}

Neptuno eta Urano ez dira iman sinpleak

2004/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iparrorratzarekin ezin da Ipar Polora iritsi Lurrean, polo magnetikoa eta polo geografikoa ez daudelako toki berean.

Dena dela, bata bestetik hurbil daude. Horixe bera gertatzen da eremu magnetikoa duten planeta gehienetan, baina Urano eta Neptuno salbuespenak dira.

NASA

Uranon eta Neptunon polo magnetikoak ekuatoreetatik gertu daude. Astronomoentzat oso ezaugarri bitxia da, eremu magnetikoa planetaren barruan biratzen ari den metal likidoak sortzen duelako kasu gehienetan. Biratze horrek zerikusi handia du planetaren errotazioarekin. Ondorioz, planeta osoak iman handi baten antzera jokatzen du. Uranoren eta Neptunoren eremu magnetikoak, ordea, ez ditu metal likidoak sortzen, baizik eta ioiez osatutako geruza likido mehe batek.

Geruza horren mugimendua eta planetaren errotazioa oso ezberdinak dira. Ondorioz, planetek, dipoloek bezala jokatu ordez, koadrupoloek bezala jokatzen dute. Beraz, Urano eta Neptuno ez dira iman sinpleak. Magnetismoaren ikuspuntutik, horregatik dira bereziak Urano eta Neptuno.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia