Kasualitate batengatik, aurrekoan, auzoko ezagun batzuekin egon nintzen terraza batean eserita. Gai askotaz aritu ginen, momentu batean COVID19aren kontrako txertoen inguruan hitz egiten hasi ginen arte. “Zuk sinesten duzu txertoen eraginkortasunean?”, galdetu zidan. Une horretatik aurrera, elkarrizketak sekula esperoko ez nuen norabidea hartu zuen: txertoek eragindako hildakoak, grafenoa, autismoa, terapia genikoa...
Txertoen kontrako diskurtsoaren klixe guztiak atera ziren, eta onartu behar dut oso zaila egin zitzaidala pedagogia zientifikoa egitea. “Ikuspuntu ezberdinak ditugu”, esan zidan; “zuk zientifikoa, eta nik bestelakoa”, gehitu zuen. Eta hor dago koska, lagunak; hor dago koska.
Txertoen eraginkortasunaz hitz egiteko orduan, ikuspuntu zientifikoak izan beharko luke bakarra. Argi dago edonork ezin dituela datu zientifikoak aztertu eta ulertu, baina horretarako dago dibulgazio zientifikoa, hain zuzen ere. Edozein ikertzaileren betebeharra izan beharko lukeen jarduera. Eta bai, txertoen aldeko apologia egingo dut gaurkoan, apologia pedagogikoa, ikuspuntu zientifikotik, edozein herritarren iritzian ikuspuntu zientifiko hori txerta dadin.
Dozenaka adibide dauden arren, oraingoan emakumeoi eragiten digun gaixotasun bat prebenitzeko garatutako txerto bati buruz hitz egin nahi dizuet: giza papilomaren birusaren aukako txertoaz, hain zuzen ere. Estimazioen arabera, giza papilomaren birusaren bi anduien (VPH16 eta VPH18) infekzioek eragiten dituzte umetoki-lepoko minbizien % 70. Birus horren kontrako lehenengo txertoaren erabilera 2006. urtean onartu zen. Orduz geroztik, ebidentzia zientifiko askok baieztatu dute lanabes eraginkorra dela umetoki-lepoko minbiziaren garapena ekiditeko.
Eskozian, adibidez, bertako Osasun Publikoko Sailak Strathclyde eta Edinburgoko unibertsitateekin lankidetzan egindako ikerketa batek erakusten du ezen, Eskozian txertaketa-programa hasi zenetik, 2008an, ez dela umetoki-lepoko minbizi kasu bakar bat ere detektatu 12-13 urterekin txertatutako emakumeen artean.
Eskozian ez ezik, pobretutako herrialdeetan ere, txerto horren inplementazioak izugarrizko arrakasta izan du VPHaren infekzioaren prebentzioan. Ruandan, adibidez, 2011n, VPHaren kontrako txertaketaren kontzientziazio-kanpaina izugarri bati esker, itu-emakumeen % 90etik gora txertatzea lortu zuten. 2019an The Lancet Global Health aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerlan batean, Ruandako hiriburuan txertoa jaso zuten eta jaso ez zuten emakumeetan birusak zer prebalentzia zuen aztertu zen, eta ikusi zen txertoak % 98ko eraginkortasuna zuela umetoki-lepoko minbiziaren erantzule garrantzitsuenen kontra, hots, VPH16 eta VPH18 anduien kontra.
Ruandan txertaketa-estaldura altu hori mantenduko balitz, han umetoki-lepoko minbizia desagerrarazteko bidean egongo litzateke hurrengo hamarkadetan.
Ebidentzia zientifikoak hor daude. Ukaezinak dira. Horregatik, nik sinesten dut txertoen eraginkortasunean, eta zuk?
Izortze Santin Gomez,
Biologoa