Neutrino handia
1991/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela ia hirurogei urte Wolfgang Pauli fisikari famatuak inolako froga esperimentaletan aurkitu gabeko partikula atomiko bazela iradoki zuen. Horren arrazoia beta erradiazioa energiaren kontserbazio-printzipioaren arabera esplikatzea zen.
Irradiazio-mota horretan ateratzen den energia, ordurarte tresna egokiak ez zeudelako detektatu ezin zen partikularen bidez esplika zitekeen. Partikulak ez zuen ez masarik eta ez karga elektrikorik eta argiaren abiadura konstante mantentzen zuen. 1934.ean, Enrico Fermik neutrino izenez bataiatu zuen partikula.
Arrazonamendu matematikoen ondorioz, neutrinoa partikula azpiatomikoetan sarkorrena dela jakin da, baina Lurraren diametroa adinako distantzian hamar mila milioitik batek bakarrik erreakzionatuko luke neutroiren edo protoiren batekin.
1956. urtean detektatu ziren esperimentalki lehen aldiz neutrinoak, erreaktore nuklear bateko antineutrino-sorta batek protoiak kendu ondoren neutroiak eta positroiak (elektroi positiboak) sortu zituenean.
Ondoren neutrinoa buruhausteak ematen hasi zen. Batetik, masarik gabea zela ez zegoen seguru esaterik eta bestetik oso ezaugarri desberdineko bi edo hiru mota zeuden ( e izenekoa elektroiari esleitzen zaio eta mu izenekoa muoiari). Neutrinoa asmatu eta hirurogei urte geroago, Hime eta Jalley-k (sufre 35aren beta desintegrazioa aztertzen ari zirela) neutrino edo neutrino-mota ezezagun baten masa fisika teorikoaren zati handi bat berraztertzeko adinakoa zela aurkitu zuten.
Hime eta Jalleyk ez dute neutrino astuna kaptatzerik lortu, baina energiaren kontserbazio-printzipioan oinarrituz eta sufre 35 atomoak desintegrazioan askatzen duen energia kalkulatuz, elektroiaren energia kendu ondoren 17 keV-eko masa duela atera dute. Ez da masa handia, noski, elektroiaren 511 keV-ekin konparatzen bada, baina pentsatzen zena baino askoz handiagoa bai.
Gerta liteke Hime eta Jalley oker egotea, eta horregatik, beren lanak egiaztatu aurretik ondoriorik ez ateratzea da zuhurrena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia