Neutrinoen masa neurtu nahian
2000/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Genevako CERN laborategietan neutrinoen masa neurtzeko proiektua onartu dute. 2005. urteko maiatzaz gero CERNeko partikula-azeleragailuak neutrino-fluxua bidaliko du Italiako Gran Sasso mendietako tunelera; han baitago fisika-laborategia instalaturik.
Neutrinoak oinarrizko partikulak dira eta ia ez dute elkarrekintzarik materiarekin. Urtero CERN eta Gran Sasso bitartean lurpetik 730 kilometroko bidean ibiliko diren milioika eta milioika neutrinotatik bi mila eta bostehun besterik ez ditu harrapatuko Italiako laborategiko detektagailu erraldoiak. Fisikariek orain arte neutrinoek masarik ez dutela pentsatu izan dute, baina Japonian oraindik orain egindako saiakuntza batean ikusi denez, hedatzen ari direnean neutrino-mota bat izatetik beste bat izatera pasatzen dira. Hori ordea, masa izanda baino ez da posible.
Gran Sasso-n edo Japonia zein Estatu Batuetako antzeko saiakuntzetan distantziaren arabera zenbat neutrino transformatzen diren jakin ahal izango da. Oso masa txikia izanda ere, neutrinoak eginkizun garrantzitsua izango lukete Unibertsoan, neutrinoak baitira inola ere bertan ugarienak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia