}

New Horizons misioa, Pluton gertutik

2015/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uztailean iritsi zen New Horizons zunda Plutonen ondora, eta ordura arte puntu lauso bat baino ez zena gertutik ikusi ahal izan genuen. Lehen irudiekin batera iritsi ziren sorpresak ere; planeta nanoa ez zen izoztutako eta kraterrez betetako arroka bat. Argi gelditu zen mundu bitxi baten aurrean geundela.
new-horizons-misioa-pluton-gertutik
Arg. NASA/JHUAPL/SWRI

Bederatzi urte eta erdiko eta 5 mila milioi kilometro inguruko bidea egin ondoren, uztailaren 14an pasa zen Plutondik gertuen New Horizons, NASAren zunda. “Mariner, Pioneer, Voyager eta halako misio planetarioen urratsei jarraituz, New Horizonsek arrakasta izan du Plutonen” adierazi zuen hurrengo egunean misioaren buru Alan Sternek, dena ondo joan zela baieztatu orduko.

Uztailaren 11n, Plutondik 4 milioi kilometrora ateratako irudi honetan zunda hurbilen egon zen egunetan ikusiko ez zuen aldea ikus liteke. Puntu ilunen banda bat ikusten da, eta gainaldean forma zirkular eta hexagonal bat. Zientzialariek ez dakite zer izan daitezkeen. Plutonek 6,38 egun behar dituenez bere buruari bira bat emateko, gertuen egon zen 3 egunetan, beste aldea bakarrik behatu ahal izan zuen zundak. Dena den, ibilbidea pentsatuta zegoen urruntzen ari zela beste aukera bat izateko alde hori aztertzeko, Karonek islatutako argiaz baliatuz. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI.

“Txundigarria iruditzen zait”, dio Jesus Arregi astronomoak eta EHUko Planeta Zientzien Taldeko kideak. “2006an abiatu zenean, eta urtebete ingurura Jupiterren ondotik pasa zenean eta, adi egon ginen. Gero erdi-ahaztu ere egiten zara, baina iritsi denean, eta ikusitakoak ikusita, konturatzen zara zer den ia hamar urteko bidaia egitea, halako abiadura handian, eta horrelako distantziara komunikatzea; eta, hamar urte pasa ondoren, tresneria guztiak ongi funtzionatzea; eta, Pluton, hain urrun dagoena, eta hain gutxi ezagutzen genuena, ia bertatik bertara ikustea. Niri benetan harrigarria eta miresgarria iruditzen zait”.

New Horizons Plutonera gerturatu ahala hasi ziren harritzen astronomoak. Lehen irudiek erakutsi zuten planeta nanoaren gainazala konplexua zela: alde batzuk argiak ziren, besteak ilunak. Esaterako, bihotz-itxurako eskualde argi erraldoi bat zegoen, eta bale-itxurako eremu oso ilun bat (bihotzari Tombaugh Eskualdea deitu diote, eta baleari Cthulhu Eskualdea). “Ikusi da gainazal nahasi samarra duela —azaldu du Arregik—, baditu zati batzuk oso zaharrak direnak, eta bertan krater oso zaharrak daude; eta, aldi berean, beste gainazal batzuk dira oso gazteak”.

Plutonera gerturatu ahala ikusi zen gainazal konplexua zuela. Bihotz-itxurako eremu argiari Tombaugh Eskualdea deitu diote; eta hasieran “balea” deitu zioten eremu ilunari, berriz, Cthulhu Eskualdea. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI.

Mendiak ere badira, 3.500 metrokoak. Ur-izotzez osatuak egon litezkeela uste dute. Izan ere, Plutonen gainazalean metano- eta nitrogeno-izotz asko dagoen arren, horiek ez dira mendiak osatzeko bezain gogorrak. Ur-izotza, berriz, Plutongo tenperaturan, harriaren modukoa da. Mendiek ehun milioi urte baino gehiago ez dituztela kalkulatu dute. “Eguzki-sisteman inoiz ikusi dugun azalik gazteenetako bat da” zioen Jeff Moore New Horizons misioko Geologia, Geofisika eta Irudi Taldeko kideak.

Plutonen gainazalak ezaugarri horiek izateak esan nahi du geologia-jardueraren bat baduela. “Horretarako barruak bero-samarra izan behar du —dio Arregik—, eta bero-iturri hori ez dakigu zein den. Gorputz txikia denez, ezin da izan grabitatearen eragina. Agian, erradioaktibitatea izan daiteke iturria, ez dago garbi”. Nolanahi dela ere, hain gorputz txikia izanik, bitxia da. “Ilargia baino txikiagoa da, eta Ilargian ez dago ez jarduera geologikorik ez beste ezer. Plutonen, berriz, bada zerbait. Harrigarria da”.

Karonek polo ilun bat du. Erdialdean labarrak eta sakonuneak ikus daitezke. Eta behealdeko eta eskuinaldeko ertzean krater batzuk eta arroila erraldoi bat, Arizonako Arroila Handia baino luzeagoa eta sakonagoa. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI.
New Horizonsek Nix (goian) eta Hidra (behean) ilargi txikien irudi bana ere bidali ditu. Estix eta Zerberorenak aurrerago bidaliko ditu. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI.

Eta badirudi Plutonen ilargi handienak ere, Karonek, baduela jarduera geologikoa. Ikertzaileak harrituta gelditu dira oso krater gutxi daudelako, eta daudenek oso gazteak diruditelako. Eta arroila erraldoi pare bat ere badira; handiena Arizonako Arroila Handia baino luzeagoa eta sakonagoa da. “Kontu harrigarriak dira horiek, gorputz txikiak direlako, eta gehienbat elementu arinez osatuak. Baina, behar bada, aurreiritziak ere bagenituen. Imajinatzen genuen izoztutako zerbait, dena hotza, dena geldoa, eta aldaketa handirik gabe. Baina naturak askotan harritu egiten gaitu”.  

Konposaketari dagokionez, berriz, ez da sorpresa handirik izan. “Oraingoz ez da kontu berezirik ikusi, espero zitekeena aurkitu da. Baina aipagarria da atmosfera, uste zena baino handiagoa delako”, adierazi du Arregik.

Tombaugh eskualdean izotza mugitu egiten dela antzeman dute astronomoek. Nitrogenozko glaziarrak izan daitezkeela uste dute. Nitrogeno-izotzaz gain, eskualde honetan karbono monoxidozko eta metanozko izotza ere ugariak direla detektatu du New Horizonsen LEISA espektrometroak. “Bihotzaren” ezkerreko lobuluko eremuari Sputnik Lautada deitu diote. Tombaugh eskualdearen hegoaldean, berriz, Norgay eta Hillary mendiak daude. Altuenek 3.500 metro inguru dituzte, eta ur-izotzez osatuak daudela uste dute. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI/Herobrine.
Plutondik gertuen, bi milioi kilometrora, pasa eta zazpi ordura atera zuen irudi hau New Horizonsek. Plutonen atmosferako partikulek islatzen duten eguzki-argia ikusten da. Astronomoek bazekiten Plutonek atmosfera bazuela, baina irudi honi esker ikusi egin ahal izan dute. Eta argitu dute uste baino askoz handiagoa dela: 160 kilometro inguru ditu, espero baino bost aldiz gehiago; eta geruzatan egituratua dagoela ere ikusi dute. Arg: NASA/JHUAPL/SWRI.

Plutondik gertu egon zen orduetan informazio asko hartu zuen New Horizonsek. Eta hori guztia Lurrera iristeko 16 hilabete inguru beharko dira. “Gero azterketa-fasea etorriko da, eta hori ere urte batzuk luzatuko da”, azaldu du Arregik. “Dena den, gauza harrigarri edo bitxirik bada, laster jakingo dugu”.

“Ikuspuntu teknologikotik, misioaren garrantzia izugarria da”, Arregiren ustez. Baina, horrez gain, azpimarratu du garrantzitsua dela “gure eguzki-sistema ezagutzen lagunduko duen guztia. Eta metafisikarekin erlazionatua dagoen hori ere ezagutzea, gure jatorria. Gauza hauek ikusteak ikuspegi orokor bat ematen du, eta horrek gizakiaren mentalitatea ere alda dezake. Bide berriak irekitzeak beti egiten du, nire ustez, gizartearen mentalitatea irekiagoa egitea”. Bestalde, “horren arrakastatsua izatea, haraino ongi iristea, eta halako irudiak bidaltzea, eta abar. Horrek seguru asko indarra emango dio zientziaren esparru horri. Eta hori ere garrantzitsua da”.

Aurrera begira, oraindik zehaztu gabe daude helburuak, baina asmoa da Kuiperren gerrikoko beste gorputzen bat aztertzea. “Hori ere oso interesgarria izango da —dio Arregik—, horrek ere seguru asko aldatuko baitu gorputz horiez gaur egun dugun irudia”.

Planeta nano bat eta bost ilargi
Kuiperren gerrikoko objekturen bat gertutik behatzen den lehenengo aldia da hau. Eta, bat bakarrik ez, sei objektu behatzeko aukera izan du New Horizons zundak: Pluton eta haren bost ilargiak, Karon, Estix, Nix, Zerbero eta Hidra.
Abiatu zenean, ustez, eguzki-sistemako azken planetarantz abiatu zen, baina hori urte hartan bertan aldatu zen. Izan ere, erabaki zen Pluton ez zela planeta bat, planeta nano bat baizik. Eta ez zen bidean gertatuko zen aldaketa bakarra izango. Nix eta Hidra ilargiak aurkitu berriak ziren (2005) New Horizons atera zenean, baina beste biak ez ziren ezagutzen. Hubble teleskopioak 2011n detektatu zuen Zerbero, eta 2012an Estix. Sorpresa handia izan zen. Uste baino sistema konplexuagoa zen.
Pluton planeta nanoak eta haren ilargi handienak, Karonek, sistema bitar bat osatzen dute. Elkarrekin biratzen dute, bien artean dagoen grabitate-zentro berarekiko, eta beti elkarri alde bera erakutsiz. Eta haien inguruan dabiltza, nahiko modu kaotikoan, beste lau ilargi txikiak; denak, Karon baino askoz txikiagoak.
1930ean Clyde Tombaughek aurkitu zuenetik, txikituz joan da Plutonen ustezko diametroa. Orain, berriz, azken kalkuluek ziotena baino 70 km handiagoa dela zehaztu du New Horizonsek: 2.370 km. Karonek 1.208 km-ko diametroa duela ere baieztatu du.
Bestalde, Hidraren eta Nixen irudi bana ere bidali ditu New Horizonsek. Hidrak oso forma irregularra du, eta 55 x 40 km-ko neurria. Nixek, berriz 42 x 36 km ditu, eta tonu arrosakara.
Bederatzi urte eta erdiko bidea
2006ko urtarrilaren 19an jaurti zuten New Horizons, Cabo Cañaveraletik (Florida), inoiz lortutako ihes-abiadura handienarekin: 16 km/s (58.536 km/h). 2007an Jupiterren ondotik pasa zen, eta haren grabitate-indarraren laguntzaz 4 km/s handitu zuen abiadura. Hala, hasierako abiaduran joanda baino hiru urte gutxiago behar izan ditu New Horizons-ek Plutonera iristeko. Energia aurrezteko, 2007an bertan lozorroan sartu zen, 2014ra arte.
Arg. PD-USGov-NASA
2015eko uztailaren 14ean, 13:49tan iritsi zen zunda Plutondik gertuen, 12.500 kilometrora. Gero, 14:04ean Karondik gertu pasa zen, nahiz eta Pluton baino askoz urrunago gelditu zen, 29.000 kilometrora. Jarraian Plutonen eta Karonen itzaletik pasatzeko diseinatu zuten ibilbidea. Izan ere, modu horretan haien atmosferak aztertu ahal izango zituen. Bitarte horretan misioko kideek ez zuten zundaren berririk izan. Gaueko 2:53tan deitu zuen etxera, dena ondo joan zela esateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia