}

Nobel, Alfred Bernhard

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1833-1896)

Kimikari suediar ospetsua Stockholm-en jaio zen 1833an. Gaztetatik izan zuen zientziarako joera, bere familian ikerlari asko baitzegoen, bere sits besteak beste. Aitaren urratsak segituz, berehala hasi zen laborategian esperimentuak egiten.

Bederatzi urte zituenean Nobel familia San Petersburg-era joan zen, aitak asmatu berri zuen ur azpiko minaren ekoizpenaz arduratu behar izan baitzuen. Nobel gazteak Errusian burutu zituen lehen mailako ikasketak, 1850ean Errusia utzi eta Parisera eta EEBBetara kimika ikastera joan zen arte. 1855ean Errusiara itzuli eta bere aitaren laborategian hasi zen lanean. Lehergaien ikerketaz arduratzen hasi zen eta laborategia itxi zuten arte, zeregin horri emanda bizi izan zen. Nitroglizerinaren ezaugarriak aztertu eta lehergaia erabilpen desberdinetarako egokitzen ahalegindu zen. Aitzitik, ez zuen arrakastarik lortu manipulazioaren urratsean istripu asko gertatzen zirelako.

1859an Suediara bueltatu zen eta laborategi berria sortu zuen. 1864an lantegia lehertu egin zen eta ezbeharraren ondorioz bost langile hil ziren, tartean Alfred beraren anaia. Istripuaren berria Suediako gobernura iritsi zen eta lehergaiak ekoiztea galarazi egin zioten. Iritzi publikoak erabat gaitzetsi zituen Nobelen ikerketak. Gerrarako materiala sortzen zuela eta hondamendia erakarri egingo zuela zabaldu zen. Alfred Nobelek gero eta gehiago, bazterturik ikusten zuen bere burua.

Lantegia txikituta utzita, aintzira batera erretiratu zen. Ikertzen segitu zuen eta 1866an nitroglizerina arriskurik gabe manipulatzeko modua aurkitu zuen arte, bertan, bizi izan zen. Ikerketa horien emaitza dinamita da, oinarrizko osagaitzat nitroglizerina duen lehergaia. Alfredek nitroglizerinari %25 diatomita erantsi zion; nahasketaren ondorioz, erabiltzen erosoa zen hauts lehergarria lortu zuen; hautsak nitroglizerinaren ezaugarri guztiak gordetzen zituen, baina hari erregarria behar zuen lehertarazteko.

Besterik pentsa badaiteke ere, Nobelen aurkikuntzak ez zuen jendearen aurriritzia aldaraztea lortu. Aitzitik, lehergaiak fabrikatuz eta Bakuko petrolioa ustiatuz aberastea lortu zuen Nobelek. Aldi berean, ikertzen segitu zuen eta 1876an balistita izeneko lehergaia asmatu zuen.

Mundutik aparte eman zituen bere bizialdiaren azken urteak. Alfred Nobel izan ere, bakezaletzat zuen bere burua, baina berak aurkitutako lehergaiaren erabilpenak gizaldiaren etorkizunaz ezkor sentiarazten zuen. 1896an zendu zen Erroman eta 9.200.000 dolarreko ondasuna utzi zuen. Testamentuan zioenez, diru hori ikerketa eta gizatasuna suspertzeko erabiltzea nahi zuen. Azken gurari horri zor zaizkio beraz, Nobel Sariak. Hasieran sariok bost gaitan banatzen ziren: Fisika, Kimika, Fisiologia eta Medikuntza, Literatura eta Bakearena; 1968an Ekonomiakoa gehitu zuten. Zalantzarik gabe, zientzilari batek jaso dezakeen ohorerik handiena Nobel Saria jasotzea dela esan daiteke. Alabaina, ohorerik gabe zendu zen sariak sortu zituen kimikaria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia