Nekazaritzako biodibertsitatea gero eta murritzagoa da
1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nekazaritzak elikadurarako landare-biodibertsitatea murriztu egiten du, ONUko FAOren (Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen) arabera. Munduan elikatzeko 30.000 landare-espezie lantzen dira eta horietako bakoitzak barietate genetiko desberdin asko izaten du (Oryza sativa arroz-espezieak, adibidez, 100.000 barietate ditu). Milioika barietate landu izan da, beraz, baina FAOk dioenez hauetako ehundaka barietate dagoenekoz galdua da eta beste milioi bat ere galduko da babesteko neurririk hartzen ez bada.
Landutako espezieak emankorragoak eta birusen kontrako erresistentzia hobeagokoak izan daitezen manipulazio genetikoak eragiten dira, baina aldi berean interesgarri ez diren milaka barietate zokoratu egiten dira. 1991. urtean Amerikako Zientzi Akademiak zioenez, batezbeste espezie bereko bederatzi barietate baino gehiago ez da erabiltzen gure soroetan.
Greenpace erakundea ere “poluzio genetikoaren” beldur da, landare transgenikoek basatiei gene arrotza transmititzeko aukera dagoelako. Merkatura landare “hobetuak” sartuta leku desberdinetan lantzen diren barietateak desagertu egingo lirateke. Genetikoki aldatutako landarearen erresistentzia saihestuko lukeen birusa agertuko balitz, hondamen ekologiko eta ekonomikoa gertatuko litzateke.
Hondamen hori gerta ez dadin, munduan zehar “hazi-bankuak” sortu dira. Gaur egun sei milioi espezie gordetzen dira banku horietan -20 ¾C-raino izoztuta. Izoztu ondoren ugalkortasunari eusteko hamar urtetik behin epeldu eta erein egiten dira. Sistema hori luzea eta garestia da ordea. Horregatik beste sistema bat “biobabeseko baserriak” sortzea litzateke. Betiko barietateak landuko lirateke, nahiz eta genetikoki aldatutako landareek baino errendimendu txikiagoa izan.
FAOko finantza-sailak kontserbazio-programarako batetik hiru mila milioi dolarrerainoko aurrekontua erabili beharko dela kalkulatu du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia