}

Ni eskuindarra, eta zu?

2001/01/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Baita zu ere. Ezetz? Berria irakurri eta berriz erantzun galderari. Iritzia aldatu baietz!

Boston-eko Harvard Mediku Eskolako Julian P. Keenan-en taldeak epilepsia ikertzen du. Horretarako, "Wada" deritzon testaz baliatzen dira, hots, pazienteen garun-hemisferioak txandaka lokartzen dituzte probak egiteko. Proba horietako batean norberaren argazkia erakutsi zieten ikertzaileek pazienteei eta eskuineko hemisferioa anestesiatuta zutenek pertsonaia ezagunekin nahasi zituzten euren buruak. Gero, pertsonaia ezagunaren eta euren argazkia erakutsi zieten berriro eta aurreko proban zein argazki ikusi zuten galdetu zieten. Kasu guztietan, eskuineko hemisferioa lokartu zitzaienek pertsonaia famatuarena ikusi zutela erantzun zuten. Ezkerreko hemisferioa lokartuta zutenek, berriz, ez zuten euren burua ezagutzeko arazorik izan.

Aspaldiko susmoa

Neurologoek aspalditik susmatzen zuten nork bere burua ezagutzeko gaitasuna eskuineko hemisferioari lotuta dagoela. Izan ere, asomatopagnosia deritzon gaitz arraroa sufritzen dutenek ez dituzte euren gorputz-adarrak ezagutzen eta gaitzak eskuineko hemisferioko kalteekin zerikusia du.

Nork bere burua ezagutzeko gaitasuna bizidun gutxik dute: gizakiek eta primate handiek besterik ez. Zenbait tximinok ispiluko irudiak interpretatzen ikasten dute, baina ez dute euren burua ispiluan ezagutzen. Uste denez, eskuinaldeko hemisferioko zenbait zatik duela gutxi eboluzionatu zuen eta horregatik dute hain bizidun gutxik gaitasun hori. Umeek ere 18-24 hilabeterekin hasten dira euren burua ezagutzen, hain zuzen, kortex prefrontala heltzen hasten denean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia