hau da, molekula usaindun berak erantzun desberdinak sortzen ditu, modu batean edo bestean hartuta.

Askotan gertatzen da dastamenarekin nahasten direla usaimen-sisteman ahoaren bidez sartutako usainak. Hala, ohikoa da entzutea ardo baten zaporean fruitu-ukitua nabarmentzen dela. Alabaina, gazitasuna, gozotasuna, mikaztasuna eta garraztasuna bakarrik bereizten dira dastamenaren bidez, eta fruitu-ukitu hori, ordea, usaimenaren bidez hautematen da.

Usaimenaren alderdi neurologikoa aztertzeko, esperimentu bat egin dute ikertzaileek. Boluntarioei hodi txiki batzuk sartu zizkieten sudurretik; batzuenak sudur-zuloan bertan bukatzen ziren, eta besteenak sudurraren igarobidearen bukaeraraino iristen ziren, eztarriraino, alegia. Hodi batzuetatik eta besteetatik usaina sartu, eta garunaren erantzuna aztertu dute erresonantzia magnetikoaren bidez.

Lau usain erabili dituzte: txokolatearena (jakiek sortzen duten erantzuna ikusteko), izpilikuarena (txokolatearena bezain atsegina izanda, ez delako jatekoa), eta butanola eta farnesola (bi gai kimiko usaindun; bat uretan disolbatzen da eta bestea oliotan, horrek eraginik ba ote duen ikusteko).

Ikertzaileek ikusi dute txokolateak garunaren toki desberdinak aktibatzen dituela usaina sartzen den lekuaren arabera; izpilikuak, aldiz, ez du eragin hori. Bi gai kimikoen artean ere ez dute alderik nabaritu. Beraz, badirudi jakien kasua berezia dela. Nolanahi ere, jaki gehiagorekin egin behar dute ikerketa, oraingoz txokolatearekin besterik ez baitute probatu.

Berriak labur
5
1
215
2005
12
012
Anatomia / Fisiologia