Neutrinoak detektatu nahian
1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neutrinoa masa eta karga elektrikorik gabeko partikula azpiatomikoa da. Unibertsoan bi izarrek talka egiten dutenean, zulo beltzak desagertzen direnean eta beste zenbait fenomeno bortitz gertatzen denean sortzen dira. Dena den, partikula hauek detektatzea oso zaila da, nahiz eta segundoko gure planetako zentimetro karratu bakoitza ehun bilioi neutrinok zeharkatu. Neutrino-fluxua ikaragarria izan arren, materiarekin oso neutrino gutxik egiten du talka, baina talka egindakoan muoia (beste partikula bat) sortzen da eta honek argi-arrastoa uzten du.
Fenomeno hori ikusteko lekurik onena ozeanoaren hondoa edo Antartikako bankisa dira. 1993. urteaz gero Hawaii inguruan 5.000 metroko sakoneran detektore-sarea hedatu dute. Guztira 216 izango dira, eta perla-iduneko bitxi hauen bitartez, muoia sortzen denean neutrinoa zein norabidetan etorri den eta Unibertsoko zein puntutatik heldu den jakin daiteke.
Antzeko antolaketa dago Antartikako bankisaren azpian 2.000 metroko sakoneran. 1991. urtean Amanda izeneko detektorearekin hasiera eman zitzaion beste hogei detektore ere badituen sareari. Antartikako sarean frogatu ahal izan denez, bankisako izotza oso garbia da eta ozeanoan ez dago neurketak nahasten dituzten organismo biolumineszenterik; ezta isotopo erradioaktiborik ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia