Noiz loratzen dira landareak?
2001/12/11 Elhuyar Zientzia
Udaberrian, noski. Baina, zein da une zehatza? Hau da, zein faktorek hasazten du loratze- prozesua? Landare tropikalak azkar hazi eta loratzen dira, eguzkia barra-barra baitute, baina latitude handiagoetako landareek udaberriari itxaroten diote. Bi ikerketak, bakoitzak bere aldetik, oso aldaketa genetiko txikietan topatu dute egokitzapen horien azalpena.
Landareak egunaren iraupenaren eta argiaren intentsitatearen arabera loratzen dira. Iparraldeko loreek eguzki-bainu luzeak behar izaten dituzte eta, tropikoetakoek, aldiz, askoz laburragoak. Kaliforniako ikertzaile batzuek Arabidopsis taliana landarearen 141 lagin aztertu dituzte eta, loratzeko, barietate tropikalek besteek baino 100 bider argi gorri gutxiago aski dutela ikusi dute. Eta zergatik? Barietate tropikalek A-fitokromo deritzon errezeptore askoz gutxiago dutelako, hain zuzen, argi gorria detektatzen duen errezeptorea. Eta guztiaren gakoa, mutazio genetiko batean dago. Tropikoetako landareetan, A fitokromoa kodetzen duen genea desberdina: nukleotido bat (letra bat) desberdina du.
Aldi berean, Herbehereetako ikertzaile batzuek Arabidopsis talianaren genoma aztertu dute, zehazki, loratze-prozesuarekin zerikusia izan dezakeen eskualde bat. Eskualde horretan, argi urdina detektatzen duen 2-kriptokromo errezeptorearen genea atzeman dute, eta barietate tropikaletan gene hori mutatuta dagoela ere ikusi dute. Berriz ere, desberdintasuna nukleotido bakarra da, baina, ondorioz, 2-kriptokromoaren eguneko zikloa desberdina da barietate tropikaletan.
Bi ikerketek lehen aldiz aztertu dute landare-barietate naturalek argiari nola erantzuten dioten, eta aurkikuntza interesgarriak egin dituzte. Dena dela, mutazio horiek ez dira espezie guztietan gertatzen. Landareek, udaberria detektatzeko, mekanismo asko dituztela susmatzen dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia