Neumann, John von
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1903-1957)
Matematikari hungaro-estatubatuar hau 1903an sortu zen Budapest-en. Lehenengo Mundu Gerraren ostean utzi zuen Hungaria, 1919an Suitzara iritsi zelarik. Berton burutu zituen goi-mailako ikasketak eta Zurich-eko Eskola Teknikoan injinerutza teknikoan lizentziatu zen. Europako hainbat unibertsitatetan osatu zituen bere ikasketak: 1926-1929 bitartean Berlinen, 1930ean Hamburg-en eta urte berean Gottingengo Unibertsitatean, non Oppenheimer-ekin ikasi baitzuen.
1930.ean EEBBetan finkatu zen. Princenton-go Unibertsitatean fisika eta matematikako irakaslea izan zen eta bertan burutu zituen bere lanik interesgarrienak, Unibertsitatearekiko eta bere lankideekiko lotura estua izan baitzuen beti.
Matematikaz eta mekanika kuantikoaz arduratu zen lehenbizi. Schrödinger-ek definitu zuen mekanika ondulatorioa eta Heisenberg-en mekanika matriziala matematikoki baliokideak direla esan zuen 1944an. Urte berean jokoen teoriari buruzko The Theory of Games and Economic Behavior izeneko lana plazaratu zuen Oskar Morgenster ekonomilariarekin batera, teoria horren azterketari 1928an ekin bazion ere. Neumannek zioenez, jokoaren arauak makina bat prozesu aztertzeko edota aurrikusteko erabil daitezke, hala nola, joko sinpleen garapena ulertzeko, egitura ekonomikoak diseinatzeko edo gerra-egoeran arerioen jokabidea aurrez ezagutu ahal izateko.
Neumannek matematika bera joko bat besterik ez zela uste zuen. Jolaserako erabiltzen zituen matematikako irakaspenak. Horiek guztiak bideratu ahal izateko, informazioa tratatzeko makina automatikoaren egitura teorikoa landu zuen. Neumannen eredu teorikoan oinarrituz, eragiketa matematikoak oso azkar egiten zituzten konputagailu erraldoiak sortzen ahalegindu zen. Konputagailuez baliatzeak besteak beste, hidrogenozko bonba ekoiztea erraztu zuen.
1955ean Energi Atomikoko Batzordeko kide hautatu zuten eta urte bete geroago Fermi Saria eman zioten, bere karreran zehar egindako lana omenduz.
Osta-osta heldu zen omenaldi horretara. 1957an zendu baitzen John von Neumann Washington-en.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia