}

Newton Alkimiaren erreinuan

1987/10/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Newton (zientzia modernoaren aitatzat joa izan dena) alkimiaren putzu zurrunbilotsuan murgilduta ibilia izatea, nekez onartu da zientzilari eta historialarien artean eta berrehun urte baino gehiagotan izkutuan mantendu nahi izan den "bekatua" da. Newton alkimiaren mundu ilun eta mistikoan sakonki lanean aritu izatea, nekez uler daiteke zientzilari razionalen ikuspegitik. Hala ere, eta onartu beharra dago, Newtonek lan gehiago egin zuen alkimiaz makanikaz edo matematikaz baino. Beste gauza bat izan da ordea zientziaren garapenean garrantzia zerk izan duen.

Newtonek alkimiarekin izan zituen erlazioak eta egin zituen lanak aztertu baino lehen, alkimia bera zer den azaldu behar dugu lehendabizi.

Alkimiaren mamia zein den eta bere barruan zer izkutatzen den azaltzea ez da gauza erraza; alkimia ez bait da bat bakarra. Jendartean hala ere, alkimia eta alkimistaren irudi estereotipatua badabil; metalak urre bihurtzearen atzetik dabilen gizarajoarena. Irudi honetan, estereotipo guztietan bezala, arrazoi pittin bat badago, baina urrun dabil alkimiaren esanahi sakonetik.

Transmutazioa alkimiaren helburuen artean zegoenik (dagoenik?) ezin da ukatu. Baina hori espektro zabalagoaren uhin-luzera bat besterik ez da. Gainera transmutazio hitza ez da bere zentzu hertsian ulertu behar. Transmutazioa alkimistentzat ez da urrea lortzeko bidea bakarrik; esangura aberats eta korapilotsuagoa bait dauka. Transmutazioaren baitan aldaketa kimikoak (materiaren egitura zein den jakin nahia), eritasunetik osasunerako prozesuak, zaharra gazte bihurtzearen esperientzia eta lurreko bizitzatik bizitza sobrenatural batera igarotzea ere sartzen dira. Azken finean, alkimia eta transmutazio hitz horretan bizia ulertzeko modu bat besterik ez dago; filosofia bat alegia.

Jung psikologo alemanaren eritziz (eta ez da oker ibiliko) alkimistak alkimiaren praktikaren bidez hartzen zuen integrazio psikikoa, mistikoek jaungoikoarekin izaten duten integrazioaren parekoa da. Literatura alkimistan ideia honen aldeko adibideak agertzen dira. B. Portu Aqitanus-ek (1525-1600) erlazio bat ezarri zuen sakramentu kristau eta prozesu alkimisten artean: olio sainduak eta ustelketa; ordenazioa eta distilazioa; damutzea eta kaltzinazioa; ezkontza eta koagulazioa; bataioa eta disoluzioa; sendotza eta sublimazioa; eta meza eta transmutazioa noski.

Guztia ez da mistika

Alkimiak duen osagai mistiko ahaztezin honetaz aparte, alkimiaren lanak badu beste alderdi praktikoago bat. Eta alderdi praktiko honek kimika zientziaren oinarriak ipini ditu hein handi batean. Alkimiaren eguneroko praktikak prozesu kimiko askoren lantzea eskatu zuen. Honela, alkimistek mendez mendez, prozesu kimiko, konposatu eta tresneria berria garatu dituzte eta aldi berean ezagumendu kimikoen altxorra (oso modu eta terminologia ilunean izkutaturik) aberastu egin dute.

XVII. mendearen inguruan alkimiak mistizismoaren zati handi bat galdu egin zuen munduan zebiltzan ideiekin topo egitean. Alkimiak materiaren azterketa soila izateko bidea hartu zuen.

Hala eta guztiz ere, alkimiak ez du bere izpiritualitate guztia galdu. Filosofo mekanizistarik hoberenetako batzuek transmutazioaren teorietan sinesten dute eta alkimiaren materiala ideia berrien arabera birmoldatzen dute.

Newtonek marraztutako labeak. 1,2,3 eta 4 haize-labeak dira, 5 erreberberozko labea eta 6 Acadiae labea.

Transmutazioaren ideia ahulduz doala ezin uka bestalde, baina mekanizismoaren eraginez baino gehiago ebidentzia negatiboen pilaketaren ondorioz izango da. Alkimiaren ahultzea bi urratsetan gertatu zen. Lehenengoan, alkimia gardendu eta kimikeztatu egin zen eguneroko praktikaren bidez. Urrats honetan, garai bateko formulazio ilun eta korapilotsuak modu razionalean emanak izan zitezen bideratu zen. Bigarren urratsean, XVIII. mendearen barna luzatu zenean, transmutazioaren bila formulazio horiek saiatu zirenean berorien eskuraezintasuna ikusi zen.

Lehenengo urratsa Newtonek alkimian aritu baino lehenago eman zen.

Azkenik eta bukatzeko, zera da azpimarragarria XVII. mendean: alkimiaren inguruko literatura ikaragarri hedatua egotea. Behin eta berriro alkimiazko testu zahar eta berriak argitaratu ziren eta betidanik zirkulatzen ari ziren eskuizkribuak zirkulatzen jarraitu ziren. Hortaz, alkimia lehenago iristen ez zen tokietaraino ailegatu zen. Honek, alkimiaren gardentze eta kimikeztapenean eraginik izan zuela ez da zalantzan jartzekoa.

Newton alkimiaren bideak jorratzen

Newtonek alkimiarako zaletasuna noiz hartu zuen ez dago zehatz-mehatz esaterik, nahiz eta transmutazioari buruzko lehen saioak 1668. urte inguruan datatuak egon. Hala ere, Cambridge-n ikasketak egiten ziharduenean kimika ikasia izatea oso posible da. Bestalde, Isaac Barrow bere irakasleak eta HenryMore-k alkimiarantz bultzatu zutela nahikoa garbi omen dago. Gainera aski ezaguna denez, 1650 hamarkadatik aurrera jende ugari ibili zen Trinity College delakoan kimika edo alkimiazko saio-lanetan.

Hortaz, Newton lantalde horiekin lanean aritzea ez litzateke harrigarria izango. Badago azken ideia honen aldeko oso adierazgarria den puntu bat. Newton Cambridgen ikasle zeneko garaian John Ray naturzaleak (Barrow-ren lagunmin zenak; socius studiorum alegia) laborategi bat zeukan Trinityn. Antza denez, bertan, Ray, Barrow eta beste batzuk alkimiazko lanetan aritu ziren. Beraz, Newtonek Ray-ren laborategian ziharduen taldearekin erlazio estuak (lankide zen seguru asko) zituela esateak, zilegi dirudi.

Bestalde, Newtonek Gratham-eko King's School delakoan ibili zenean kimikarekin (alkimiarekin azken finean, garai hartan desberdinduezinak zirelako) lehengo harremanak izatea ez litzateke harritzekoa, ostatua Mr. Clarck-en etxean izan zuela kontutan hartzen badugu. Mr. Clarck botikaria zen eta orduko botikariek beren botikak prestatu ahal izateko kimikazko ezagmenduak beharrezkoak zituzten.

Hala eta guztiz ere, lehenago aipatu dugun legez, 1668. urte ingurua arte ez zituen Newtonek bere lehenengo saioak egin, laborategi-oharrez fidatzen bagara bederen. Apuntatu gabeko batzuk lehenagotik eginak izatea posible da bestalde. Hasierako saio haiek Robert Boyle-k "Of formes and transmutation wrought in then" liburuan deskribatutakoen errepikapenak dira.

Newtonek bildutako ikur alkimistak.

Newton alkimian aritu zen lehenengo urte haietan, bi eragin nabari dira. Alde batetik, Boylerena eta bestetik Londres-eko Hartlib-en jarraitzaleek zirkularazten zituzten eskuizkribuena. Newtonek hartlibtarren eskuizkribuak kopiatu egiten zituen, bertan erabiltzen zen lengoaia arrotzaz jabetu asmoz.

1668.erako Newtonek ezagumendu kimiko sakonak zituela kontsidera daiteke. Eta orduan hasi zen bere alkimiazko lana.

Alkimiazko lanak


Beste esanahi batzuk izan baditzake ere, alkimiak materiak izaten dituen aldaketak aztertzen ditu. Newtonek asko irakurri zuen alkimiaz eta irakurgaien lengoaia barroko eta ekleptikoaren atzean Artearen prozesu orokor arruntak bilatu nahi zituen. Beraz, prozesu kimikoak ulertzen saiatu zen eta ez Artearen lengoaiak gordetzen zuen mistika. Gainera, alkimiazko testuen irakurketa laborategi-lanarekin batera egin zuen. Guzti hau Newtonen laborategi-oharretan argi eta garbi ikus daiteke.

Bere lehenengo laborategi-lanetan, metalen "merkurioa" erauzten saiatu zen. Une honetan, alkimiaren teorian murgildu behar dugu tarte batez "merkurio" horren esanahia ulertzeko. Zazpi metal ezagutzen ziren: urrea, zilarra, burdina, kobrea, eztainua, beruna eta merkurioa. Guztiak dentsoak eta distiratsuak ziren eta solidoak harikorrak ziren hein batean bederen. Sei solidoak urtzen zirenean, likidoa den merkurioaren ezaugarriak zituzten neurri batean. Horrexegatik, zazpiek oinarri merkurial bat zutela esaten zen. (Ez dira "merkurio" abstraktua eta merkurio metala nahastu behar). Metalen arteko desberdintasunak adierazteko beste oinarri bat sortu zen; "sufrea" alegia. Hau eta "merkurioa" proportzio desberdinetan nahasten ziren metalak eratzeko.

Alkimisten artean lan asko egin zen metalen "merkurioa" erauzteko eta Newton-ek horrekin eman zien bere alkimiazko lanei hasiera.

Newton beroa erabiliz hasi zen metalen "merkurioa" erauzi asmoz. Bi metodo aipatuko ditugu hemen kimika modernoaren ikuspegitik. Mena metaliko edo konposatu metalikoren bat agente erreduktore batekin berotzen zen eta horrela metal urtua ontziaren behekaldean agertzen zen. "Benetako merkurio korrikaria" esaten zitzaion. Metal urtua besterik ez zen noski. Hoztutakoan horrek nabaria izan behar zukeen, baina ez-purutasunek metalaren izaera mozorrotu zezaketen. Beste prozesuan metala merkurio-sublimato hegaskorrez (merkurio(II) kloruroa) tratatzen zen.

Bi substantziak elkarrekin berotzen zirenean, ordezkapen-erreakzio bat gertatzen zen eta jatorrizko metalaren kloruroa alde batetik eta "merkurioa" bestetik eratzen zen. "Merkurioa" merkurio arrunta besterik ez zen, baina jatorrizko metalaren "merkuriotzat" hartua izaten zen. Jatorrizko metalaren proportzioak estekiometria gainditzen bazuen, lortzen zena metalaren amalgama zen eta honek jatorrizko metalaren ezaugarri batzuk zituen. Horregatik alkimistarengan "merkurioa" jadetsi zuenaren ideia sakonki errotzen zen.

Antimonioaz lan asko egin zituen Newtonek metalen merkurioa aurkitu asmoz.

Hala ere, Newton lehenengo saiotan "merkurioa" erauzteko bide hezeaz baliatu zen. Aqua Fortis-etako (azido trioxonitriko(V)-etako) metalen disoluzioak erabili zituen. Azido trioxonitrikoak metala disolbatzen zuen eta merkurio(II) trioxonitrato(V)a lortzen zen.

Hg + 4HNO 3 Æ Hg (NO 3 ) 2 + 2H 2 O + 2NO 2

Ondoren beste metala eransten zion disoluzioari eta beruna, kobrea edo eztainua merkurioa baino erreduktoreago direnez, erreduzitu egiten zuten aldi berean disoluziora pasatuz. Horrela ontzian merkurio metalikoa berreskuratzen zen; "merkuriotzat" hartzen zena alegia. Hala ere, erreakzio-baldintzak guztiz egokiak ez baziren, merkurio(II)a ez zen osorik erreduzitzen eta Hg 2 O oxido zuria agertzen zen disoluzioan. Limus esaten zion Newtonek.

Metodo honek arazo kontzeptualak ditu. Berun eta eztainuarekin arazorik ez dago eta disoluzioak kolorge dira. Baina kobrea erabiltzean, disoluzioa urdindu egiten da kobrea disolbatzen den heinean. Zerbait gertatzen zenaz ohartuta edo, bide hezea "merkurioa" erauzteko ez zela egokia erabaki zuen Newtonek.

Metodo hau utzirik bide lehorrera itzuli zen berriro eta merkurio-sublimatoa erabili zuen metalak "irekitzeko" eta "merkurioa" lortzeko. Sublimatoa eta metala nahastu eta berotu egiten zituen, metalak merkurioa ordezkatzen zuen eta metalaren kloruroa eta merkurioa edo amalgama bat eratzen ziren. Newtonek eratutako merkurioa metalaren "merkurioarekin" identifikatzen zuela duda-mudarik ez dago, bere laborategi-oharrak aztertzen baditugu behinik behin.

Regulus antimonii

Antimonioarekin egindako lanek garrantzi berezia daukate Newtonen alkimiazko ihardueran. Garai hartan estibnita (Sb 2 S 3 ) mineralari esaten zitzaion antimonio. Metalari antimonioaren regulus-a esaten zitzaion. Agente erreduktoreak erabiliz estibnitatik antimonioa lortzea erraza da. Urrearen birfinketan antimonioak zuen garrantziaren ondorioz, XVII. mendeko alkimisten aburuz Artearen oso elementu ahalmentsua zen. "Regulus per se" delakoa, erreduktorea egur-ikatza zenean jadesten zen. Metalek ere erreduktore moduan joka dezakete.

Horrela Saturnoren (berunaren) regulusa, Jupiterren (eztainuaren) erregulusa, Martitzen (burdinaren) regulusa eta Artizarren (kobrearen) regulusa jadesten ziren. Regulus per se delakoa sinterizatzerakoan erreakzio-baldintza egokiak erabiltzen baziren, antimonio kristalinoa lortzen zen. Kasu askotan antimonioaren kristalek izarren itxura hartzen zuten eta orduan antimonio-izar esaten zitzaion (regulus antimonii stellatus).

Antimoniozko regulusaren izarrak garrantzi handia izan zuen Newtonen alkimian. Zergatik? Antimonio-izarrari begiratzen zaionean, besoak kanpo aldera irradiatzen ari direnaren irudia hartzen du. Alkimistek ordea, ez zuten horrelako interpretaziorik egiten. Beraientzat irradiazioa barne alderantz gertatzen zen; "erakarpen-kutsua" zeukan alegia. Barnerantz irradiatzen duten lerroek esangura berezia hartzen dute Newtonengan. Bere lanik famatuena grabitatearen erakarpen-legea da eta erakarpen-lerroak puntu zentral batean biltzen dira.

Isaac Barrow-k zuzendu zuen Newton alkimiarantz.

Bestalde Martitzen regulusean, burdinaren hazi sulfurikoa antimonioaren matrize merkurikoan ereina zegoela uste zuen Newtonek. Hermafrodita alkimikoa zen; oinarri ar eta emearen batura.

Hortaz, izarrak oso esangura berezia hartu zuen Newtonengan eta bere idaztietatik atera daitekeenez, harri filosofalarekin hertsiki erlazionatua egon zitekeenaren ustea zeukan.

"Sarea" izenekoaren inguruan lan handiak egin zituen Newtonek. Sarea, kobrezko regulusari esaten zion. Hau beste hermafrodita bat da; Martitzen hazi arra eta Artizarraren emetasuna konbinatzen ditu. Sarearen kontzeptua mito klasiko batean oinarritzen da: Vulcano-k, bere emazte Venus Martitzekin harrapatu zuen " in flagrante delito " ohearen inguruan jarritako sare baten bidez. D'Espagnet-en "Arcanum Hermeticae philosophiae opus" liburutik hartutako ideia batean oinarrituz sarearen bidez metalen "sufrea" –arrain koipetsuak– eta "merkurioa" –arrain zilarreztatuak– bereziko zituela uste zuen Newtonek. Sareak "sufrea" eutsiko luke eta "merkurioa" iragaziko.

Newtonek laborategian lan egiteko modua

Newtonen alkimiazko izkribuak aztertzen badira, hiru urrats ikusten dira berak zuen lan egiteko moduan. Lehendabizi, aztertu beharreko materialaren aukeraketa zetorren. Bigarrenez, materialaren analisi razional bat egiten zuen, materialaren esanahia ulertu asmoz. Urrats honetan, idazle desberdinak konparatzen zituen elkarren artean eta baita bere esperientzia propioarekin ere.

Azkenean hirugarren urrats moduan laborategi-lana zetorren. Testutan zetorrena praktikaren aurrean jartzen zuen.

Aipatu beharra dago bestalde, Newtonek oso jokabide ordenatua zeukala laborategian. Egiten zuen guztiaren oharrak hartzen zituen eta ohar horietan oso metodikoa zela argi eta garbi dakusakegu. Erreaktibo eta produktuak zehazki pisatzen zituen adibidez, egungo edozein kimikarik egingo lukeen legez.

Newtonen alkimiarekiko jarrera

Orain arte alkimiaz eta Newtonek zientziaren adar honetan egindako lanez mintzatu gara. Artearekiko Newtonen jarrera aldiz, alde batera utzi dugu. Ez dago zalantzan ipintzerik alkimia Newtonentzat urrea bilatzea ez zela. Egia eta soilik Egia zen alkimian berak bilatzen zuena.

Newton filosofia mekanizistan hazitako laguna izanik ere, ez zegoen berarekin erabat ados. Filosofia mekanizistaren materiarekiko hurbilketak gorputza eta izpiritua banantzen zituen, naturaren prozesuetatik izpiritua baztertzen zen eta prozesu horiek higitzen ari ziren partikulen bidez esplikatzen ziren. Alkimiak aitzitik, izpiritua sartzen du naturan. Natura makina ordez bizia da eta gauza guztiak ar eta emearen kopulazioz sortzen dira. Badago beste puntu bat gainera: filosofia mekanizistak materia inertea behar duela esaten den bitartean, alkimiak printzipio aktiboen existentzia behar du fenomeno naturalen lehenengo agente bezala. Erakarpen-indarren arazoa dago hemen.

Eta garbi esan beharra dago, Newtonen "Principia"n bereziki eta bere zientzia orokorrean oinarrizko kontzeptua izanik, gorputzen arteko erakarpenaren ideiak oinarri bat baino gehiago dituela eta horietako bat, nagusiena agian, tradizio hermetikoa dela.

Newtonen zientzian garrantzia duen beste kontzeptu batek ere (beroaren bidezko heldutasunarenak alegia) oinarri alkimistak ditu. Dakusagun adibide bat:

Harri filosofalaren diagrama bat.

"Eguzkitik, izar finkoetatik, kometen isatsetik datozen lurrinak bildu egingo dira eta grabitatearen eraginez planeten eguratsera eroriko dira; eta bertan ur eta izpiritu bihurtuko dira, eta hortik aurrera, bero bigun baten bidez gradualki gatz, sufre, tindura, lohi, buztin, harea, harri, koral eta lurreko beste substantzia bilakatzen dira."

Newtonek materiaren egituraz zituen ideiek ere alkimiaren kutsua dute. Bere ustetan gorputzak partikula-multzoak dira; sare leunez lotuta daudenak ( particulas retiformes dio berak). Ideia honen atzean Martitz eta Venusen besarkada ikus daiteke; oinarri ar eta emearen batura. Gainera partikulen artean grabitazio-indarren antzeko indarren beharra postulatzen du.

Ondorio gisa

Newtonek alkimiaz egindako lana oso luzea eta sakona da. Beretzat lanik garrantzitsuena alkimia zen eta berari lotu zitzaion su eta gar. Bestalde, lan hauek ez zuten izan bere beste lan batzuek adinako eragina. Baina Newton berari lepora dakioke errua, zeren eta alkimiaz nahiz eta luze idatzi (1.000.000 hitz, pixka bat goitik behetik) artikulu zientifikorik ez bait zuen idatzi. Alkimiaren ezagumendua publiko zabaleren eskutan uzterik ez zegoela uste zuen. Bere alkimiazko lanak argitaratu izan balira, zein ondorio izango zuketen zientzian? Zientzi fikzio modukoa da galdera horri erantzuna ematea, baina Newtonek zuen itzala gogoan izanik...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia