Nola dakigu Lucy…?
2002/05/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Donald Johanson eta Tom Gray paleontologo estatubatuarrak Awash ibaiaren arroan ari ziren fosilak bilatzen. Egun osoan maparekin lanean aritu ondoren, kanpalekura itzultzeko ordua zela erabaki zuten. Baina, Johansonek proposatuta, Land Rover-era itzultzeko bide luze batetik abiatu ziren. Ibiltzen ari zirenean, paleontologoak fosil baten itxurako zerbait ikusi zuen; zientzialariek fosila ondo aztertu zuten eta hominido baten besoko hezurra zela konturatu ziren. Gainera, besokoa ez ezik, beste hezur batzuk ere han zeuden, denboraren eraginez guztiz suntsitu gabe: garezurra, femur bat, masaila, pelbisa eta hezur txiki batzuk aurkitu zituzten; bi aste geroago, ordu batzuk industen aritu ondoren, ehunka hezur-zati berreskuratu zituzten. Guztira, hominido baten hezurduraren % 40 jaso zuten.
Aurkikuntzaren egunean bertan, 1974ko azaroaren 30eko gauean, zientzialariek festa handi bat egin zuten. The Beatles taldearen Lucy in the Sky with Diamonds abestia askotan entzun zuten eta (taldeko inork ez du oso ondo gogoratzen noiz) Lucy izena eman zioten hominidoari.
Lucy Australopithecus generoko hominidoa zen, txinpantze baten tamaina eta itxurakoa. Ordura arte ezagutzen ez zen espeziea zen: Etiopiako Afar ibaiaren eskualdean aurkitu zenez, Australopithecus afarensis espeziearen 'lehen alea' izan zen Lucy. Geroztik, espezie bereko beste fosil asko aurkitu dira inguru berean.
Etxean salbu
Gezurra badirudi ere, Lucyren hezurrak Etiopian daude, eta ez Londresen, Parisen edo New Yorken. Ikusi nahi duenak jai dauka, Addis Abeba hirian dagoen Etiopiako Museo Nazionalean dagoelako gordeta, baina ez ikusgai. Hezurdura propio egindako kutxa gotor baten barruan dute sartuta. Hori da hezurrek osorik iraungo dutela baieztatzeko modu bakarra, oso hauskorrak direlako. Hala ere, ikerketan zein irakaskuntzan eta erakustaldietan erabiltzeko, hezurren erreplikak egin dira.
Paleontologoek asko dakite Lucyri buruz gaur egun. Duela 3,18 milioi urte bizi izan zen eme heldua zen; heldua, baina ez oso zaharra. Metro bateko altuera zuen, gutxi gorabehera, eta gaur egungo txinpantzeen antza zuen. Baina ezberdintasun garrantzitsu bat zuen: bi hankatan ibiltzeko gaitasuna zuen. Dena dela, Australopithecus -ek ez zuten baso tropikaletik atera, eta belarjalea, edo, hobe esanda, fruitujalea zen. Noski, horrelako beste edozein tximino txiki bezala, haragijaleen dietan zegoen. Dena dela, ez dirudi Lucy haragijaleek harrapatuta hil zenik…
Sherlock Holmes-en lana
Bai, bai. Antza denez, Lucyri buruz bizilagunei buruz baino gehiago dakite paleontologoek; gainera, informazio hori guztia hezur-puska bakar batzuetatik ateratzen dute. Sinetsi behar al dugu esaten digutena? Nola dakite hori guztia?
Yves Coppens paleoantropologoak badu horretarako erantzun apropos eta argi bat: informazio hori zabaltzen dutenak adituak dira; horretan dihardute eta badakite informazio hori nola lortu. Gainera, metodologia konplexua erabilita egiten dute, eta ezin dute goitik behera azaldu: luzeegia izango litzateke. Hala eta guztiz ere, gauza sinple batzuk azaltzea merezi du, gainetik bada ere.
Nola dakigu Lucy hominidoa zela? Hominidoa zer den definizio-kontua da, hau da, neurri batean, eboluzioa aztertzen duten biologoek erabakitako zerbait da. Hominidoak, labur esateagatik, bi hankatan eta tente ibiltzen diren primateak dira. Horren barruan izen zientifikoan Homo hitza dutenez gain, Australopithecus -ak ere sartzen dira. Ezaugarri horrek bereizi zituen gure eboluzio-adarra eta txinpantzeena.
Baina nola dakigu Lucy tente ibiltzen zela? Gakoa hezurren itxuran datza. Bi hankatan ibiltzeak pauso bakoitzean gorputzaren pisua hanka bakar batean jartzea eskatzen du. Horretarako, txinpantzeen hezurrek ez dute itxura egokirik. Bizkarrezurrak, pelbisak, femurrak, errotulak eta hezur horien guztien elkarguneek angelu eta itxura jakin batzuk izan behar dituzte; eta Lucyren hezurrak bi hankatan ibiltzeko diseinatuta daude.
Nola dakigu emea zela? Ekialdeko Afrikan aurkitutako garai hartako hominidoen ezaugarri nabarmenetako bat dimorfismo sexuala da, hau da, arren eta emeen arteko tamaina-diferentzia izatea. Hominido horien arrak emeak baino askoz handiagoak ziren. Australopithecus -a zela kontuan hartuta, Lucy txikia da, hau da, emea zen… ala kumea besterik ez al zen?
Nola dakigu hil zenean Lucyk zenbat urte zituen? Azkenaginak hazita eta pixka bat gastatuta zituelako; heldua zen, beraz. Hezurren lotuneak eta garezurraren josturak ere helduenak dira, eta ornoetan endekapenezko gaixotasun baten arrastoak geratu zitzaizkion. Hori guztia kontuan hartuta, heldua, baina ez oso zaharra, zela ondorioztatu behar da.
Nola dakite noizkoa den Lucy? Fosilen adina jakitea zaila da, baina jaso den tokiaren inguruak lagun dezake. Paleontologoek aztarnategiaren sedimentuak, esporak, animalien arrastoak eta harriak jasotzen dituzte, eta banan-banan adina kalkulatu. Emaitza guztien artean, hezurrarenak barne, hominidoa noizkoa den jakin daiteke.
Horrez gain, zientzialariek kontatzen ez dizkiguten gauza gehiago dakizkite. Adibidez, hezur guztiak Lucyrenak zirela, eta beste batzuenak ez direla nahastu, eta abar. Sherlock Holmes horien lana interesgarria eta luzea da… Noski, gure esku dago sinetsi edo ez; zergatik ez?
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia