Neurona bat eta unitate asko?
1990/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neurona al da nerbio-sistemaren unitate funtzionala ala neuronaren zatiek unitate independenteen gisa eragin dezakete? Neurobiologoak bigarren posibilitatea aztertzen 30 urtez aritu dira, batez ere mikroelektrodoen bidez zerebeloko Purkinje neuronen erregistroak zuhaitz dendritikoaren leku jakinetan aldaketa nabarmenen seinaleak jasotzen zituelako.
Gaur egun neurobiologo adituek kaltzioz koloreztatutako adierazlearen bidez aldaketa horien distribuzio espaziala zein den ere aurkitu dute. Aurkikuntza garrantzitsua da, zeren horrek neuronaren zatien aktibazio independentea zuzenean neur daitekeela adierazten bait du.
Irudian akuriaren zerebeloko Purkinje zelula baten bereizmen altuko erregistroa ikus dezakegu. Bertan 3 zona dendritiko bereiz daitezke: behean ezkerretara kaltzioa igotzean bi seinale bereiz daitezke; ezkerretan goian eta eskuinean behean bigarren seinalea soilik detektatzen da eta beste hainbat zonatan ez da seinalerik detektatzen.
Oso zezula konplexuetan adituek sei zona desberdin bereizteko gai izan dira.
Nahiz eta zuhaitz dendritikoan zona independenteen funtzionamendua zuzenean neurtzea neurobiologoentzat erakargarria izan, portaerak neuronen interakzioz nola eratzen diren ulertu nahi dutenentzat aipatu zonak arazo bihurtuko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia